Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako zinemaldiaren barruko “FANT laburrean” sekzioan, Epaimahaiak eta Ikus-entzuleek Film Labur Hoberenari ematen dioten Saria, 3.000 eurokoa, eta Epaimahaiak Euskal Film Labur Hoberenari ematen dion Saria, 2.000 eurokoa, azpimarratu behar dira.
Beste urte batez, Sekzio Ofizialeko generoko Film Luze Hoberenari ematen zaion saria ere banatuko da. Horrez gain, iazko arrakasta ikusita, 2.250 €-ko saria izango duen CANAL + Trailer Faltsuen Lehiaketaren II. ediziorako deialdia ere egin da.
Ikusteko kopiak aurkezteko azken eguna MARTXOAREN 15a izango da. INFORMAZIOA ETA OINARRI OSOAK www.fantbilbao.net helbidean.
Maiatzaren 8tik 15era bitarteko astean, Bilbo zine fantastikoaren hiriburu bilakatuko da berriro ere, FANT-en XXI. edizioa ospatuko baita. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, lehiaketan parte hartuko duten filmak aurkezteko epea zabaldu du. Aurtengo edizioan, epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak izan diren film laburrei ematen zaizkien 3.000 euroko bi sariekin eta epaimahaiaren iritziz Euskal Herriko film labur hoberenari ematen zaion 2.000 euroko sariarekin jarraituko da.
Film laburren alorreko hiru sari horiek ezin daitezke banatu barik geratu, eta Kultura eta Hezkuntza Sailak zinegile gazteen lanari laguntzeko hasi duen lana indartzea dute helburu, izan ere, hori baita Zinemaldi Fantastikoaren nortasun ikurretako bat.
Aipatutako sari horiez gain, FANT-en hurrengo edizioak, diru-saririk ez duten baina erreferentziazkoak diren sariekin jarraituko du: sekzio ofizialeko genero fantastikoko Film Luze Hoberenaren Saria, filmaren egileari emango zaiona, eta FANTROBIA Saria, azken urteetan, zine fantastikoaren barruan, gorantz doan balio gisa azaldu den pertsonari emango zaiona.
Horrez gain, beste urte batez, Sekzio Ofizialeko film luzeei ematen zaizkien sari hauekin ere jarraituko da: Gidoi hoberenaren Saria, Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteak ematen duena, eta zuzendaritza berritzaileenari ematen zaiona, FAS Zine Klubaren eskutik.
Bigarren urtez jarraian, aurreko edizioan lortutako arrakasta ikusita, Trailer Faltsuen lehiaketa deitu da, CANAL +-ekin elkarlanean. Bertan, epaimahaiak erabakiko du 1.500 euro jasoko dituen lehen saria, eta ikus-entzuleak izango dira 750 euroko bigarren saria erabakiko dutenak. Kasu honetan, existitzen ez den film baten trailerra edo teaserra egin beharko da. Beti ere, beharrezkoa izango da 2015eko maiatzaren 15ean errodatzen hasi gabeko film bati buruzkoa izatea. Lehiaketa honetan parte hartzeko bidaliko diren lan guztiek trailer formatua izan beharko dute. Proposamen bakoitzak gehienez ere 3 minutu izango ditu, kredituak barne. Ezaugarri teknikoei dagokienez, proposamen horiek hau bete beharko dute: itxura 16:9, irudiaren kalitatea (1920×1080) eta formatua: H264.
Kasu guztietan, ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna MARTXOAREN 15a izango da. Materialak lehiaketara aurkezteko prozedura eta beharrezkoa den gainerako informazio guztia, zinemaldiaren webgunean dauden oinarri osoetan kontsulta daitezke: www.fantbilbao.net