BILBOKO UDALAK, DUELA 80 URTE BILBON ARGITARATU ZIREN ETA GARAI HARTAKO PRENTSAKO MARRAZKILARIEK GERRA ZIBILA ETA HAREN AURREKARIAK IKUSI ETA KONTATU ZUTEN MODUA ERAKUSTEN DUTEN BINETAZ OSATUTAKO ERAKUSKETA INAUGURATUKO DU

Kultura Sailak antolatu duen “Gerra garaiko umorea” erakusketa ondarearen hedapenerako BILBAO IZAN programaren barruan dago, eta altxatutako indarrak, gaur 80 urte, 1937an, Hirian sartu izanaren urteurrena gogorarazteko antolatutako jardueren barruan sartzen da.

Besteak beste, Tierra Vasca, Euzkadi, La Gaceta del Norte, El Nervión, La Tarde, Unión eta garai hartako 15 egunkaritan argitaratutako, oso teknika anitzak erabiliz egindako eta Bilboren erorketak anonimo bilakatu zituen marrazkilariek sinatutako 90 bineta inguru erakusten dituzten 16 panelek osatzen dute.

Abuztuaren 18ra arte bisitatu ahal izango den erakusketak, joan den maiatzetik, euren eguneroko jardueran Gerra Zibilaren eragina jasan zuten Hiriko zenbait leku eta eraikinetara egiten ari diren bisita gidatuak osatzen ditu.

 

Bilboko Udalak, ondarearen hedapenerako Bilbao Izan udal programaren barruan, 1936 eta 1938 artean batez ere Bilbon, eta batzuk Bartzelonan, frankistek Hiria hartu ondoren egunkari batzuk hara aldatu baitziren, argitaratu ziren bineten erakusketa inauguratu du gaur Zabalgune Eraikinean. Binetek garai hartako tokiko prentsako marrazkilariek Gerra Zibila ikusi eta kontatu zuten modua erakusten dute. Ekimena, altxatutako indarrak, gaur 80 urte, 1937ko ekainaren 19an, Hirian sartu izanaren urteurrena gogorarazteko antolatutako jardueren barruan sartzen da.

“Gerra garaiko umorea” izenburupean, erakusketa, garaiko hartako 15 egunkaritan, Tierra Vasca, Euzkadi, La Gaceta del Norte, El Nervión, La Tarde, Unión izenekoetan, besteak beste, argitaratu ziren 90 bineta inguru erakusten dituzten 16 panelek osatzen dute. Bilboren erorketak anonimotasunera eraman zituen marrazkilariek egin zituzten, oso teknika anitzak erabiliz. Juan Mari Aburto alkatea bertan zela aste honetan inauguratu den erakusketa abuztuaren 18ra arte bisitatu ahal izango da.

1936. urtea baino lehen ere irudiak argitaratzen ziren arren, gerran sortutako egunkariak izan ziren binetak komunikaziorako eta entretenimendurako gehien erabili zituztenak. Prentsak izugarrizko garrantzia hartu zuen gerra garaian. Defentsa Batzordeak hasieran, eta Eusko Jaurlaritzak ondoren, hamaika abisu, albiste eta agindu jakinarazi behar izan zizkieten biztanleei eta, horretarako, egunkariak, irratiak eta kaleko kartelak baino ez zituzten eduki eskura. Dena den, oso ideologizatuta zeuden garaiko egunkariek euren orrialdeak ere erabili zituzten gerra irabazteko ezinbestekoa zen batasuna goraipatzeko eta arerioaren maltzurkeriak eta akatsak nabarmentzeko.

Euskadin gatazkak iraun zituen hamahiru hilabeteetan ehunka irudi argitaratu ziren, eta horietako batzuk bildu, aukeratu, marraztu eta zenbait gairen arabera antolatu dira erakusketa honetarako: 1936ko hauteskundeak, Fronte Popularra, Gerraren prestakuntzak, defentsa, bonbardaketak eta haiek eragindako suntsiketa, ebakuazioak edo gerraren amaiera. Binetek, inork zalantzan jartzen ez duen balio artistikoa izateaz gain, balio dokumental handia ere badute, lehen mailako dokumentu historikoak baitira, azken urteetako gure historiaren une jakin bat ezagutzeko.

Binetak eta komikiak, irudigileek gertakizunen, ideien, egoeren, ohituren eta abarren gainean pentsatzen dutenaren sintesia eta iritzia dira. Gaur egun gertatzen den bezala, irakurlea kontzientzia hartzera edo gogoeta egitera bultzatzen saiatzen dira irudigileak, normalean atsegina den eta barre egitera eta satirara jotzen duen bidea erabiliz. Erakusketa osatzen duten irudi guztiak horretarako egin den katalogoan aipatzen dira, argitaratu ziren egunarekin eta egunkariarekin, eta baita egileekin ere. Egileen zerrenda luze horretan hauek daude, besteak beste: Anbil, Aníbal Tejada, Antonio Asteinza, Argüelles, Blondeau, F.de Ugalde, Jesús María Pérez, Jol, José Calparsoro, L. Marcano, Mericaechevarría, Mores, Muguerza, Murillo, Chuni, Neu, Pardasano, POL FER JAC, Puyol 37, R. Dubonc, Teo, Tom, Utrilla, Yeste eta euren lanak sinatzen ez zituzten beste ezezagun asko.

Garai hartan irudigile eta kazetari haiek pertsona ospetsuak izan zirela uste dugun arren, Bilbo erortzean anonimo bilakatu ziren. Joan zirenei buruz ere ez dugu beste ezer jakin eta geratu zirenek seguruenez ez zuten inolako erlaziorik izan nahi izan ezkerreko alderdiekin edo talde abertzaleekin. Hori dela eta, Bilboko Udalak deia egin die marrazki, izen edo sinadura horietakoren bat ezagutu dezaketen pertsonei, antolatzaileekin harremanetan jar daitezen, neurri handian galdu egin zen marrazkilari belaunaldi horren historiari eta nondik norakoari buruz gehiago jakin ahal izateko.

ESTILO ANITZAK
Binetak egiteko bere egunean erabili ziren materialak mota askotakoak dira. Bineta batzuk litografia teknika bidez egin ziren, beste batzuk paperaren gainean zuzenean, eta batzuetan fotolitografia ere erabili zen. Marrazkilariek luma-muturra, arkatza, akuarela (edo urtuta), ikatz-ziria… erabiltzen zituzten, eta batzuetan hainbat teknika batera. Hala ere, sarri askotan egunkarietako paperak ez du beti ondo erakusten irudien jatorrizko kalitatea eta kolorea.

Era berean, eta “naïf” antzeko estiloa jarraitzen zutenek izan ezik, euskal egunkarietako bineta-egile gehienek, garai hartan Europan nagusi ziren abangoardiako korronteetatik edaten jakin izan zuten: puntillismoa, errealismoa, kubismoa, surrealismoa edo sinbolismoa. Denbora igaro ahala, jatorrizko irudi batzuk kaltetuta edo kalitatea galduta zeuden. Hori dela eta, bineta gehienak berriro marraztu ditu erakusketa honetarako Aline Soberón historialari eta diziplina anitzeko artistak, egileek erabilitako jatorrizko arteak errespetatuz. Aline Soberónez gain, erakusketaren beste komisarioa Txema Uriarte historialari eta dokumentalista da.

Aline Soberón Historia Garaikidean lizentziatua eta Gizarte Memorian eta Giza Eskubideetan espezialista da. Hainbat gai lantzen dituzten lanetan hartu du parte: torturaren biktimei buruzko lan batean, Gerra Zibileko zenbait hilobiri buruzko ikerketa proiektuetan, eta herri armeniarraren genozidioaren mendeurrenarekin bat etorriz Bilbon bizi den artista armeniar baten historiari buruzko “Karo” lan dokumentalean, besteak beste. Gaur egun Txema Uriarterekin ari da lanean, bineta-egileen lanetan oinarritutako Gerra Zibilari buruzko liburu batean, hain zuzen ere. Txema Uriarte historialaria, irakaslea, idazlea eta zine ekoizlea da. “El barrio de Las Cortes. Una historia de La Palanca bilbaína” liburuaren egileetako bat izateaz gain, 2015ean argitaratu zen Timoteo Atutxa Petralandaren biografiaren egileetako bat ere bada. Igorreko biztanle hori, EAJ-PNVko Herriko Batzarreko burua, faxistek herri hartan fusilatu zuten bakarra izan zen, salaketa eta epaiketa jaso eta gero.

ERAKUSKETAREN EGUNAK ETA ORDUAK

ZABALGUNEA ERAIKINA
(Zabalgune plaza, 11)
Egunak: Ekainak 19 – Abuztuak 18
Orduak:
Ekaineko, uztaileko eta abuztuko astegunak: 8:00etatik 20:00etara
Ekainak 24 eta 25, eta uztailak 1, 2 eta 25: 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara
Gainerako larunbatak eta jaiegunak itxita.