2015EKO KULTURA PROGRAMAZIOA JASOTZEN DUEN ETA “KULTURA EGUNERO” IZENBURUA DARAMAN URTEKO AGENDAREN 15.000 ALE BANATUKO DITU ASTE HONETAN KULTURA ETA HEZKUNTZA SAILAK

Argitalpenei, musikari, zine eta antzerki jaialdiei, arte sorkuntza eta adierazpen tailerrei, folkloreari, literatur topaketei, eta liburutegietako eta udalaren esku dauden BilbaoEszena, BilbaoMusika, BilbaoArte edo AlhondigaBilbao bezalako beste kulturgune batzuetako zerbitzuei buruzko informazioa jasotzen du.

Bilboko Udalak, kulturaren sektore guztiak bilduko dituen eta biztanle guztiengana eta hiriko barruti guztietara helduko den kultur eta aisia eskaintza zabalarekin eta kalitatezkoarekin jarraitzeko apustua finkatu du.

Kultura eta Hezkuntza Saila, 2015eko kultur programazioari buruzko oinarrizko informazioa, Udaleko sail, sozietate eta erakunde guztiei dagokiena barne, jasotzen duen gidaliburu berria banatzen hasi da aste honetan. Gidaliburuak, ehun kultur eta aisia jarduera baino gehiagoren artean, antzerki, zine eta musika jaialdiak, literatur lehiaketak eta jardunaldiak, arte jarduerak, ondarea ezagutarazteko eta sustatzeko jarduerak, ikastaroak edo gure hiriko biztanle eta bisitari guztien esku egongo diren udal kultur baliabide guztien zerrenda jasotzen ditu, besteak beste.

“Kultura Egunero” izenburupean, agendak, mota guztietako kultur eta aisia jarduerak bildu, eta bertako biztanle eta bisitari guztiak horietan parte hartzera gonbidatzen ditu. Izan ere, ez baitago Bilboko Udalak nolabaiteko jarduerarik programatuta ez duen urteko egunik, abangoardiakoetatik ikuskizun tradizionaletara. Informazio sei bloke handitan antolatuta agertzen da: Bilbo, sorkuntza egunero; Bilbo, Abangoardia eta Tradizioa elkartzen dituen egutegia; Bilbo, hitzordua Jaialdiekin; Bilbo, 365 egun Ezagutzarako; Bilbo, Aisia kulturala egutegian; eta Bilbo, Kultura auzorik auzo.

Lehenengoak, “Sorkuntza egunero”, bat egiten du Bilborekin, sorkuntzara eta kulturaren alor guztien ekoizpenera zabalik dagoen hiri gisa. Helburua, hirian kalitatezko kultur industria bultzatzea eta sustatzea da. Hiriko kaleak eta hirian zehar banatutako guneak egokiak dira mota guztietako arte hizkuntzak ikasteko, esperimentatzeko eta erakusteko. Horrez gain, umeengana eta gazteengana hurbiltzea ere bilatzen du, batez ere eurentzat, eta euren gozamenerako pentsatutako ikuskizunen bitartez.

Horrela, atal horretan jasotzen diren jardueren artean, “Amphytrion” (arte sorkuntza proiektua) eta “BideOtik” (bideo-sorkuntzako urteroko zikloa) bezalako programa garrantzitsuak daude, biak ere Bilboko alondegian; horrez gain, Bilbao Bizkaia Film Commission, BilbaoEszena (Baliabide Eszenikoen Zentroa), Bilbao-Musika, BilboRock edo BilbaoArte Fundazioa bezalako kultur erakundeen jarduera eta eskaintza; eta literatur lehiaketak, kultur tailerrak, umeentzako antzerki jarduerak, ikastetxeetan eskainiko diren dantza tradizional ikastaroak, Gabonak Arte, etab. ditugu.

“Bilbo, Abangoardia eta Tradizioa elkartzen dituen egutegia” atalak bi proposamen horiek uztartzen ditu, nazioarteko kulturan Bilbo erreferente bilakatu duen sinbiosian. Emaitza kultur proposamenen sorta aberatsa da, hala nola dantza eta antzerki moderno emanaldiak eta tradizionalagoak diren beste adierazpide batzuk, bertsolaritza eta bilbainadak, adibidez.

Jarduera horiek, jada finkatuta dauden programetan sartzen dira, Dantza Plazetan eta Dantzak Eskoletara; bere XXVII. edizioan, apiriletik ekainera konposizio lan berrietarako deialdia zabalduko duen Bilbainada lehiaketa; maiatzean egingo diren XXXI. Udaberriko Bertso Saioak; irailaren amaieran helduko zaigun eta urriaren hasierara arte luzatuko den IX. BLV-Art; Bilbao Antzerki Dantza (BAD), Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia; edo hiriko ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programa. Duela denbora gutxiago martxan jarritako proposamenen artean, Aste Santuan, apirilaren 2tik 6ra, Bilboko kaleak bizitzaz beteko dituen Basque Fest, euskal kulturaren eta abangoardiaren jaialdia.

“Bilbo, Hitzordua jaialdiekin” ekimenak, diziplina anitzetako ekitaldiak jasotzen ditu eta nazioartean ospe handia duten artistek hartzen dute parte. Horien bitartez, hirian funtsezkoak diren bi “motorren”, Arriaga Antzokiaren eta Aste Nagusiaren, jarduera aberastu egiten da. Aurten Aste Nagusia abuztuaren 22tik 30era bitartean izango da.

Ekimen honetan sartzen dira, baita ere, jada finkatuta dauden zenbait jaialdi, horien artean 365 Jazz Bilbao; Musika-Música (martxoaren 6tik 8ra); Gutun Zuria, aurten erotismoak literaturan betetzen duen lekuari eskainita egongo den Bilboko Letren Nazioarteko VII. Jaialdia; 3, 2, 1 Forma Eszeniko Berrien nazioarteko topaketa; FANT, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XXI. edizioa; Bilboko Kalealdia, Kaleko Antzerki eta Arteen nazioarteko XVI. Jaialdia; Bilbao Flamenco jaialdia; uztailaren 9tik 11ra gaur egungo pop-rock panoramako talde garrantzitsuenak Bilbora ekarriko dituen Bilbao BBK Live; BilbaoPoesia; Txotxongilo Jaialdia; Bilboko Grabatu Jaialdia; Mendi Film Festival; Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, edo duela denbora gutxi hasi ziren baina Bilbo bideo-jokoen Europako hiriburu bilakatuko duten proposamenak, hóPlay eta Fun Serious Games, besteak beste.

Zenbait argitalpen kaleratuz, literatura eta zientzia jarduerak antolatuz edo literaturari buruzko foroak eta solasaldiak bultzatuz, Bilbok informaziorako eta ezagutzarako sarbidea erraztu gura die bertako herritar guztiei. Hori dela eta, “Bilbo, 365 egun Ezagutzarako” izenburupean, Bidebarrieta Kulturguneak, kultura garaikidearen hedapenera eta liburuaren eta literaturaren sustapenera zuzenduta dagoen guneak, eskaintzen dituen jarduera nagusiak elkartzen dira; liburu azokak, argitalpenak eta Udal Liburutegi Sarean eskaintzen diren jardueren xehetasuna, eta baita beste zenbait baliabide ere, online sarbidea duen Udal Artxibategia edo BBK Alhóndiga Bilbao Mediateka.

Horrez gain, 2015eko kultur programazioaren zutabeetako bat kultur jarduera eskaintza zabala da: erakusketak eta zinemateka AlhóndigaBilbaon; arteen asteburuetako Bilbao Art District maiatzean eta urrian; edo aratusteak eta Olentzeroren ongi etorria eta Erregeen kabalgata. Horiek guztiak “Bilbo, Aisia kulturala egutegian”.

Azken atala, “Bilbo, Kultura auzorik auzo” Bilboko auzoetako eta barrutietako programazio berezian zentratzen da, musikaren (Bilbao Distrito Jazz, Musika klasiko zikloak, ikastaroak…), irudiaren (Expodistrito, zine ikastaroak, zikloak…), aisiaren (Bidaiarien txokoa, Kultur Gabonak) edo arte eszenikoen (Bilboko Zirkuitoa, magia topaketak, nagusientzako antzerki hamabostaldia, Kultura kalez kale…) inguruko jarduerekin.

Kasu guztietan ere, ekitaldi bakoitza egingo den egunei buruzko informazioa sartzen da, eta baita zein egoitzatan edo lekutan egingo den. Horrez gain, argitalpenei eta diru-laguntzetarako lineei eta aurrekontu zuzkidurei buruzko informazioa ere ematen da.

Agendari amaiera emateko, kulturarekin erlazionatutako egoitzen eta erakundeen zerrenda osatua dago, eta baita kulturari buruzko informazio zabala eta eguneratua jasotzeko beste bide batzuk ere. Iaz bezala, 15.000 ale argitaratu dira euskaraz eta gaztelaniaz, eta dohainik banatuko dira Udaltegien, udal informazio bulegoen, liburutegien, elkarteen eta bestelako ekipamendu soziokultural eta hezkuntzako batzuen bitartez. Horrez gain, Kultura eta Hezkuntza Sailak argitaratzen duen hileroko Kultur Agendan harpidetuta dauden pertsonek ere posta arruntez edo posta elektronikoz –pdf formatuan–jasoko dute dohainik.

+ AGENDA IKUSI 

+ BIDEOA: