BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK – FANT 23K, GEOFF REDKNAP KANADARRAREN “THE UNSEEN” LANA ESKAINIKO DU GAUR ARRATSALDEAN, SEKZIO OFIZIALAREN BARRUAN

Gaur arratsaldeko 18:00etan Golem – Alhóndiga zine aretoetako 1. aretoan eskainiko den filma, zuzendariak aurkeztu du gaur Bilbon komunikabideen aurrean.

Etorkizun bikaina aurreikusten zaion Geoff Redknap zinegile kanadarrak bere lehenengo film luzea aurkeztu du gaur goizean Bilbon, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen Sekzio Ofizialean lehiatuko den “The Unseen” (Kanada, 2016). Filma GAUR ARRATSALDEAN eskainiko da, 18:00etatik aurrera, Golem – Alhóndiga zine aretoetan, zuzendariaren presentziarekin.

“The Unseen” lanak kontatzen digun istorioan, urte batzuk lehenago familia era misteriotsuan utzi eta iparraldeko hiri txiki batean isolatu zen gizona itzuli egingo da, arazoz beteta dagoen alabarekin duen harremana berreskuratzeko azken aukeraz baliatzeko. Alaba desagertzen denean, dena utziko du bera aurkitzeko, baita ikusezin bilakatzen ari dela agerian utzi beharra ere.

Zine zalea bizitza osoan, Geoff Redknapek Expediente X telebista serierako munstroak eginez hasi zuen bere ibilbide profesionala. Azken zortzi urteetan Geoff idazketan eta zuzendaritzan zentratu da, eta ezaguna da Hollywooden ekoizpen lan handien efektu berezien sailean lan egiteagatik, Star Trek, DeadPool edo La cabaña en el bosque lanetan, besteak beste.

Hainbat film labur arrakastatsu egin ondoren, “The Auburn Hills Breakdown” (2008) idatzi eta zuzendu zuen. Film labur formatuan egindako beldurrezko komedia hori mundu osoan ikusi ahal izan da, eta hainbat zinemalditan lortu ditu sariak. Ondoren, “Last Christmas” (2011) egin zuen, antzezpenarengatik, gidoiarengatik eta zuzendaritzarengatik hainbat sari eta izendapen lortu dituen asmo handiko film laburra. Zinegileak Telefilm Canada erakundearen garapenerako funtsak jaso ditu “The Auburn Hills Breakdown” eta “Hangfire” lanen bertsio luzeetarako.

Biharko, maiatzaren 10erako FANTeko programazioaren barruan, Sekzio Ofizialean lehiatuko diren azken hiru filmen emanaldia jasotzen da. Gabriel Griecoren “Hipersomnia” (Argentina, 2017) lanaren estatuko premierea, Taneli Mustonenen “Lake Bodom” (Finlandia, Estonia 2016) eta Jeremy Gillespieren eta Steven Kostanskiren asko itxarondako “The Void” (Kanada, 2016) filmak izango dira. Horrez gain, Panorama sekzioaren barruan, bihar, asteazkenean, arratsaldeko 19:50etik aurrera, doako sarrerako 2. aretoan, Martín Roseteren “Money” eskainiko da.

THE UNSEEN
Kanada / 2016 / 104 min.
Zuzendaria: Geoff Redknap.
Gidoia: Geoff Redknap.
Ekoizpena: Geoff Redknap, Katie Weekley.
Musika: Harlow MacFarlane.
Muntaketa: Hayden MacDonald.
Antzezleak: Aden Young, Camille Sullivan, Julia Sarah Stone, Ben Cotton, Max Chadburn, Alison Araya, Maxwell Haynes.

TRAILERRA “THE UNSEEN”: https://www.youtube.com/watch?v=R9UYzcYtVSg
FANT23ri buruzko informazio guztia: www.fantbilbao.eus