‘GERNIKA’ FILMAREN ESTREINALDIA BILBON

Foru hiribilduaren bonbardaketa kontatzen duen film luzea aurkeztuko dute Guggenheim Bilbao Museoaren auditoriumean asteazken honetan, hilak 7an.

Ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea egongo dira.

‘Gernika’ filma dugu, Udalak eta Foru Aldundiak ikusentzunezko industria bultzatzeko sustatu duten ‘Bilbao Bizkaia Film Commission’ delakoak egindako lanaren arrakastaren eredu.

‘Gernika’ Bilbon da berriz ere. 2015eko maiatzean eta ekainean Bizkaiko hiriburuan eta Lurraldeko toki ezberdinetan egindako filmaketa gogorra eta gero, foru hiribilduaren bonbardaketa kontatzen duen filma Bilbon izango da berriz ere aurrestreinaldirako. Asteazkenean, hilak 7, 20:30etan Guggenheim Bilbao Museoan izango da aurrestreinaldia. Bertan egongo dira filmaren protagonistak (María Valverde, James d’Arcy eta Bárbara Goenaga), baita Koldo Serra zuzendaria ere. Gainera, talde artistiko eta teknikoko ordezkari ugari ere egongo dira. Ekitaldian erakundeetako ordezkari asko egongo dira; ordezkari garrantzitsuena Iñigo Urkullu Lehendakaria izango da, eta harekin batera egongo dira, baita ere, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea.

Koldo Serra bilbotarrak zuzendutako bigarren film luzea da ‘Gernika’, ekoizpen benetan handia, drama erromantiko eta emozionala kontatzen duena, Euskadiko historiaren gertakari tragikoenetariko baten testuinguruan: 1937.urtean foru-hiribilduan gertatutako bonbardaketa. Filma grabatzean bi milioi euroko eragina sortu da Euskadi osoan; aurre-ekoizpen eta grabaketa faseetan 750 enplegu sortu ziren eta sektore oso ezberdinetako Bizkaiko enpresak kontratatu zituzten. Filmaren eszenak Bizkaiko hainbat lekutan filmatu ziren, besteak beste, Bilbon, Gernikan, Gaztelugatxeko Donianen, Diman, Lekeition eta Barakaldon. Bizkaitik kanpo, Araba eta Gipuzkoako zenbait eremutan ere filmatu dute.

‘Bilbao Bizkaia Film Commission’-en laguntzaz egindako filmaketa

‘Gernika’ Euskadin filmatzeak eta aurrestreinaldia Bilbon izateak ‘Bilbao Bizkaia Film Commission’ erakundeak egindako lanari babes handia ematen dio; ekimena Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu dute Lurraldean mota guztietako ikusentzunezko proiektuak bultzatzeko, tokiko ikus-entzunezko sektoreak filmaketan lan egitea sustatzeko eta sorkuntza-industriaren barnean dauden mota honetako lanak garatu ahal izateko.

‘Bilbao Bizkaia Film Commission’-ek egindako lanen artean arrakasta handia lortu duen lana da ‘Gernika’, filma grabatzean eta ekoiztean 250 enpresek parte hartu zutelako eta inbertsioa bi milioi euroko zenbatekora iritsi zelako Euskadin. Filmari esker, gainera, 125 enplegu sortu ziren zuzenean eta 625 zeharka. Horrez gain, 900 figurantek ere parte hartu zuten filmaketan.

Prentsaurrekoa protagonistekin

‘Gernika’ filmaren protagonistak (María Valverde, James d’Arcy eta Barbara Goenaga) eta Koldo Serra zuzendaria komunikabideekin bilduko dira Guggenheim Bilbao Museoan asteazkenean, hilak 7, 11:00etatik aurrera egingo den prentsaurrekoan.

Bertaratu nahi duten, elkarrizketak eskatu nahi dituzten edo informazio gehiago eskuratu nahi duten komunikabideek mezu elektronikoa bidali diezaiokete Lara P.Camiña andreari: [email protected]