BILBOKO UDALAK, ONDAREAREN HEDAPENERAKO BILBAO IZAN PROGRAMAREN BITARTEZ, ZORROTZAKO AZKEN URTEETAKO HISTORIA BERRERAIKITZEKO EKIMEN AITZINDARIA JARRI DU MARTXAN, AUZOTARREK EMANGO DITUZTEN ARGAZKIEN, DIAPOSITIBEN EDO BIDEOEN BITARTEZ

“Argazkineta”, gaurtik urriaren 24ra auzoan ibiliko den furgoneta da, Zorrotzari buruzko XX. mende osoko oroigarri materialen bilketa selektiboa eginez, argazkiak, diapositibak, kartelak edo bideoak, hain zuzen ere.

Bildutako materialak auzoaren azken urteetako historia hobeto ezagutzeko balioko du, digitalizatu eta Bilboko udal artxibategietan geratuko da, Bilbao Kulturaren webgunean egongo da eta jende aurrean aurkeztuko da datorren abenduan.

Urriaren 31ra arte, jadanik digitalizatuta dauden materialen on line bilketarako sistema ere egokituko da www.bilbaokultura.eus/bilbaoizan webgunearen bitartez

Bilboko Udalak, ondarearen hedapenerako BILBAO IZAN udal programaren barruan, herritarren partaidetzan oinarritutako ekimen aitzindaria jarriko du martxan urri honetan, auzoaren azken urteetako historia berreraikitzeko eta horretan sakontzeko, auzokideek eman ditzaketen dokumentuen eta testigantzen bitartez. “Argazkineta” ekimenak, urriaren 24ra arte Zorrotzatik ibiliko den furgoneta jarriko du martxan, Zorrotzari buruzko eta XX. mende osoko materiala biltzeko eta digitalizatzeko, argazkiak, diapositibak, kartelak edo bideoak, hain zuzen ere. Ekimena gaur goizean aurkeztu da, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia bertan zegoela.

Programaren oinarria, pertsona gehienek, euren etxeetan, oso urrun ez dagoen garai bateko, Bilbon eta bertako auzoetan eraldaketa izugarria ekarri zuen agurtu berri dugun mendeko, lekuak, oroitzapenak eta bizipenak erakusten dituzten argazkiak, diapositibak, etxeko bideoak, filmak eta bestelako materialak eta gauza bitxiak gordetzen dituztela uste izatean dago. Sarri askotan garrantzirik ematen ez zaion, txoko ahaztuetan biltzen den eta, batzuetan, zaborretan amaitu dezakeen materiala da. Oroitzapen horiek galtzea, garai bateko kontu garrantzitsuak erakusten dituzten dokumentuak galtzea ekar dezake.

Horregatik, BILBAO IZAN udal programaren barruan martxan jartzen den proiektu berri honek, dokumentuak, eta dokumentuetan gordetako guztia, formatu digitalera eraman gura ditu, bizia luzatzeko eta garai berrietarako birziklatzeko. Birziklatzeko ideia horretatik sortu da “Argazkineta”, auzoan, oraingo honetan Zorrotzan, ibiliko den furgoneta, oroitzapenak aukeratuz eta bilduz. Jasotako materiala kopiatu eta digitalizatu egingo da. Bilketa kontzeptua garrantzitsua da, batez ere argazkiak, diapositibak, bideoak, filmak… bilatzen direlako, eta auzoari buruz berba egiten duen, XX. mendera eramango gaituen eta garai jakin bateko auzoaren kontakizuna modu kolektiboan eraikitzen lagunduko duen beste edozer.

Astelehenetik larunbatera, “Argazkineta” Zorrotzako Osasun Etxearen ondoan egongo da gaurtik datorren 17ra arte –11:00etatik 14:00etara– eta arratsaldean –17:00etatik 21:00etara– Azoka parkean. Ondoren, urriaren 18tik 24ra, goizean –11:00etatik 14:00etara– Fray Juan kaleko 9an, eta arratsaldean –17:00etatik 21:00etara– Kiroldegiaren eta Zorrotzako Udaltegiaren sarreraren ondoan. Gainera, 15 egun horietan, hainbat kaletik ibiliko da, auzoko zenbait txokotara hurbilduz.

Batez ere argazkiak (zuri-beltzean, koloretan, paperean edo digitalizatuta), diapositibak eta negatiboak, etxean egindako bideoak edo filmak, edozein formatutan (super 8, VHS, BETA,…) eta bestelako materialak jasoko dira, planoak, zirriborroak, egunkarietako eta aldizkarietako aipamenak, bandoak, aktak, kartelak, liburuxkak, pegatinak… Hau da, auzoaren gizarte, kultura edo ekonomia arloko jardueraren alderdiren bat eta XX. mendean auzoak izan duen eraldaketa dokumentatu dezakeen edozein material. Materiala eman gura baina auzoraino joan ezin dutenentzat, www.bilbaokultura.eus/bilbaoizan udal webgunean, jadanik digitalizatuta dagoen materiala on-line bidaltzeko atala gaituko da. Horretarako epea urriaren 31ra arte egongo da irekita.

AHOZKO TESTIGANTZA
Dokumentuen bilketa hori osatuz, proiektuak interes berezia duten ahozko testigantzak biltzea ere aurrikusten du. Horrela, auzoaren historiarekin erlazionatutako euren bizipenak edo oroitzapenak eman gura dituztenek Zorrotzako Udaltegian (Clara Campoamor kalea, 1), egin ahal izango dute azaroaren 7an, 8an eta 9an, ordutegi hauetan: ostegunean 11:00etatik 21:00etara, ostiralean 13:00etatik 21:00etara eta larunbatean 09:00etatik 14:00etara.

Biltzen diren materialak “Argazkineta” ibilgailuan bertan erakutsiko dira, baina, horrez gain www.bilbaokultura.eus/bilbaoizan udal webgunean eskegiko dira eta bertatik mugituko dira, eta baita udal sare sozialen bitartez ere (Facebook, Instagram, Youtube, Twitter,…). Material garrantzitsuena Bilboko udal artxibategietan sartuko da. Beste alde batetik, proiektua eta emaitzak jendearentzat irekita egongo den ekitaldian aurkeztuko dira abenduan Zorrotzan.

BILBAO IZAN programa duela 14 urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei, hiriaren historia, ondarea, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten bilakaera eta eraikuntza ezagutarazteko. Asmo horrekin tokiko historiari buruzko liburuak argitaratu dira, Bilboko auzoetara eta eraikin berezietara bisitak antolatu dira eta oraindik antolatzen jarraitzen dira, eta zortzi argazki erakusketa egin dira, baina, auzo bateko azken urteetako historia berreraikitzeko eta ezagutarazteko material interesgarriak eta baliozkoak biltzeko eta kontserbatzeko herritarrak orokorrean inplikatzea bilatzen den lehen aldia da.