BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK-ZINEBIK, CLAIRE SIMON ZINEGILE FRANTSESARI EMANGO DIO 61. EDIZIOKO OHOREZKO BIGARREN MIKELDIA, EUROPAKO ZINE GARAIKIDEAREN LENGOAIA ETA NARRAZIO FORMAK BERRIZTATZEKO EGIN DUEN APUSTUA AINTZATETSIZ

Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzarekin, ZINEBI 61ek, zinegileak errodatu berri duen Le Village serie dokumentalaren Estatuko aurkezpena jasoko du. Zinearen eta nekazaritzaren arteko erlazioari eta bi sektoreek gehien maite dutena, ardoa eta filmak, ekoizteko eta banatzeko merkatuaren legeak gainditu behar dituzten moduari buruzkoa da.

ZINEBIren 61. edizioa azaroaren 8tik 15era ospatuko da, eta saria, Arriaga Antzokiaren agertoki nagusian, 20:00etatik aurrera, egingo den inaugurazio ekitaldian banatuko da.

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) Claire Simon zinegile frantsesari emango dio bere 61. edizioko Ohorezko bigarren Mikeldia, Europako zine garaikidearen lengoaia eta narrazio eta estetika formak goitik behera berriztatzeko egin duen apustua aintzatetsiz. Omenaldia ZINEBI 61eko inaugurazio ekitaldian jasoko du, azaroaren 8an, 20:00etatik aurrera, Bilboko Arriaga Antzokian.

Etnologia ikasketak egin eta arabiera eta bereberera ikasi ondoren, Claire Simon (Londres, 1955) antzezle, argazkilari, gidoilari, muntatzaile eta zinegileak modu autodidaktan hasi zuen zine ibilbidea. Lehenengo film laburra Madeleine (1976) izan zen, eta haren ondoren Tandis que j’agonise (1980) eta Moi, non où l’argent de Patricia (1981) etorri ziren. Denbora gutxira, zine zuzena izenekoaren jardunbidea ikasi zuen Jean Rouch-ek sortutako Varan tailerretan, eta zenbait film luze dokumental zuzendu zituen, horien artean, Les patients (1989), Coûte que coûte (1995) eta Recréations (1998). Lan horiekin zenbait sari lortu zituen nazioarteko hainbat zinemalditan.

Sinon, oui (1997) fikziozko lehenengo film luzea Canneseko Zinemaldiko Quinzaine des Realisateurs atalean proiektatu zen. Dokumentalaren eta fikzioaren artekoa den hurrengo lana, Ça c’est vraiement toi (2000), Europar Parlamentu barruan filmatu zen, eta Belforteko (Frantzia) Nazioarteko Entrevues Zine Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen. Zine dokumentalera itzuli zen 800 kms de différence /Romance (2000) eta Mimi (2003) lanekin, eta biak Berlinalen aurkeztu zituen.

Ça brûle (2006) fikziozko bigarren film luzeak ere Canneseko Quinzaine-an hartu zuen parte. Berriro ere dokumentalaren eta fikzioaren arteko lanetara itzuliz, 2008an Les bureaux de Dieu zuzendu zuen, eta lan horrekin berriro hartu zuen parte Quinzaine-an. 2008 eta 2013 artean asmo handiko fikziozko proiektuan hartu zuen parte, Geographie humaine eta Gare du Nord lanek osatutako diptikoan, hain zuzen ere.

2014an Frantziako Officier des Arts et des Lettres izendatu zuten, eta Le concours film luze dokumentala egin zuen. Horren argumentuaren oinarria, berak irakasle gisa lan egin zuen La Femis ikus-entzunezko prestakuntza zentro ospetsuan ikasle gisa sartzeko hautagaien aukeraketa probak dira. Filmak Veneziako Nazioarteko Zinemaldiko Dokumental Onenaren Saria lortu zuen urte berean, eta ZINEBIren 58. edizioko lehiaketatik kanpoko Beautiful Docs sekzioan ere hartu zuen parte.

2018an, Berlinaleko 68. edizioko Forum sekzioan estreinatu zen Premières solicitudes dokumentala egin zuen, gaur egungo nerabeei dagozkien ohiko lekuak eta klixeak zalantzan jartzen dituen erretratu dibertigarri eta maltzurra. Bere filmografiak, orokorrean, oso estilo eklektikoa eta hibridoa du, eta nabarmen erakusten du zine genero desberdinen arteko forma aldeko edozein oztopo mota gainditu beharra.

Aurten, ordu erdiko 18 kapituluk osatzen duten Le village serie dokumentala egiteko lanak amaitu ditu. Zine dokumentalaren eta nekazaritzaren arteko erlazioari buruzko suspense filma da, Frantziako Ardèche lurraldeko herri txiki batean girotutakoa. Mahastizainak eta zine dokumental banatzaileak merkatuaren legeen kontra borrokatzen dira, maite dutena egiteko eta saltzeko: mahatsondoak, ardoa eta filmak. Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzarekin, ZINEBI 61ek seriearen Estatuko aurkezpena jasoko du eta, horrez gain, zinegileak, bere jakin-minei, sorkuntza prozesuei eta zine garaikideari buruz duen ikuspegiari buruzko masterclass-a –jendearentzat irekita– emango du. Hori guztia, Jaialdiaren lehenengo asteburuan izango da Bilboko Arte Ederren Museoan.

KOMUNIKABIDEEN AKREDITAZIOA:
ESKARI EPEA URRIAREN 1ETIK 27RA, JAIALDIKO WEBGUNEAREN BITARTEZ: http://zinebi.eus/web/prensa/acreditaciones/