BILBOKO UDALAK BLAS DE OTERO POESIA LEHIAKETAREN VIII. EDIZIOAN SARITUTAKO POESIA LIBURUAK JASOTZEN DITUZTEN BI LIBURUKI ARGITARATU DITU

Mikel Etxaburu Osaren “Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak” (Erein arg.), euskarazko modalitateko 2015eko Blas de Otero Saria eta gaztelaniako modalitatekoa saria jaso zuen Ramón Pérez Parejoren “Gremios” (Devenir arg.) dira.

Bilboko Udalak, Erein eta Devenir argitaletxeen bitartez, Blas de Otero Bilboko Hiria Poesia Lehiaketako 2015eko edizioan saritutako poesia liburuak argitaratu berri ditu. Mikel Etxaburu Osa ondarrutarraren “Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak” (Erein arg.), eta Ramón Pérez Parejo Badajozeko poetaren “Gremios” (Devenir arg.) lanak dira.

Ramón Pérez Parejo (Badajoz, 1967) Hispaniar Filologian doktore da Extremadurako Unibertsitateko Hizkuntza eta Literatura Didaktika sailean. Bere ikerketaren ildoak Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika, Haur eta Gazte Literatura, Zinea eta Hezkuntza, Literaturaren Teoria eta Espainiera Bigarren Hizkuntza gisa dira. Filologo moduan aditua da XX. mendeko bigarren erdialdeko espainiar poesian, Extremadurako poesian eta emakumeek idatzitako poesia latinoamerikar garaikidean.

Poesia liburu horretatik, sariketako epaimahaiak, jatorrizko planteamendua azpimarratu zuen, sakona edukiari dagokionez. Bertan estilo zaindua eta bertso neurtua erabiliz, subjektu poetikoa hainbat ahots bilakatuz/mozorrotuz doa, hainbat ofizio irudikatzeko.

Mikel Etxaburu Osaren “Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak” poesia liburuari dagokionez, bertsoek Niaren eta hiriko paisaiaren arteko lotura adierazten duten era berezia azpimarratu zuen epaimahaiak, emozioz betetako ibilbidea egiten duen ahots poetikoarekin.

Mikel Etxaburu Osa, Bilbon bizi den ondarrutarra Euskal Filosofian doktorea da, eta bi poesia liburu argitaratu ditu, “Zu zara orain txoria” eta “Hodeiak zapatetan”. Horrez gain, duela sei urtetik, irakasle da Mondragon Unibertsitateko Giza eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.

Euskarazko eta gaztelaniazko kategorietan saritutako poemak biltzen dituzten bi liburukiak datozen egunetan egongo dira salgai, eta mailegurako prest Bilboko Udal Liburutegi Sarean.

Blas de Otero Poesia Lehiaketa eta Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketa urtero deitzen ditu Bilboko Udaleko Kultura Sailak. Lehiaketa horien helburua literatura jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea da, bi egile bilbotar horien memoria eta lana bizirik iraunarazteaz gain.

BILBAOPOESIA
Poesia liburuen argitalpena bat dator egun hauetan Bidebarrietako Liburutegian ospatzen ari den eta Bilboko Udalak antolatzen duen BILBAOPOESIA literatur jaialdiarekin. BIHARKO eguna Blas de Otero poetari eskainiko zaio, idazlea Bilbon jaio zenetik ehun urte betetzen diren urte honetan. Horrela, goizean, Museo-Etxeen eta Idazleen Fundazioen Elkartearen urteroko bilera egingo da, eta arratsaldez, Oteroren “Redoble de conciencia” liburuaren inguruko poesia topaketa programatu da. Bertan, Fanny Rubio idazlea, Ramón Andrés saiakeragilea, Adolfo Celdrán kantautorea eta José Fernández de la Sota –Oteroren lana ondoen ezagutzen duen idazleetako bat– arituko dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan.