EUSKAL 10 FILM LABUR LEHIATUKO DIRA FANT LABURREAN SEKZIOAN, BIHAR, CAMPOS ANTZOKIAN, BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAREN – FANT 25EN INAUGURAZIO EKITALDIAREN ONDOREN

FANT LABURREAN sekzioaren barruan eskainiko diren filmek, 3.000 euro jasoko dituen Film Labur onenaren saria lortu ahal izango dute. Horrez gain, Epaimahaiak beste bi sari emango ditu: Nazioarteko Film Labur Hoberena eta Euskal Film Labur Hoberena, 3.000 eta 2.000 €-rekin, hurrenez hurren.

Bilboko Udalak antolatzen duen Zinemaldi Fantastikoren – FANTen 25. edizioa arratsaldeko 20:00etan inauguratuko da Campos Antzokian, gaur egungo lan deigarrienetakoa den “Ártico” filma eskainiz, Bilbon filma aurkezten egongo den Joe Penna zinegileak egindakoa.

 

Aurten ere film laburrak presentzia azpimarragarria izango du Bilboko Zinemaldi Fantastikoan – FANT 25ean, FANT Laburrean sekzioko bi saiorekin –bihar eta larunbatean–. Horiei, Panorama Laburrean sekzioa gehitu behar zaie. Ohikoa denez, biharko, OSTIRALEKO, saioa, euskal zigilua duten film laburrei egongo da zuzenduta, 23:00etatik aurrera, inaugurazio ekitaldiaren amaieran, eta lehiaketarako FANT LABURREAN sekzioaren barruan, Campos Antzokian eskainiko diren 10 lan.

Bi ordu baino zertxobait gehiago iraungo duen lehiaketako euskal film laburren erakusketa, zinemaldiaren edizio hau modu ofizialean irekiko duen filmaren amaieran hasiko da. Inaugurazio filma, Mads Mikkelsen antzezle daniarra protagonista duen MysteryGuitarMan ezizenez ezagutzen den eta Estatu Batuetan bizi den Joe Penna zinegile brasildarraren “Ártico” izango da. Horrez gain, inaugurazio jardunaldiak Fred Dekker zine zuzendariaren presentzia ere izango du. Beste lan batzuen artean “El terror llama a su puerta” edo “Una pandilla alucinante” egin dituen zinegileak zinemaldiaren ohorezko saria jasoko du, generoaren barruan izandako ibilbide osoa eta, kasu honetan bereziki, 80ko hamarkadako terror teen izenekoari egindako ekarpena, aintzatesten dituen FANTastikoaren Izarra, hain zuzen ere.

EUSKAL FANT LABURRA gaur goizean aurkeztu da Bilbon, Justo Ezenarro FANT 25eko Zuzendariaren eta lehiaketara aurkeztuko diren euskal film guztien arduradunen presentziarekin. 10 lanak jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango dira, euskarazko edo/eta gaztelaniazko azpi-tituluekin, Campos Antzokian, inaugurazio ekitaldiaren eta filmaren ondoren. Aukeratu diren film laburrak hauek dira:

– “Basoan”, Aitzol Saratxaga (eus.)
– “La noche”, Martín Romero
– “El fin de todas las cosas”, Norma Vila
– “Soy una tumba”, Khris Cembe
– “Amargo era el postre”, Diego Kataryniuk
– “Por comparación”, Toni Abad
– “Mirokutana”, Ander Iriarte (eus.)
– “¿Quieres que hoy te bese?”, Miriam Ortega eta Iker Arce
– “Jesus is (b)lack”, Nitya López
– “Espedizio Handia”, Iban del Campo (eus.)

FANT Laburrean ataleko gainerako film labur gehienak Europatik eta Estatuko gainerako lekuetatik etorritako lanak dira, horien artean Eduardo Casanovaren “Lo siento mi amor” lan berria eta Frankie De Leonardisen “Flotando”. Nazioarteko film laburrak maiatzaren 4an eskainiko dira, 20:00etako saioan, Azkuna Zentroko Auditorioan.

Euskal eta Nazioarteko atalak jasotzen dituen FANT LABURREAN sekzioan parte hartzen duten film guztiek, bakoitzak 3.000 euro banatuko dituen bi sari lortzeko lehiatuko dira, Sekzio Ofizialaren barruan, zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz onenak diren bi film laburrentzat. Zinegile berrien lana bultzatu nahi duten –hori da Zinemaldiaren xede nagusietakoa– film laburren alorreko bi sari horiei, beste sari bat gehituko zaie, 1.500 €-koa Panorama Fantastikoa Laburrean saileko Film Labur Hoberenari emango zaiona, eta baita aurreko urteetan ere banatu den eta Euskal Film Labur Hoberenari emango zaion 2.000 euroko saria ere. Horrez gain, Euskal Aktoreen Batasunak emandako sari berria ere banatuko da, Euskal FANT Laburrean Sekzioko Antzezpen onena aintzatesteko.

Sekzio Ofizialeko Film Luze eta Film Labur Onena eta Euskal Film Labur Onena aukeratzeko azken erabakia izango duen epaimahaia hauek osatuko dute: Gary Sherman zuzendari, gidoilari eta ekoizle estatubatuarrak; Rocío Moreno Fancineren – Malagako Zinemaldi Fantastikoaren Zuzendariak; eta Diana Peñalver antzezleak.

ERANSKINA

AMARGO ERA EL POSTRE
2018 / 19 min / FIK
Zuzendaria: Diego H. Katarniuk Di Costanzo.

Marc Eilts, adiskideak afaltzera gonbidatu dituen noble frantsesa da. Lehenengo afaria, emaztea hil zitzaionetik. Dena oso lasai doa, postre berezi eta joko makabro batek Frantziako noblezia guztia hankaz gora jartzen duten arte.

BASOAN
2018 / 8 min / FIK
Zuzendaria: Aitzol Saratxaga. (Euskal Film Labur Onenaren Saria FANT 24n, “Ziren” lanarengatik eta FANT 25eko spot-aren zuzendaria)

Gizon bat baso baten erdian esnatzen da. Ez du gogoratzen ez nor den ezta non dagoen ere. Ahots arraro bat da zer ari den gertatzen ulertzeko borrokan laguntzen dion elementu bakarra.

ESPEDIZIO HANDIA
2018 / 10 min / FIK
Zuzendaria: Iban Del Campo

Gizakiak, berez dena baino gehiago izan nahi du, izar hautsa baino zerbait gehiago.

EL FIN DE TODAS LAS COSAS
2019 / 15 min / FIK
Zuzendaria: Norma Vila

Gurasoak hil eta gero, Victoria urruneko senide baten aginduetara geratu da, neskatoaren gaixo itxura eta jarrera erratikoa sendatzeko onena lurrun sendaketa eta elizara joatea izango direla uste duen emakume zorrotza. Baina Victoriak ez du hobera egiten, eta Emakumeak haginetako min handia du. Eta Victoria lorategiko estalpera zenbat eta sarriago joan, orduan eta haginetako min handiagoa du Emakumeak.

JESUS IS B(L)ACK
2018 / 13 min / FIK
Zuzendaria: Nitya López Saitua
Urteetako harremanaren ondoren, Miguelek eta Irenek bikoteen arteko faktore kaltegarrienetako bati egin behar diote aurre: distantzia. Egun batean telefono bidezko sexua probatzea erabakiko dute. Horren ondorioz, Miguelek aluzinazio bitxiak izango ditu eiakulatzean.

MIROKUTANA
2019 / 12 min / FIK
Zuzendaria: Ander Iriarte.

Aitorrek herrian igaroko duen azken eguna da, eta Olanek bere adiskide onena agurtu nahi du. Barrabasadak egiteko eta Mirokutana inbokatzeko azken aukera.

LA NOCHE
2018 /11 min / ANI
Zuzendaria: Martín Romero

Otso-gizon eta Ilargi-emakume batek elkar topo egingo dute udako gau bero batean aintzira handi baten inguruan. Elkarren artean pasioa sortuko da, eta berehala maitasun harreman paregabea hasiko dute, baina ezusteko gertakari baten ondorioz, ezer ez da berriro berdina izango.

POR COMPARACIÓN
2019 / 5 min / FIK
Zuzendaria: Toni Garzón.

Goiz batean esnatzean, eta bere harridurarako, herrialde ezezagun eta aberats bateko erregea ez dela zoriontsu jabetzen da. Atoan, arazo hori konpontzeko eskuan dituen baliabide guztiak jarriko ditu martxan.

¿QUIERES QUE HOY TE BESE?
2018 / 25 min / FIK
Zuzendariak: Miriam Ortega eta Iker Arce

Nerea, bere lehenengo muxua eman duen 12 urteko neskatoa da. Hala ere, bizitza ez da berak uste duen kolorekoa.

SOY UNA TUMBA
2018 / 12 min / ANI
Zuzendaria: Khris Cembe

Ohikoa denez, ume batek ezkutatuta begiratzen dio aitari kontrabandoko tabakoa deskargatzen gau erdian. Baina gau honetakoa ez da tabakoa.