BILBOKO UDALEKO KULTURA ETA HEZKUNTZA SAILAK ANTOLATUTAKO MIGUEL DE UNAMUNO SAIAKERA SARIEN ETA BLAS DE OTERO POESIA LEHIAKETAREN SARIEN BANAKETA

La shoah en Lévinas: Un eco inaudible”, Alberto Sucasas galiziarraren kalitate literario eta akademiko handiko testua eta Jurgi Kintanaren “Azkue bilbotar ezezaguna” dira Miguel de Unamuno Saiakera Sarien XV. edizioko irabazleak.

Kubako Raúl Ortegaren “El caballo no tiene zapatos” poema-sorta eta Aintzane Galardiren “Mendafin usaineko iluntzeak”, berriz, Blas de Otero Poesia Lehiaketaren VII. edizioa irabazi dutenak.

Miguel de Unamuno Saiakera Sarira 93 lan aurkeztu ziren erdaraz eta 7 euskaraz, inoizkorik gehien, hartan ere. Blas de Otero Poesia Lehiaketara, ostera, 391 poema-bildum, euretako 105 estatutik kanpokoak. Horretan ikusten da atzerrian ere hartu duen garrantzia.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako Miguel de Unamuno Saiakera Sariaren XV. edizioko gaztelaniazko kategorian Juan Alberto Sucasasen “La shoah en Lévinas: Un eco inaudible” lana izan da irabaztuna. Euskarazkoan, berriz, Jurgi Kintanaren “Azkue bilbotar ezezaguna” saiakera. Edizio honetara gaztelaniazko 93 lan aurkeztu dira eta euskarazko 7; inoizkorik gehien. Epaimahaiak, gainera, lanen gai eta estilo aldetiko ugaritasuna eta kalitate literarioa azpimarratu du.

Ibon Areso Bilboko Alkateak banatu ditu sariak Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan gaur goizean izan den ekitaldian. Blas de Otero Poesia Lehiaketako VII. edizioko sariak ere banatu ditu ekitaldi berean. Egin-eginean ere, Kubako Raul Ortegaren “El caballo no tiene zapatos” poema-bilduma eta Aintzane Galardiren “Mendafin usaineko iluntzeak” izan dira garaile.

Miguel de Unamuno Saiakera Sarien XV. edizioko gaztelaniazko modalitateko epaimahaia osatu dutenak hauek izan dira: Patxi Lanceros, Lourdes Méndez, Juajo Lanz, Iñaki Esteban eta María Silvestre, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotzia buru izanik. Saria Coruñako Alberto Sucasas filosofoari eman diote, testuaren kalitateagatik eta saiakeraren estiloari edo egiturari bikain eusteagatik.

Santiago de Compostelako Unibertsitatean Filosofian lizentziatua eta doktorea da Alberto Sucasas. Filosofiako irakaslea da han 2008az geroztik. Juduen pentsamendua (Lévinas eta Derrida gehienbat) eta Shoah-en eragin filosofikoa dira bere ikerketa arloko jardunaren muina. Zenbait ikertaldetako kide izan da, Reyes Mate doktoreak zuzendutako “La Filosofia después del Holocausto” (Filosofiako Institutua-CSIC, Madril) taldekoa, berbarako.Bost liburu idatzi ditu: “El rostro y el texto. La unidad de ética y hermenéutica”, “Memoria de la Ley. Ensayos sobre pensamiento judío”, “Levinas: lectura de un palimpsesto”, “La música pensada. Sobre Eugenio Trías” eta “Celebración de la alteridad. Cinco ensayos levinasianos”. 30etik gora kolaborazio egin ditu liburuetan eta 20tik gora artikulu aldizkari espezializatuetan.

Miguel de Unamuno Saiakera Sarien XV. edizioko gaztelaniazko modalitateko epaimahaia osatu dutenak hauek izan dira: Ana Toledo, Iratxe Aristegi eta Álvaro Rabelli, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotzia buru izanik. Saria Jurgi Kintanaren “Azkue bilbotar ezezaguna” saiakerari eman diote; bere ikerketetan maiz agertzen den gaia da. Jurgi Kintanak (Bilbo, 1975) 13 artikulu idatzi ditu aldizkari espezializatuetan eta hiru liburu ere bai: “Judu herriaren ibilbide luzea”, “Vizcaytik bizkaira” eta “Intelektuala nazioa eraikitzen”, azken bi hauek R.M. Azkue euskaltzainaren obrari eta ondareari buruzkoak.

Jurgi Kintanaren lanari buruz hau dio epaimahaiak: “merezi duen tokia aitortu dio zzken aldi honetan atzenduta eduki dugun euskal kulturako gizon handiari”. Izan ere, “Azkue, bilbotar ezezaguna” lanak intelektual bikain haren bizitza eta obra eskaintzen eta aurkezten digu “modu errazean eta atseginean, zehaztasun guztiekin” erantsi du epaimahaiak. Azkueren alde intelektuala azpimarratzen du saiakerak. Haren garaiko beste pentsalari batzuena ez bezalakoa eta Bilborekin izan zuen lotura nabarmentzen du.

BLAS DE OTERO VII. POESIA LEHIAKETA

Bestalde, Raúl Ortegaren “El caballo no tiene zapatos” poema-bilduma eta Aintzane Galardiren “Mendafin usaineko iluntzeak” lana izan dira lehenengo saria irabazi dutenak Blas de Otero Poesia Lehiaketaren VII. edizioan. Kasu honetan, modalitate bietako epaimahaiek sarirako aukeratutako testu guztien “kalitate nabaria” aipatu dute, baita gaien eta estilo poetikoen ugaritasuna ere.

Miren Agur Meabe, Jon Kortazar eta Kuan Kruz Igerabide poetek osatu dute euskarazko modalitateko epaimahaia. Adierazi dutenez, “Mendafin usaineko iluntzeak” poema-bilduman aipagarria da poesia baliatu izana Marokon zehar egindako bidaia kontatzeko eta azaltzeko, giro sentsoriala eta sentsuala sortuz.

Hala berean, zenbait erregistro artistiko erabili izana ere azpimarratu du epaimahaiak. Lehiaketa bera ere sendotzen eta finkatzen ari dela esan dute, poeta berriak azaltzen direlako.

Raúl Ortega Alfonso (Habana, Kuba, 1960), Mexikon bizi da 1995az geroztik. Alemanera eta ingelesera itzuli izan diren zenbait poema eta ipuin-bilduma plazaratu ditu. Iaz argitaratu zuen aurreneko eleberria: “El inodoro de los pájaros”. Zenbait aldizkaritako kultura arloko ohiko kolaboratzailea da.

Aintzane Galardi (Oiartzun, 1969) Euskal Filologian eta Kultur Baliabideen Kudeaketan lizentziatua da eta irakasle dihardu Nafarroan. Euskarazko poesia-liburu bi argitaratu ditu: “Itoti urdinaren azpian” (2005) eta “Zirrikituak” (2007).

Miguel de Unamuno Saiakera Sariaren irabaztunek seina mila euro jasoko dituzte. Blas de Otero Poesia Lehiaketakoek, berriz, bost mila eta bostehuna euro