BILBOKO UDALAK, GURE HIRIKO LITERATUR LEHIAKETA ZAHARRENA DEN GABRIEL ARESTI IPUIN LEHIAKETAREN XXXIII. EDIZIORAKO DEIALDIA EGIN DU

Jatorrizko eta argitaratu gabeko kontakizunak aurkezteko azken eguna martxoaren 31 izango da. Lehiaketaren oinarri osoak www.bilbaonet/concursoaresti eta www.bilbao.net/arestilehiaketa webguneetan daude jada.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak, gure Hirian denbora gehien daraman, azken urteetan partaidetza marka guztiak gainditu dituen eta euskaraz idatzitako gero eta testu gehiago jasotzen dituen Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXIII. edizioa deitu du. Lehiaketak 3.500 euroko sari bat eta 1.750 euroko akzesit bi banatuko ditu modalitate bakoitzean, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.

Ekimen horren bitartez, Kultura Sailak, literatur sorkuntza sustatu eta, aldi berean, euskal hizkuntzak eman duen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutarazi gura ditu. Lehiaketa edozein nazionalitateko idazleei dago zabalik, baina aurkezten diren lanen jatorrizko hizkuntza Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat izan beharko da, izan ere, ez da itzulpenik onartuko. Ipuinen gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso gabeak izan beharko dira. Gehienez ere hamabost orrialde izango dituzte, espazio bikoitzean, eta alde bakarretik idatziak.

Aurreko edizioetan bezala, modalitate bakoitzak bere epaimahaia izango du, literatur munduko pertsona ezagunek osatua. Partaideek MARTXOAREN 31 arteko epea izango dute euren lanak paperean edo Saileko webgunearen bitartez aurkezteko. Horrela, oinarri osoak eta parte hartzeko buletina helbide hauetan daude jada: www.bilbao.net/concursoaresti edo www.bilbao.net/arestilehiaketa.

2015eko aurreko edizioan, Katixa Agirre Miguelezek irabazi zuen euskarazko kategoria, “Hesperia, California” kontakizunarekin, eta gaztelaniazko ipuinen sailean, sariduna Berlinen bizi den Elena Alonso Frayle izan zen, “Misericordia” kontakizunarekin. Gainera, egile berak lortu zuen epaimahaiak emandako akzesitetako bat, “Gente tan afín” kontakizunari esker. Lehiaketak 379 jatorrizko lan jaso zituen, horietako 63 euskaraz, eta gainerakoak gaztelaniaz.

Gabriel Arestik (Bilbo, 1933 – 1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituen, eta, horrez gain, literatura unibertsaleko zenbait lan itzuli zituen euskarara eta Euskaltzaindian egin zuen lanaren bitartez, euskal hizkuntza modernoaren oinarriak sendotzen lagundu zuen. Idatzi zituen lan ezagunenak “Euskal harria” (1968) eta “Harrizko herri hau” (1971) eta 2014an mende erdi bete zuen “Harri eta herri” (1964) olerki liburuak dira.