“ENCLAVES DE UNAMUNO” DOKUMENTALAREN PROIEKZIOAK EMANGO DIO AMAIERA OSTIRAL HONETAN EGILE BILBOTARRAREN JAIOTZAREN 150. URTEURRENA DELA ETA EGITEN ARI DEN PROGRAMAZIO BEREZIARI

Saioa arratsaldeko 19:30etan hasiko da –sarrera librea– eta bertan parte hartuko dutenen artean Juan Carlos Sánchez (Contracorriente Producciones), José Antonio Ereño, Jean-Claude eta Colette Rabaté irakasleak, Marcial Morera eta pentsalariaren bilobetako bat, Pablo de Unamuno, egongo dira.

1.500 pertsona baino gehiagok hartu dute parte urte osoan Bidebarrieta Kulturgunean antolatu diren hitzaldietan eta ekintzetan, eta 1.000 baino gehiago izan dira joan den irailean Euskal Museoan inauguratutako “Miguel de Unamuno eta argazkigintza” erakusketa bisitatu dutenak.

 

Urte honetan zehar, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jarduera egitarau zabala jarri du martxan 1864ko irailaren 29an Miguel de Unamuno Bilbon jaio zeneko 150. urteurrena ospatzeko. Programazio bereziari OSTIRAL honetan, abenduaren 19an, emango zaio amaiera, Bidebarrietako Liburutegian “Enclaves de Unamuno” dokumentala eskainiz.

Enclaves de Unamuno” lanak, egile bilbotarraren azken urteak jaso zituen Salamancako hainbat lekutatik ibilbidea egitea proposatzen du. Proiekzioa amaitzean solasaldia zabalduko da, eta bertan, hainbat adituk, Unamunok, arrazoi bat edo beste dela eta, bizi behar izan zuen hiriekin izandako harremana azalduko dute. Horrela, José Antonio Ereño Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Unamunorengan adituak, saiakeragileak bere jaioterrian eman zituen lehenengo urteak azalduko ditu. Bertan egin zituen haurtzaro osoa eta gaztaroaren hasiera, 16 urte egin arte, eta beti izan zuen hiri hori bizirik bere oroimenean.

Marcial Morera Tenerifeko Santa Kruzeko La Laguna Unibertsitateko Filologia Hispaniarreko doktoreak, Fuerteventurako erbestean bizi izan zituen urteak aztertuko ditu; Jean-Claude eta Colette Rabaték Parisen eta Hendaian bizi izandakoaren berri emango dute, etaPablo de Unamuno idazlearen bilobetako batek, bere bizitzaren parte nagusia bizi izan zen eta hiltzen ikusi zuen hiriarekin, Salamancarekin, izan zuen harremanari buruzko datuak emango ditu.

Unamunori eskainitako omenaldi ekitaldiak urtarrilean hasi ziren, Miguel de Unamuno XV. saiakera sariaren deialdiarekin. Ondoren, pentsalariaren lanaren hainbat alderdiri buruzko hitzaldiak egin dira, hilero: bidaiatzeko zuen zaletasuna, poesia, tokiko politikan izan zuen partaidetza, bere garaiko beste pentsalari batzuekin izan zuen harremana, Ortega y Gassetekin, adibidez, “Niebla” eleberria argitaratu zeneko mendeurrena, besteak beste. Jarduera horietan guztietan goi mailako adituek hartu dute parte.

Bilbotarrek interes handiarekin jaso dute ekimen hori. 1.500 pertsonak hartu dute parte hitzaldietan eta ekintzetan, eta 1.000 baino gehiago izan dira joan den irailean Euskal Museoan inauguratu zen “Miguel de Unamuno eta argazkigintza” erakusketa bisitatu dutenak. Horrez gain, azpimarratzekoa da Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ia 500 ikaslek hartu dutela parte urteurrena ospatzeko antolatu diren bisita gidatuetan.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena helburu nagusi dituen kulturari eskainitako gunea da.