BILBOKO UDALAK IRALABARRI AUZOAREN HISTORIA IRUDIEN BITARTEZ AZALTZEN DUEN ERAKUSKETA INAUGURATUKO DU, HIRIKO GUNE BEREZI HORREN ERAIKUNTZA LANAK AMAITU ETA MENDE BAT BETETZEN DEN HONETAN

  • Kultura Sailak, Irala 100 urte batzordea auzokide elkartearen laguntzarekin, antolatu duen “Iralabarri: auzo baten bizitzan, mendeurrena”, ondarearen hedapenerako BILBAO IZAN programaren barruan sartzen da, eta abenduaren 18ra arte bisitatu ahal izango da Kirikiño Etorbideko plazan.
  • Gaur egunera arte heltzen diren irudien galeria osatzen duten hamabi panel ditu. XX. mendean hasten dira, Juan José Iralak Harino Panadera fabrika eraiki eta amesten zuen auzoaren hirigintza proiektua gauzatu zuen garaian.
  • Programazioaren barruan, gaur egun Osasun eta Kontsumo udal Sailaren egoitza den eta oraindik garia ehotzeko erabiltzen zen jatorrizko makineriaren parte handia kontserbatzen duen Harino Panaderaren eraikinera egingo diren bisita gidatuak ere sartzen dira. Erreserbak 94 401 00 10 / 010 telefono zenbakian.

Bilboko Udalak, ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programaren barruan, antzinako argazkien, prentsako aipamenen eta material dokumental anitzaren bitartez, Bilboko gune berezi horren historia erakusten duen erakusketa inauguratu du Iralabarriko Kirikiño Etorbidean –plazan–. XX. mendearen hasieran, Juan José Irala industria gizonak Harino Panadera lantegia eraiki zuen bertan, eta garai hartako asmo handiko hirigintza proiektua jarri zuen martxan, berak irudikatutako auzoa, nolabait utopikoa, gauzatzeko.

Auzoa sortu zen garaitik Iralabarriko argazkiak jasotzen dituen erakusketa abenduaren 18ra arte bisitatu ahal izango da, eta, une honetan Osasun eta Kontsumo udal Sailaren egoitza den Harino Panadera lantegi enblematikora, egingo diren bisita gidatuekin osatuko da. Lantegiak, garia ehotzeko erabiltzen zen jatorrizko makineriaren parte handia kontserbatzen du. Horrez gain, auzoko hainbat gune publikotan, erakusketaren irudiak eta, argazki erakusketaren jarraipen gisa urtarrilaren amaieran eskainiko den “Iralaren ametsa” bideoaren trailerra eskainiko dituzten telebistako pantailak instalatuko dira.

BILBAO IZAN programako proposamen berriaren jatorria Irala 100 urte batzordearen ekimen batean dago. Hainbat hilabetez, erakusketa osatzen duten argazkien eta bestelako dokumentuen bilaketa sustatu du batzordeak. Material horiek Iñaki Llamas Iralabarriko auzokideak bildu, gorde eta sailkatu ditu, eta bera izango da, Arantza Pareja ikerlari eta UPV/EHUko Historia Garaikide irakaslearekin batera, erakusketaren komisarioa. Arantza Parejak hainbat ikerketa proiektutan hartu du parte, eta bere lanaren ohiko ildoak demografia historikoa Euskal Herrian, hiri demografia, barne migrazio garaikideak, hezkuntzaren historia edo generoaren historia dira, beste batzuen artean.

Oraingo honetan, “Iralabarri: auzo baten bizitzan, mendeurrena” erakusketak Iralabarri auzoaren panoramika eskaini nahi du, jatorrietatik gaur egunera arte, txoko berezi horren eraikuntzaren amaieratik mende bat betetzen den urtean, hain zuzen ere. Erakusketak, auzoaren jatorriari, Juan José Irala ameslariaren ezinbesteko lanari, eraiki zen etxebizitza motari, enpresa gizonak umeen osasunaren eta hezkuntzaren aurrean zuen ardurari, elkarte mugimenduei eta auzoaren hirigintza eta arkitektura berezitasunei buruzko irudi eta azalpen testuak biltzen dituzten formatu handiko hamabi panel ditu

ENPRESA GIZONA ETA AMESLARIA

Ibilbide historikoa joan den mendearen hasieran hasi zen, Madrilen jaiotako Juan José Irala industria gizona Bilbora heldu zenean. Beste negozio txikiago batzuen ondoren, Harino Panadera S.A. sortu zuen, garai hartako testuek adierazten dutenez “inoizko ogi lantegi handiena eta hoberena”. Iralak berak bere bizileku bilakatu zuen auzoa, Bigarren Etorbideko Ustaietxe txaletean, eta horrela jarraipena eman zion bere beste negozio handiari: higiezinen negozioari.

Izan ere, langileen etxebizitzen arazoari buruzko gogoeta egiten ari zen Europako testuinguruan, gutxieneko duintasuna izango zuen eta industrializazioaren babesean sortu ziren gizarte talde berriek eskuratzeko moduko auzoa diseinatu zuen. Horrela, Juan José Iralak asmo handiko higiezin operazioa jarri zuen martxan, lehenengo bere lantegiko langileei, baina ondoren, sortzen ari zen klase ertain osoari, zuzendutakoa. Hamar urtetan, Federico Ugalde arkitektoaren zuzendaritzapean, eta 51.869 metro karratuko azaleran, txaletez, etxez eta etxebizitza blokez osatutako 15 kale eraiki zituen eraiki zituen, garai hartako batez besteko prezioaren azpitik zegoen alokairuan eskaintzeko. 1908an 198 biztanle zituen Iralabarri, 2.956 biztanlera heldu zen 1920an.

Baina, horrez gain, bizitza kalitatea, filosofia gisa, ez zen etxe eroso eta polit batean bizitzera mugatzen, ideia hori gainditu egiten zuen. Ezagunak ziren hezkuntzarik gabeko, soldata urriko eta osasun eta elikadura eskaseko jendearen artean bizimodu desegokiak sortzen zituen arazoak, haien aisialdirako alternatiba bakarra taberna baitzen. Hori dela eta, Iralak debekatu egin zuen horrelako establezimendurik zabaltzea auzoan. Horren ordez, prezio egokiak zituen ekonomatoa, doako osasun zerbitzua eta Hiriko edozein farmazian botikak erosteko laguntza ekonomikoa jarri zituen martxan. Horren ondoren, hezkuntza, naturaren aurreko maitasuna edo elkartasuna bultzatu zituen umeen artean, eta komunikazioak ere ez zituen ahaztu, bere auzoa tranbia (1918) eta autobus (1925) bitartez lotu baitzuen Alde Zaharrarekin.

Ordutik, auzo bitxi horrek azken mendeak eskatu dizkion eraldaketak jaso ditu. Gehien bat auzoko biztanleek laga duten material grafiko ugariaren bitartez, ikusleek kale haietan jaiotako pertsona garrantzitsuak, erakunde enblematikoak eta etengabe gauza bat edo beste egiten ari zen jendea aurkituko dituzte. Eta hori guztia ez aisiarekin erlazionatutako jardueretan modu aktiboan inplikatzeko orduan bakarrik, baita euren auzoa etengabe hobetzeko lanean ere.

BISITA GIDATUAK

Ekimenaren barruan, 2009an goitik behera berriztatu zen Harino Panaderaren eraikinera egingo diren bisita gidatuak ere jasotzen dira. Ordubete eta erdi inguruko iraupena izango duten bisitak datorren astelehenean hasi eta abenduaren 3ra arte luzatuko dira, astelehenetan eta astearteetan 17:45ean, asteazken, ostegun eta ostiraletan 16:00etan eta 17:45ean (ostiraleko 17:45eko bisita euskaraz izango da) eta larunbatetan 10:00etan eta 17:45ean. Ekimena doakoa da, baina beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 / 010telefono zenbakira deituz.

1902an sortu zen lantegia, industria iraultzaren aurrerapenak ekonomiaren sektore guztietara aplikatzearen adierazgarri bikaina da, oraingo honetan garia ehotzera eta ogia eskala handian egitera. Bisitatuko den higiezina, lantegiaren jatorrizko multzoko zaharrenetakoa da eta, horrez gain, estatu mailan oso-osorik hormigoi armatuz egin zen lehenengo eraikinetakoa ere bada. Gainera, eraikin barruan, kontserbazio egoera ezin hobean, garia ehotzeko erabiltzen zen jatorrizko makineriaren parte handia gordetzen da.

Ohikoa denez, argazki erakusketaren ondoren, Kultura Sailak, gai berari buruzko bideo bat aurkeztuko du datorren urtarrilean. Oraingo honetan ikerlariek eta historiagileek, baina baita auzoko pertsona anonimoek ere, euren lekukotza eta bertako historiari buruzko ezagutza eskaini dute, gure Hirian gutxien ezagutzen den txokoetako baten azken garaietako historiari buruzko ikus-entzunezko lan hori egiteko.

“Iralaren ametsa” filma urtarrilaren 24an eta 26an eskainiko da Osasun eta Kontsumo Sailaren egoitzan (Harino Panadera eraikina). Egunero hiru saio eskainiko dira, 17:00etan, 17:45ean eta 18:30ean (sarrera librea). Horrez gain, ikus-entzunezko lana Bilbao Kulturaren webgunean eta youtuben dagoen Bilbao Kulturaren kanalean ikusi ahal izango da otsailaren 6tik aurrera.

Bilbao IZAN programa orain hamaika urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei, hiriaren historia, ondarea, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten bilakaera eta eraikuntza ezagutarazteko. Honekin zortzi dira dagoeneko Hiriko auzoen edo barrutien historiari buruzko erakusketak.