BIDEBARRIETAKO KULTURGUNEKO “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EKIMENAK FELIPE BENÍTEZ REYES ETA EDUARDO MENDICUTTI IDAZLEAK ELKARTUKO DITU ASTEARTEAN, LITERATURARI ETA GIZARTE KRITIKARI BURUZ HITZ EGITEKO

Hitzordua Iñaki Esteban kazetariak aurkeztuko du eta arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin. Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.net

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko elkarrizketa lasaiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, Felipe Benítez Reyes eta Eduardo Mendicutti elkartuko ditu datorren asteartean, AZAROAREN 15ean, literaturari eta gizarte edo/eta politika kritika gisa bete behar duen beharrezko –edo ez hain beharrezko– eginbeharrari buruz berba egiteko.

Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Oraingo honetan, moderatzailea, literaturan espezializatutako Iñaki Esteban kazetaria izango da. Moderatzaileak umorean oinarrituta aztertuko ditu idazle bien lanak eta lan horietan agertzen diren elementu kritikoak, eta baita bakoitzaren konpromisoa ere, egile batentzat bere lanaren bitartez jarrera kritikoa erakustea beharrezkoa den ala ez ikusteko.

Eduardo Mendicuttik (Sanlúcar de Barrameda, 1948) lan handia egin du literaturaren munduan, eta, horrekin batera, hainbat komunikabidetan ere jarduten da. Hamabi lan baino gehiago idatzi ditu, eta lan horietan konpromisoz betetako literatura landu du –umorea ahaztu barik–. Azpimarratzekoak dira Siete contra Georgia, Una mala noche la tiene cualquiera, El palomo cojo (Jaime de Armiñánek zinerako moldatua), Los novios búlgaros (Eloy de la Iglesiak zinerako moldatua), Yo no tengo la culpa de haber nacido tan sexy, El beso del cosaco, El ángel descuidado, California, Ganas de hablar, Mae West y yo eta Otra vida para vivirla contigo. Bere azken eleberria Furias divinas da.

Felipe Benítez Reyesi (Rota, 1960) dagokionez, ia genero guztiak hartzen dituen literatur lana egin du, eta aintzatespen garrantzitsuak lortu ditu, Kritikaren Saria eta Literatura Sari Nazionala, besteak beste. Idatzi dituen eleberrien artean Humo (Ateneo de Sevilla Saria 1995ean), La propiedad del paraíso, El novio del mundo eta El pensamiento de los monstruos azpimarra daitezke. Egin duen poesia lana Trama de niebla liburukian jasotzen da. Bere liburuak itzuli eta Frantzian, Italian, Errusian, Errumanian, Portugalen eta Estatu Batuetan argitaratu dira. 2007an Nadal Saria lortu zuen Mercado de espejismos lanarekin.

El azar y viceversa bere azken eleberria, pikareskaren mekanismoetatik era librean mugitzen den pertsonaia saiatu baikor eta malenkoniatsu batean oinarrituz kontzientzia eraikitzea bilatzen duen istorioa da.

HAMARGARREN EDIZIOA
2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 9.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen euren eskutik.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.