BILBOKO UDALEKO KULTURA ETA HEZKUNTZA SAILAK, BILBAOESZENAREN – BILBOKO BALIABIDE ESZENIKOEN ZENTROAREN, BITARTEZ, ESZENAKO SORKUNTZA BULTZATZEKO “ARTISTAK EGOITZAN” PROGRAMAREN ZAZPIGARREN EDIZIOA DEITU DU

Deialdira aurkeztu nahi diren Euskal Herriko konpainiek 2015eko martxoaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak, eta BilbaoEszenak 3.000 euro arteko diru-laguntza eta laguntza artistikoa eta teknikoa jasoko duten lau egitasmoak aukeratuko ditu. Egoitzetako bat, euskaraz aurrera eraman beharreko egitasmo hoberenerako erreserbatuko da.

 “Artistak egoitzan” Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren programa berritzailea da, eta bere helburua hiriko arte eszenikoen alorrean ikerketa eta berrikuntza bultzatzea da, euren sorkuntza proiektua garatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak zein instalazioak, baliabide teknikoak eta laguntza artistikoa artisten edo ikerlarien esku jarriz.

INFORMAZIOA ETA OINARRI OSOAK HELBIDE HONETAN:

www.badbilbao.com

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, BilbaoEszenaren Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren, bitartez, “Artistak Egoitzan” programaren 2015eko deialdia ireki du. Programa hori, duela sei urte, gure Hiribilduan arte eszenikoen alorrean ikerketa eta berrikuntza sustatzeko eta bultzatzeko xedez martxan jarritako ekimen berritzailea da. Deialdira aurkeztu nahi diren konpainiek edo artistek 2015eko martxoaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dituzte euren sorkuntza proposamenak.

BilbaoEszenak lau arte proiektu aukeratuko ditu. Horien helburu nagusiak proposamen eszenikoak sortzea, ikertzea eta zabaltzea izango da. Egoitzetako bat euskarazko proiektu onenarentzat izango da eta besteak Euskal Herriko konpainia eta artisten proiektuentzat edozein hizkuntzatan.

Sorkuntza eszenikoari laguntzeko programak 41 proiektu (9 euskaraz) jaso zituen 2014an, arte eszeniko garaikideko diziplina guztietatik. Balorazio batzordeak Horman Poster eta Ruemaniak & Sra.Polaroiska kolektiboek egindako proposamenen, Maia Villoten performancearen eta Igor Urcelay koreografoaren proiektuaren aldeko iritzia eman zuen. Azken horrek The Place, Dantzagunea eta L´Animal a l´esquena taldeen laguntza ere izan du. Lanak BAD-en, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren, azken edizioan aurkeztu ziren.

“Artistak Egoitzan” programaren helburu nagusia artistei eta artista taldeei laguntzea da, arlo eszenikoetan sorkuntza edo ikerketa prozesuak garatzeko baliabideak eskainiz (ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak edo laguntzakoak, etab.) eta batik bat, eszena berriekin zerikusia duten, interes zehatz bat sortu eta izaera anitza duten arloetan, ardatz nagusia antzerkia eta dantza izanik, diziplina tradizionalagoekin, kaleko antzerkiarekin edo zirkuarekin, adibidez, erlazionatutako proiektuak baztertu barik.

Programa honetan, Bilboko Udalak, BilbaoEszenaren bidez, helburu bi lortu nahi ditu: batetik, arte eszenikoen esparruko arte sorkuntza sustatzea, eta, bestetik, garapen eta ikerketa-prozesuak bultzatzea, batez ere, dramaturgia berriak ardatz nagusia izanik. Halaber, hirugarren helburua ere aipatu behar da, sorkuntzako talentua aurkitzera eta erakartzera bideratua, ekoizpen garapen prozesurako sarrera erraztuz.

EUSKAL ARTISTAK

18 urtetik gorako Euskal Herriko artistek, bakarka edo taldean aurkez ditzakete deialdi honetarako proiektuak, arte eszeniko garaikidearen sorkuntza edo ikerketako lan prozesuetan BilbaoEszenarekin parte hartu nahi badute.

Egoitza bakoitzak gehienez 25 eguneko iraupena izango du eta epealdi horretan modu trinkoan egingo da, aurkeztutako eta hautatutako proiektu artistikoan oinarrituta. Egoitzak BilbaoEszenaren lokaletan eta gure hiriko beste eszena gune batzuetan egingo dira, batez ere uztailean, abuztuan, irailean eta urrian. Proiektu bakoitzerako diru-kopurua 3.000 eurokoa izango da. Horrez gain, aukeratutako pertsonek, euren sorkuntza prozesuak ikus-entzuleen edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikideko Jaialdian, BAD-en, edo Udalak bultzatutako beste edozein ekimen eszenikotan.

Laguntzak lortzeko, egoitza-proiektuaren proposamena egitean deialdiari atxikitako eskaera-orri ofiziala behar bezala bete beharko da. Eskaera-orri hori www.badbilbao.com web orritik deskarga daiteke, eta ez da posta arruntez jasotako proposamenik onartuko.

INFORMAZIO GEHIAGO:

 BILBAOESZENA

Juan Gardeazabal kalea, 3 – lonja

48004 Bilbo

T: 94 433 49 95

Mail: [email protected].net