AURRERA JARRAITZEN DU BILBON BILBOKO ETA GASTEIZKO UDALEK EKOIZTEN DUTEN ETA EKAINEAN KALEKO BERTSIOA ESTREINATUKO DUEN EUSKAL ZIRKU GARAIKIDEKO “LURRAK” IKUSKIZUNAK

Zirkuko hainbat diziplinatan espezializatuta dauden bost antzezle eta lau musikari –musika-tresna tradizionaletan adituak– dituen lana ekoizpenaren azken fasean sartuko da, martxoaren 14tik 20ra Harrobia Eskenan egingo den arte egoitzarekin.

“Lurrak” Adrian Schvarzstein clown eta zirkuko zuzentzaile ospetsuak zuzentzen du, eta Kaldearte eta Bilboko Kalealdia jaialdietan estreinatuko da.

Datorren aste osoan, martxoaren 14tik 20ra, Bilboko eta Gasteizko Udalek, Kaldearte eta Bilboko Kalealdia kaleko antzerki jaialdien bitartez ekoizten duten “Lurrak” zirku garaikide ikuskizunaren ekoizpenerako hirugarren arte egoitza –entseguak– egingo da Bilbon, Bilboko Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroan.

Zuzeneko musika duen euskal zirku garaikideko ikuskizun gisa prestatzen ari da, eta Adrian Schavarztein clown eta zirku eta antzerki zuzendari ospetsuak zuzenduko du. “Lurrak” datorren udaberrian estreinatuko da kaleko bertsioan Kaldearte barruan, eta udan helduko da Bilbora, Bilboko Kalealdiaren – Kaleko Arteen Jaialdiaren programazioaren barruan. Aretoko bertsioa ez da azarora arte aurkeztuko, Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdian.

Joan den otsailean, zirkuko diziplina anitzeko artistak, zirkuko teknika bat baino gehiago menderatzen dituztenak, eta euskal soinuetan espezialista diren, musika tresna tradizionalak eta modernoak jotzen dituzten, eta ikuskizunaren beharrak kontuan izanda musika konposatzeko eta idazteko gai diren musikariak behar dituen ikuskizunerako castinga egin zen Bilbon eta Gasteizen. Horren emaitza, 5 antzezlek eta 4 musikarik osatutako taldea da. Horiek izango dira euskal eszena garaikidean, dimentsioa eta tipologia kontuan izanda aurrekaririk ez duen ikuskizuna eszena gainean jarriko dutenak.

Orain arte bi arte egoitza egin dira, kaleko bertsiorako entseguetan zentratuta, Bilbon eta Louhossoan (Frantzia), eta horiei Harrobia Eskenan egingo den lanez betetako astea gehituko zaie. Ondoren, entseguak Gasteizera eramango dira, eta bertan egingo da azken egoitza, maiatzean, ekainaren 10erako, Kaldearten, aurreikusita dagoen estreinaldira arte. Horren ondoren, ekainaren 27an eskainiko da, ekainaren 27tik uztailaren 2ra egingo den Kaleko Antzerki eta Arteen jaialdian.

INTERPRETAZIO TALDEA
Interpretazio taldeko artistak Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo eta Marc Muñozek eta Nuria Puigek osatzen duten bikotea dira. Ortzi Akosta gasteiztarra Uztaietako Espainiako txapeldun izan zen lau aldiz, eta 1.500 ikuskizun baino gehiago egin ditu Cirque du Soleil ezagunarekin. Izaskun Agirresarobe mundakarrari dagokionez, 2004an hasi zuen prestakuntza zirkuaren, antzerkiaren, clownaren eta gorputz adierazpenaren eremuetan, eta alor horietan aritzen da batez ere bere lan artistikoan.

Gaizka Chamizori dagokionez, antzerkiko antzezle, pailazo eta clowna ere bada, baina bere espezialitate nagusia akrobazia da. Marc Muñozek eta Nuria Puigek osatutako bikote katalanak, baskulan espezializatutako bikote akrobatikoa osatzen dute, eskutik-eskurako orekak eginez. Horrez gain, musika trebeziak ere badituzte, klarinetea, saxofoia, kontzertina eta zerrotea jotzen dituzte, eta euren ikuskizunetan erabiltzen dituzte.

Musikariei dagokienez, Mikel Hernández Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarrek, Unai Laso Santurtziko trikitilariak eta Roberto Castro, hori ere santurtziarra, eta alboka, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarra eta mandolina, panderoa, kanabera edo tarrañuelak jotzen dituenak, osatzen dute taldea.

Ikuskizunaren zuzendariari dagokionez, Adrian Schvarzstein clowna, antzezlea, zirkuko eta antzerkiko zuzendaria, pailazo-showman energetikoa da, eta 1989tik ari da antzerki munduan. Commedia Dell’Arten ikasi zuen, Italian, Antonio Favarekin, baina Europa osoan prestatu zen antzerkiaren alorrean. Kaleko hainbat antzerki konpainiatan egin du lan, eta ikus-antzerkitik, operatik, musika barrokotik eta publizitatetik ere igaro da.

Oraindik biran jarraitzen duen “Klezmer” zirku ikuskizunaren bultzatzaile nagusia da, eta Belgikako Ronaldo zirkuan aritu da ‘Fili’-rekin eta ‘Brick a Barack’-ekin. Bakarka egin zuen lehenengo sorkuntza lana “Greenman” izan zen, eta haren ondoren “The bed”, antzezle hoberenaren saria Haifako jaialdian 1998an eta “Dans”, protagonista nagusiak ikus-entzuleak diren kaleko ikuskizuna, etorri ziren. Kamchatka taldea sortu eta zuzentzen du.

Zuzendaritza lanetan Adriani laguntzeko, Arriaga Antzokian, Centro Dramático Nacional izenekoan edo Yllana konpainian, besteak beste, 40 antzezlan baino gehiagotan antzezle gisa aritu den Jon Ariño ari da zuzendaritza laguntzaile gisa. Horrez gain, La Machina, Mama Crea, La Dinámica, Teatro Mutante, Hortzmuga edo Salitre konpainietako ikuskizunen zuzendari gisa ere aritu da.