Patxi Lanceros Filosofia doktoreak aurkeztuko ditu maiatzean, astelehenetan, 7, 14, 21 eta 28an, arratsaldeko 19:30ean Bidebarrietako Liburutegian eskainiko diren hitzaldiak. Sarrera librea izango dute leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko dira www.kulturguneatb.eus helbidean
“Gaizkia, presentzia eta adierazpidea” izenburua duten lau hitzaldiek gaizkiaren existentziari, garai guztietako filosofietan, teologietan, literaturetan, arteetan eta gizarteetan azaldu den gaiari, buruzko gogoeta egingo dute
Bidebarrieta Kulturguneak, Bilboko Udaleko Kultura Sailak, “Kultura eta Pentsamendua” programaren barruan antolatu dituen lau topaketen artetik lehenengoa jasoko du datorren astelehenean, maiatzaren 7an. Aurten bederatzigarren edizioa beteko duen filosofiari eskainitako zikloa, garai guztietako teologiak, filosofiak, literaturak eta arteak torturatu dituen gaiari buruzkoa izango da, Gaizkia existitzen den ala ez, singularrean, letra larriz eta aringarririk gabe.
“Gaizkia, presentzia eta adierazpidea” izenburua duten hitzaldiak Bidebarrietako Liburutegian izango dira, maiatzeko lau astelehenetan, 7, 14, 21 eta 28an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte, eta streaming-ez ere jarraitu ahal izango da kulturguneatb.eus webgunetik.
Gaixotasuna, krimena, miseria, esplotazioa, gerra edo heriotza, gaizkitzat har daitezkeen egoerak, abaguneak edo egiturak dira. Pertsona batzuei ere aplika dakieke, baina galdera, gauza horiek guztiak lotuko dituen zerbait komuna ba ote dagoen da, zuzenean esanda, Gaizkia existitzen den ala ez. Zibilizazio guztiak tormentatu dituen galdera da. Agian erantzun asko izango dituen galdera, baina etengabe kezkatzen jarraitzen eta jarraituko duen galdera. Hori dela eta, “Kultura eta Pentsamendua” programaren ziklo honek galdera hori hainbat esparrutan eta alderditan egiten ahaleginduko da, gaizkiaren soslaia zorroztasunez marrazten ahalegintzeko.
Patxi Lanceros saiakeragile eta Filosofian doktoreak aurkeztuko duen egitaraua datorren astelehenean, MAIATZAREN 7an, hasiko da, “Y líbranos del mal….Miedos, muros y castigos” hitzaldia eskainiko duen Madrilgo Carlos III Unibertsitateko Alicia García Ruiz Filosofia irakaslearen eskutik. Alicia García Ruiz Doktorea da Romance Languages and Literatures izenekoan Johns Hopkins Universitytik (AEB), Doktorea Zientzia Politikoetan eta Soziologian (Granadako Unibertsitatea) eta Filosofia Doktore izateko hautagaia (Bartzelonako Unibertsitatea). Filosofian (Bartzelonako Unibertsitatea) eta Zientzia Politikoetan eta Soziologian (Granadako Unibertsitatea) lizentziatua da. Horrez gain, hainbat liburu eta konpilazio egin ditu, liburuen kapituluak, eta baita aldizkari espezializatuetan eta egunkarietan argitaratutako zenbait artikulu ere.
Bere ondoren Fernando Longás Valladolideko Unibertsitateko Filosofia Doktorea arituko da, MAIATZAREN 14an, “Aprender a no ser bueno: A propósito de la deuda y la pena” izeneko hitzaldiarekin. Jatorriz Txiletarra den Longásen ikerketaren eremua Etikaren eta Politikaren arteko harremanetan egon da zentratuta, eta bi liburu argitaratu ditu arlo horretan, “La Moderna Condición Humana” eta “La libertad en el Laberinto del Minotauro”, biak ere Txileko Consejo Nacional del Libro y la Lectura izenekoak saritutakoak, saiakeraren kategorian.
MAIATZAREN 21ean Carmen Bernabéren txanda izango da. Teologian doktorea –Bibliako espezialitatea– Deustuko Unibertsitatean, irakasle titular da bertan. Azken urteetan egin dituen lanak, etxeak-familiak kristautasunaren jatorriko eraketa komunitarioan eta teologikoan izan zuen garrantzian, dolu erritoetan eta emakumeek antzinako Kerigma kristauan izan zuten garrantzian edo deabruen posesioetan zentratu dira. Ziklo honen barruan eskainiko duen hitzaldiaren izenburua “De Job a Auschwitz. Dios y el problema del mal” izango da.
Amaitzeko, Javier Arnaldo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Artearen Historia katedraduna izango da zikloari bukaera emango diona, MAIATZAREN 28an, “Colorear de rojo la naturaleza” hitzaldiarekin. Azkenaldian egin dituen argitalpenen artean taldean egindako liburu hauek daude: “Goethe: Naturaleza, arte, verdad” (2012), “El arte en su destierro global. Cultura contemporánea y desarraigo” (2012), “Cuando las imágenes tocan lo real” (2013), “Modelo museo. El coleccionismo en la creación contemporánea” (2013), “Alechinsky” (2015) eta”Museografías” (2015).
2010eko maiatzean martxan jarri zen “Kultura eta Pentsamendua” programaren helburua, gaurkotasuna duten gaiei buruzko gogoeta eta eztabaida gune bilakatzea da, egungo panoramako pentsalari handien ikuspuntu kritikotik. Krisia, utopia edo erlijioak izan dira aurreko edizioetan landu diren gaiak, eta jardunaldi horietan parte hartu dutenen artean, Alicia Puleo, Félix Duque, Concha Roldán, Rafael Argullol, Perfecto Andrés Ibáñez, Fernando Vallespín, Manuel Barrios, Jon Kortazar, Helena Cortés Gabaudán eta José Luis Villacañas filosofoak eta pentsalariak daude, besteak beste.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenera bideratutako gunea da.
AGENDA:
MAIATZAK 7
“Y líbranos del mal….miedos, muros y castigos”
Alicia García Ruiz. Madrilgo Carlos III Unibertsitatea
MAIATZAK 14
“Aprender a no ser bueno: a propósito de la deuda y la pena”
Fernando Longás. Valladolideko Unibertsitatea
MAIATZAK 21
“De Job a Auschwitz. Dios y el problema del mal”
Carmen Bernabé. Deustuko Unibertsitatea
MAIATZAK 28
“Colorear de rojo la naturaleza”
Javier Arnaldo. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea
• Hitzaldi zikloa Patxi Lanceros Filosofian Doktoreak aurkeztuko du.
Bidebarrietako Liburutegia. 19:30ean. Sarrera librea aretoko leku guztiak bete arte.
Hitzaldiak streaming-ez eskainiko dira. www.kulturguneatb.eus