HILEKO DOKUMENTALA ZIKLOAREN BARRUAN “MASTER OF THE UNIVERSE” AURKEZTUKO DU OSTEGUN HONETAN ZINEBIK, BANKARI INDARTSU BATEK KRISIRA HELDU GAREN MODUARI BURUZ EMATEN DUEN IKUSPUNTUA

Marc Bauderrek zuzendutako dokumentalak European Film Awards sarietarako izendapena lortu du duela denbora gutxi. Horrez gain, Europa osoko Nazioarteko hainbat Jaialditan egon da.

Saioa Multicine aretoan (Jose Maria Escuza, 13) izango da, 20:00etan, gaztelaniaz azpi-titulatutako jatorrizko bertsioan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

HILEKO DOKUMENTALA’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIK, urte osoan bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Marc Bauderrek zuzendu duen eta duela denbora gutxi European Film Awards sarietarako izendatua izan den “Master of the Universe” (Alemania – Austria 2013, 88 min.) filma eskainiko du BIHAR, abenduaren 18an. Saioa Multicine aretoan izango da, 20:00etan (3,70 euro).

Master of the Universe” Rainer Vossen historia da. Ekonomian lizentziatu hori inbertsioen bankaren sektorean hasi zen lanean 18 urte baino ez zituela. Trader gisa lanean emandako lehen egunean, ingeniari zen bere aitak, bere bizitza osoan aurreztu zuena baino gehiago irabazi zuen. Dokumentalak orain arte ikusi gabeko ikuspuntua ematen du: Frankfurteko inbertsio banku bateko langile ohi indartsu batena. Bertan, izenik eman barik eta daturik zehaztu barik, finantza krisira zelan heldu ginen kontatzen du.

Baina, horrez gain, protagonistak, filmak irauten duen ordubete baino gehiagotan, banka finantzaren lehen lerroan lan egiteak esan nahi duena kontatzen du, erakundearen aldeko leialtasun eta sakrifizio bizimodua, batzuetan, 48 orduz jarraian lan egin behar izateraino. Bere emozioei, motibazioei eta aurreikuspenei buruzko ikuspegi beldurgarria ematen du eta, aldi berean, diru-sarrera sinestezinez eta neurririk gabeko presioz betetako unibertso paraleloa erakusten du.

Dokumentalak hainbat aintzatespen jaso ditu, beste batzuen artean 2014ko DocsBarcelonak emandakoa, Locarnoko Jaialdiko (Suitza, 2013) Kritikaren Astearena, German Film Awards jaialdian edo Herbehereetako IDFAn 2013an dokumental hoberena izateko izendapena. Marc Bauder zuzendariak (Alemania, 1974) bere ekoiztetxea sortu zuen 1999an, Bauderfilm izenekoa, eta bertatik, beste lan batzuen artean, “The System”, “After Revolution”, “The Top Manager”, “The Communist” eta “Grow or go” lanak ekoiztu eta zuzendu ditu

ZINEBIk Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek (Jose Maria Escuza, 13), zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.