BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK LITERATURA FRANTSESARI BURUZKO TOPAKETA JASOKO DU ASTEAZKENEAN, CHARLOTTE SALOMON ARTISTARI BURUZKO DAVID FOENKINOSEN “CHARLOTTE” AZKEN ELEBERRIAREN AURKEZPENAREKIN

Bilboko Institutu Frantsesarekin batera antolatutako ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta frantsesez izango da, bat-bateko itzulpen zerbitzuarekin.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, literatura frantsesari buruzko beste topaketa bat jasoko du datorren asteazkenean, URTARRILAREN 20an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Oraingo honetan, David Foenkinosen “Charlotte” azken eleberriaren aurkezpen ekitaldia jasoko du.

2014an lizeoetako Renaudot eta Goncourt sariak irabazi eta Frantzian 450.000 ale baino gehiago saldu zituen liburu hori Estatuan argitaratu dela-eta, Parisko idazle eta piano joleak, Charlotte Salomonen margolanen proiekzioek lagunduta, 26 urte zituela Auschwitz-eko gas ganbaretan hil zuten jatorri alemaneko artista judutarrari eskainitako eleberri-omenaldia zelan eraiki zuen azalduko du. Oso gazte hil bazuten ere, utzi zuen lana oso garrantzitsua da.

Bilboko Institutu Frantsesarekin batera antolatu den ekitaldia, erakunde horrek gure hirian duen zuzendariak, Jean-André Vialak, aurkeztuko du. Jarduera frantsesez izango da, eta bat-bateko itzulpen zerbitzua egongo da gaztelaniara.

David Foenkinos Parisen jaio zen 1974an. Letra ikasketak egin zituen Sorbonneko unibertsitatean eta jazz musikari gisa prestatu zen. Hainbat eleberri idatzi zituen, eta horien artean, “El potencial erótico de mi mujer” (2004), Roger-Nimier Saria 2004an; “En caso de felicidad” (2007); “Nos séparations” (2008); eta nazioartean ospea ekarri dion “La delicadeza” (2010; Seix Barral, 2011) azpimarra daitezke. Azken lan horrek hamar sari irabazi ditu (horien artean aipatzekoak dira Télégrammeko Irakurleen Saria, An Avel Saria edo 7ème Art saria), eta Frantziako literatur sari guztietan finalista izan den eleberri bakarra izan da.

“La delicadeza” hogeita hamar herrialde baino gehiagotan argitaratu da, eta egileak berak eta bere anaiak, Stéphane Foenkinosek, pantaila handira eraman dute, Audrey Tautou eta François Damiens protagonista direla. “Charlotte” azken eleberria joan den udaberrian argitaratu zen gaztelaniaz. Charlotte Salomonen bizitza izugarriarekin erlazionatutako alderdiez gain, liburuaren ezaugarri nagusia, eleberri motako biografia idazteko egileak erabiltzen duen estilo berezia da, bertso gisa agertzen diren esaldi laburrak, hain zuzen ere.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren hedapena duen gunea da.