“Musika eta Hitza” izenburupean, Iñaki Salvadorrek eta Ainara Ortegak egile bilbotarraren zenbait poema eta testu berreskuratuko dituzte. Ekitaldia 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango du, leku guztiak bete arte. Euskaraz izango da.
Goizean, 11:00etan, Pio Baroja plazak, Bilboko Udalak egilea omentzeko antolatu dituen lore eskaintza eta adierazpen instituzionala jasoko ditu, 1933ko urriaren 14an egilea jaio zen egunaren 86. urteurrenean
Datorren igandean 86 urte beteko dira Gabriel Aresti gure hirian jaio zenetik, 1933ko urriaren 14an. Hori dela eta, Bilboko Udalak egilearen egun instituzionala ospatuko du datorren astelehenean, goizeko 11:00etan Pio Baroja plazan egingo den lore eskaintzarekin. Ekitaldi horretan, Udane Goikoetxeak poemak irakurriko ditu. Arratsaldean, 19:30ean, Bidebarrieta Kulturguneak kontzertu-errezitaldia jasoko du. Bertan, Ainara Ortegak ahotsa jarriko die Arestiren poemei, Iñaki Salvadorrek pianoarekin lagunduta.
Piano eta akordeoi jotzaile eta moldatzaile euskal musikako artisten disko eta kontzertu askotan. Mikel Laboarekin izan zuen harreman luzeaz gain –25 urtez aritu zen berarekin lanean– asko izan dira profesional gisa egin zituen lehen urteetatik Iñaki Salvador grabazioetarako edo kontzertuetarako deitu duten taldeak eta bakarlariak, Oskorri, Mikel Markez, Mikel Urdangarin, Amaia Zubiria, Xabier Euzkitze, Imanol, Egan, Urko, Gorka Knörr, Txomin Artola eta Xabier Amuriza, besteak beste.
Bere ibilbide profesionalean euskal abestiei begiratzen zien lan ildoa eraman du beti aurrera, tradizionalak edo egile garaikideenak, eta ia bere disko guztiek errepertorio horri egindako keinu argia dute. Ainara Ortegaren ahotsarekin batera egiten duen bikote proposamen honetan Arestiren lanari emandako begirada berria eskainiko du. Entzuleek hainbeste ezagutzen ez dituzten poemen eta testuen aukeraketa berreskuratuko dute.
Gabriel Arestik (Bilbo, 1933 – 1975) poesia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituen, literatura unibertsaleko klasikoak euskarara itzultzeaz eta Euskaltzaindian egin zuen lanaren bitartez euskara modernoaren oinarriak finkatzen laguntzeaz gain. Bere lan ezagunenak “Euskal harria” (1968), “Harrizko herri hau” (1971) eta “Harri eta herri” (1964) poema liburuak dira
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan helburu nagusia liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.