BILBOKO UDALAK URTERO DEITZEN DITUEN MIGUEL DE UNAMUNO SAIAKERA LEHIAKETAKO ETA BLAS DE OTERO POESIA LEHIAKETAKO SARIEN BANAKETA EKITALDIA

Ramón Pérez Parejok “Gremios” poema liburuarekin eta Mikel Etxaburu Osak “Hirian zainetan” lanarekin, irabazi dizuzte sari nagusiak Blas de Otero Poesia Lehiaketaren VIII. edizioan

Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketaren XVI. edizioko sariak Encarna Alonso Valerok, gaztelaniazko kategorian eta, Joseba Gabilondok, euskarakoan, irabazi dituzte.

Bilboko Udalak urtero deitzen duen Blas de Otero Poesia Lehiaketaren VIII. edizioak eta Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketaren XVI. edizioak irabazleak dituzte jada. Sarien banaketa ekitaldia gaur eguerdian izan da Udaletxeko Areto Arabiarrean, Juan Mari Aburto alkatearen, epaimahai bakoitzeko kide batzuen eta saritutakoen presentziarekin.

Poesia sariari dagokionez, gaztelaniazko modalitateko irabazlea Ramón Pérez Parejo idazlea izan da, “Gremios” poesia liburuarekin, eta Mikel Etxaburu Osak lortu du euskarazko sari nagusia “Hirian zainetan” lanarekin. Blas de Otero Poesia Lehiaketaren azken edizio honetara 449 poesia-liburu aurkeztu ziren –10 euskaraz– horietako asko Ertamerikatik eta Hegoamerikatik bidalitakoak. Horrek argi eta garbi erakusten du erabat finkatuta dagoen lehiaketaren nazioarteko izaera. Saritutako bakoitzak 5.500 euroko esku-diru saria jasoko du.

Gaztelaniazko saiakera kategoriari dagokionez, Encarna Alonso Valero izan da irabazlea, “Mujeres en vanguardia. Escritoras y artistas en la España de preguerra” izeneko azterlanarekin. Euskarazko kategorian, sari nagusia Estatu Batuetan bizi den Joseba Gabilondo idazleak jaso du, “Globalizazioak eta erdi aro berria: diferentzien itzuleraz” lanari esker. Bakoitzak 6.000 euroko esku-diru saria jasoko du. Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketako azken edizio honetan 76 lan aurkeztu dira, 69 gaztelaniaz eta 7 euskaraz.

Gaztelaniazko kategorian saritutako Encarna Alonso irakaslearen saiakerari dagokionez, epaimahaiak, testu arina, oso ondo idatzia eta erabateko gaurkotasuna duena dela azpimarratu du. Izan ere, bibliografiak asko landu duen Espainiako literaturaren edo/eta pentsamenduaren garai bati buruzkoa den arren, “Mujeres en vanguardia. Escritoras y artistas en la España de preguerra” lanean azpimarragarria da tratamenduaren originaltasuna, izan ere, garai hura emakumeen ikuspuntutik lantzean, omisio nabarmenak eta baztertze interesatuak agerian geratzen dira, baina, batez ere, garai hartako intelektual espainiarren “maskulinotasuna edo patriarkalismoa”.

Encarna Alonso Valero Granadako Unibertsitateko Espainiar Literatura saileko irakaslea da. Gaur egun, “La configuración del patrón poético español tras la Guerra Civil: relaciones literarias, culturales y sociales” izeneko I+G proiektuko ikerlari nagusia da. Hiru liburu eta hainbat artikulu idatzi ditu nazio eta nazioarte mailako aldizkarietan. Bere ikerketa lana XX. mendeko poesia espainiarrean eta genero azterlanetan zentratzen da.

Joseba Gabilondoren saiakerari dagokionez, Globalizazioaren inguruan hainbat atzera itzulera eginez, aro biktoriarra, neobarrokoa eta erdi aroa gogorazten ditu eta, azkenik, barbaroen garaiko bizipenak irudikatzen, subjektuaz eta honen geroaz hausnartuz. Epaimahaiak azpimarratu du egileak, lan akademikoak eskatzen duen zorroztasuna bere gogoetekin uztartuz, modu egituratuan eta barne-lotura sendoarekin lantzen duela iragarritako gaia. Erudizio zabala erakusten du diziplina desberdinetako ezagutzak erabiltzean. Baita jakintza-alorrok gobernatzen asmatu ere, elkarrekin harremanetan jartzerakoan. Abstrakzio-maila handiko ideiak modu eskuragarrian ematea lortzen duela, adierazi du epaimahaiak.

Joseba Gabilondo –Euskadi Saiakera Saria 2014– Michiganeko Unibertsitateko (EEBB) Espainiera eta Portuges saileko irakaslea da, eta bertan bizi da duela bi hamarkada baino gehiago. Euskal Filologian Lizentziatu eta Literatura Konparatuan doktore, literatur jarduera emankorra izan du, zazpi liburu eta hainbat artikulu espezializatu argitaratu ditu.

POESIA SARIAK
Gainera, Bilboko Udalak Blas de Otero Poesia Lehiaketako sariak banatu ditu gaur. Gaztelaniazko saria lortu duen Ramón Pérez Parejoren “Gremios” poesia liburuari dagokionez, epaimahaiak planteamendu bitxia, baina edukiari dagokionean sakona, azpimarratu du, bertan, estilo zainduarekin eta ondo neurtutako bertsoarekin, poesiaren subjektua hainbat ahotsetan agertuz/islatuz, zenbait lanbide irudikatzeko. Gure munduari buruzko gogoeta egiteko gonbidapena ere bada, ikasitako tradizio poetikoan oinarrituta.

Ramón Pérez Parejo (Badajoz, 1967) Hispaniar Filologian doktore da Extremadurako Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika sailean. Bere ikerketaren ildoak Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika, Haur eta Gazte Literatura, Zinea eta Hezkuntza, Literaturaren Teoria eta Espainiera Bigarren Hizkuntza gisa dira. Filologo moduan aditua da XX. mendeko bigarren erdialdeko espainiar poesian, Extremadurako poesian eta emakumeek idatzitako poesia latinoamerikar garaikidean.

Euskarazko sari nagusia lortu duen Mikel Etxaburu Osaren “Hirian zainetan” poesia liburuari dagokionez, epaimahaiak, bertsoek niaren eta hiriko paisaiaren artean dagoen lotura erakusten duten modu berezia azpimarratu du, emozioz betetako ibilbidea egiten duen ahots poetikoarekin. Bilbon bizi den ondarrutar hori Euskal Filologian doktore da, “Zu zara orain txoria” eta “Hodeiak zapatetan” poesia liburuak argitaratu ditu eta duela sei urtetik irakasle da Mondragon Unibertsitatean.

Blas de Otero Poesia Lehiaketa eta Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketa urtero deitzen ditu Bilboko Udaleko Kultura Sailak. Lehiaketa horien helburua literatura jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea da, bi egile bilbotar horien memoria eta lana bizirik iraunarazteaz gain.