ZINEBIK AZAROAREN 10EAN INAUGURATUKO DU BERE 59. EDIZIOA, LEHIAKETARA AURKEZTU DIREN EUSKAL FILM LABURREN EMANALDIEKIN ETA ALBERTO IGLESIAS KONPOSATZAILE DONOSTIARRARI EMANGO ZAION OHOREZKO MIKELDIAREN BANAKETA EKITALDIAREKIN

Horrez gain, Marco Bellocchio zinegile italiar ospetsuak Bilbo bisitatuko du eta bigarren Ohorezko Mikeldia jasoko du. ZINEBI 59n bere lan garrantzitsuenetako batzuk ikusi ahal izango dira, horien artean La colpa e la pena (1961) film laburra eta I pugni in tasca (1965), Sorelle mai (2010) eta Fai bei sogni (2016) film luzeak. Per una rosa (2017) film laburra jaialdiaren amaiera ekitaldian proiektatuko da.

32 herrialdetako 62 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, lehiaketako hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko borrokan: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean Estatuko 16 lan daude, eta horietatik sei euskal zinegileek egindakoak dira.

Silvano Agosti idazle, zinegile eta banatzaile italiarra, 2009tik Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendaria den Alejandra Trellés eta Haritz Zubillaga zinegile bilbotarra izango dira ZINEBI FIRST FILMeko (ZIFF) film hoberena aukeratuko duen epaimahaia osatuko dutenak. 2016tik, mundu osoko zinegileen opera primei eskainitako sekzio ofizial horretan 9 lan lehiatuko dira, horietatik 8 Estatuan estreinaldi izango direnak.

Lehiaketatik kanpoko “Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama” sekzioak, dokumental egile handien azken garaiko bederatzi ekoizpen lan ikusteko aukera eskainiko digu, horietako batzuk estreinaldia Estatuan, Locarnoko Zinemaldiko Urrezko Lehoinabarraren irabazlea izan den Wang Bing zinegile txinatarraren Mrs. Fang, edo Nancy Buirski zinegile estatubatuarraren The Rape of Recy Taylor, besteak beste.

“Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioan, ZINEBI 59k azken denboretan, gai anitzei buruz, egindako zortzi euskal ekoizpen lani eskainiko die arreta –sei dokumental eta fikzio bi–, eta horien artean dago Álvaro Fierrok eta Ibon Ibarluzeak zuzendu duten eta ZINEBIren lankidetza duen Atrapados por la serpiente proiektuaren estreinaldia, Cancer Moon Bilboko rock taldeari buruzkoa.

Emanaldi berezien artean azpimarratzekoa da Bilbao Sinfonía, Aránzazu Calleja konposatzaile eta biolin joleak eta Álvaro Segovia gitarra eta piano joleak zuzenean interpretatuko duten musika duen ikus-entzunezko poema. ZINEBIren ekoizpen propioa duen eta performance izaera markatua duen lan horren abiapuntua Juan Ortuostek eta Javier Rebollok 1987an zuzendu zuten triptikoa da, eta hiriak azken 30 urteetan izan dituen hirigintza, kultura eta gizarte arloko eraldaketak erakusten ditu.

ZINEBI 59ko Nazioarteko Epaimahaia Iván Arguello Nikaraguako zinegileak, Guadalupe Echevarría artistak, bideo-artearen arloan Euskadiko aitzindarietakoak, Renata Gasiorowska animaziozko zinegile poloniarrak, Lola Mayo gidoilari eta ekoizleak eta Peter Suschitzky argazki zuzendari britainiarrak osatuko dute.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBI59k azaroaren 10ean, arratsaldeko 20:00etan, zabalduko ditu bere ateak Arriaga Antzokian, Alberto Iglesias konposatzaile donostiarrari Ohorezko Mikeldia emanez, mugitzen ari diren irudien esanahi dramatikoa indartzeko duen talentuaren bitartez, bere sorkuntzarako erabateko askatasuna eta bere partituren intentsitate emozionala gaur egungo zine zuzendari handienetako batzuen esku jartzeko gai izan den musikariaren lan osoa aintzatetsiz.

Zinemaldiaren azken edizioetan ohikoa denez, inaugurazio ekitaldia, Sekzio Ofizialean lehiaketara aurkeztutako euskal film laburren proiekzioarekin osatuko da. Beste urte batez, ZINEBI 59ren proiekzioen egoitza nagusia Golem zine-aretoak–Azkuna Zentroa izango da, eta saio berezi batzuk egongo dira Campos Antzokian, Guggenheim Museoaren auditorioan eta Kale nagusiko BBK Aretoan, beste gune batzuen artean.

Edizio honetako Ohorezko bigarren Mikeldia Marco Bellocchio zinegile italiarrari emango zaio, Europako zine garaikidearen zuzendari handienetako baten filmografia luzea aintzatesteko. Ohikoa denez, oraingo honetan Bellocchiok azaroaren 17an hartuko du saria, jaialdiaren amaiera ekitaldian. Horrez gain, ekitaldi horretan bertan bere azken film laburra eskainiko da, Per una rosa (2017).

Aurkeztu diren 98 herrialdetatik etorritako 3.183 film laburretatik, 62 film aukeratu dira Sekzio Ofizialean parte hartzeko, zinemaldiak dituen hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioa (22), dokumentala (21) eta animazioa (17). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean Estatuko 16 daude, eta horietako 6 euskal zinegileek egindakoak dira, eta jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko dira. Hauek dira:

Plágan, Koldo Almandoz (dokumentala).

Una sinfonía en silencio (Cicha Symfonia), Aitor Gametxo (dokumentala).

Lo-ibiltariak, Iñigo Salaberria (dokumentala).

Areka, Begoña Vicario (animazioa).

Aprieta, pero raramente ahoga, David Pérez Sañudo (fikzioa).

Zacarías, Violeta Trincado (fikzioa).

Estatuko Zinearen atalean hauek arituko dira:

Zarpazo, Nerea Castro (fikzioa).

Plus Ultra, Samuel M. Delgado eta Helena Girón (fikzioa).

La inútil, Belén Funes (fikzioa).

El becerro pintado, David Pantaleón (fikzioa)

El paisaje está vacío y el vacío es paisaje, Carla Fernández Andrade (dokumentala).

Improvisaciones de una ardilla, Virginia García del Pino (dokumentala).

Galatée à l’infini, Julia Maura eta Mariangela Pluchino (dokumentala).

Sub terrae, Nayra Sanz Fuentes (dokumentala).

La gran ilusión, Terrorismo de Autor taldea (dokumentala).

Memory of the Land, Samira Badrán (animazioa).

Sari ofizialen artean bere sari espezifikoa duen Latinoamerikako atalean aurten azpimarragarria da Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Mexiko eta Venezuelako filmen presentzia. ZINEBIn orain arte oso ohikoak izan ez diren filmak ere ikusi ahal izango ditugu nazioarteko lehiaketan, Kroazia, Estonia, Haiti, Iran, Lituania eta Mozambikekoak, besteak beste. Partaidetza zabal eta anitzak, bere generoan ospe handia duen lehiaketa honen izaera benetan nazioartekoa egiaztatzen du beste urte batez. Ohikoa denez, Sekzio Ofizialeko film laburrez gain, ZINEBI 59k, lehiaketakoak ez diren zenbait erakusketa programatu ditu, InfoEuskadi eta InfoSpain, alegia. Horiek ere Bilboko Golem Alondegiko zine aretoetan emango dira, eta horretarako 47 film aukeratu dira.

Izan ere, ZINEBIk eutsi egiten dio horrela bere nortasun zeinu nagusietako bati, film laburrari. 1974an Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren (FIAPF) nazioarteko goreneko lehiaketa kategoriako jaialdi aitorpena jaso zuenetik, aurrera jarraitzen du bost kontinenteetako zuzendari gazteen sormena eta talentua bultzatzen, formatu horretako aukeraketaren bitartez. Beste urte batez, mundu osotik etorritako ehun lan baino gehiago eskainiko dizkie Bilboko ikus-entzuleei.

AZAROAREN 17an jakitera emango den ZINEBIren palmaresa sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinearen Sari Nagusiak, Zine Latinoamerikarraren Sari Nagusiak, eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiek, fikzio, animazio eta dokumental kategorietan. Sekzio Ofizialeko Sariak Nazioarteko Epaimahaiak erabakiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak hauek izango dira: Iván Arguello, Guadalupe Echevarría euskal artista, bideo-artearen arloan Euskadiko aitzindarietakoa, Renata Gasiorowska animaziozko zinegile poloniarra, Lola Mayo gidoilari eta ekoizlea eta Peter Suschitzky argazki zuzendari britainiarra.

Beste alde batetik, lehiaketan eta lehiaketatik kanpoko sekzioan (Infoeuskadi) arituko diren euskal film laburrek SGAE Fundazioa – Euskadi Kontseilua Sariak lortu ahal izango dituzte: euskal musika hoberenaren saria, euskal gidoi hoberenaren saria eta euskal zuzendaritza hoberenaren saria. Sari horiek erabakiko dituzten epaimahaikideak Aránzazu Calleja konposatzailea, Pedro Rivero zinegile bilbotarra eta Joanes Urkixo idazle eta gidoilaria izango dira.

Sari horiez gain, EITBk babesten duen Ikus-entzuleen Saria, FAS Zineklub Saria eta umeen balioak eta haien eskubideak ondoen islatzen dituen filma sarituko duen UNICEF saria ere banatuko dira. Aurrera jarraituko du 1.000 euroko saria izango duen ZINEBI-New Talents sariak, 2016-2017 ikasturtean Bilboko zine eskoletan ekoiztutako film labur hoberenaren egilearentzat.

ZINEBI FIRST FILM SARIA

Zinegile berrien bederatzi opera prima lehiatuko dira Jaialdiaren hurrengo edizioan, iaz inauguratu zen eta fikzio, dokumental eta animazio generoko film luzeei zabalik dagoen ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) sekzioaren barruan. Aukeratutako bederatzi lanak zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro dira, Locarnotik, Cannesetik, Berlinetik, Veneziatik edo Sundancetik, besteak beste, eta horietako zortzi ZINEBIn estreinatuko dira Estatuan.

ZIFFen barruan lehiatuko diren filmen artean, aipamen berezia merezi du Austin Lynchen – David Lynchen semea– lehenengo lan luzea den Gray House lanak, Matthew Boothekin batera zuzendutakoak. Modu iradokigarrian eta berezian, Estatu Batuetako langileen eguneroko bizimodua eta borroka islatzen duten bost istorio erakusten ditu, abstrakzioa, errealitatea eta ametsak nahastuz. Horrez gain, eta bitxikeria gisa, Denis Lavant (Holy Motors) eta Aurora Clement (Apocalypse Now), antzezle ezagunen kameoak azpimarratu behar dira.

ZIFFeko aukeraketan beste izenburu batzuk ere azpimarratu behar dira, Locarnoko Nazioarteko Zinemaldian (Suitza) Aipamen Berezia jaso zuen Cyril Schäublinen Dene wos guet geit (Those Who Are Fine); Ingelesa ez den Beste Hizkuntza batean egindako Film Hoberenaren Hollywoodeko Akademiaren Oscar Sarirako hautagai izan den Afganistango Namai Ba Rahis Gomhor (A Letter to the President) lana; edo, Canneseko Nazioarteko Zinemaldiko (Frantzia) ACID sekzioan estreinatu zen, Torontoko Nazioarteko Zinemaldian (TIFF, Kanada) parte hartu duen, eta Jerusalemeko Nazioarteko Zine Jaialdian Israelgo Film Hoberenaren, Gizonezko Antzezle Hoberenaren eta Argazki Hoberenaren saria lortu dituen Matan Yairren Pigumim (Scaffolding). Hiruak ere ZINEBI barruan estreinatuko dira estatu mailan.

ZINEBI FIRST FILM Saria erabakiko duen nazioarteko epaimahaia Silvano Agosti idazle, muntatzaile, zinegile eta erakusle italiarrak, 2009tik Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendaria den Alejandra Trellések eta Haritz Zubillaga zinegile bilbotarrak osatuko dute.

MUNDUKO DOKUMENTALAK

Programazioaren barruan bere nortasun zeinu historikoetako bat, film luze dokumentala, izan denaren presentzia finkatzeko asmoz, jaialdiak, duela denbora gutxi egindako bederatzi film aukeratu ditu “Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama”, izeneko lehiaketatik kanpoko ziklorako. Film horiek oso gai eta hizkuntza formal desberdinak erakusten dituzte, egungo munduan erabateko gaurkotasuna duten gaiak azaltzeko, Alzheimerra, kanibalismoaren errealitate beldurgarria planteatzen duen giza haragiaren eta desio sexualaren arteko erlazioak, edo Israelgo eta Palestinako herritarrek Israelek Palestinan gauzatzen duen okupazio militarraren ondorio larriak gainditzeko egiten dituzten esfortzuak, besteak beste.

Aukeratutako filmen artetik bi ZINEBI 59n estreinatuko dira estatu mailan. Nancy Buirskiren The Rape of Recy Taylor eta Locarnoko Zinemaldiko Urrezko Lehoinabarraren irabazlea izan den Wang Bingen Mrs. Fang. Zinegileak Bilbo aukeratu du berriro Estatuan bere azken dokumentala aurkezteko. 2006an Lampa cu caciula film laburrarekin Jaialdiko Sari Nagusia lortu zuen Radu Jude zuzendari errumaniarra ere jaialdira itzuliko da, The Dead Nation lanarekin, naziek aurrera eramandako medikuntzari buruzko entsegu dokumentala, sendagile judu baten egunerokoan eta Errumaniako herrixka batean aurkitutako argazkietan oinarrituta.

Beste lan azpimarragarri batzuk hauek dira: Caniba (Lucien Castaing-Taylor, Verena Paravel. Frantzia, 2017), urte honetan bertan Veneziako Nazioarteko Zinemaldian aukeratua izan den eta bertan Orizzonti saria lortu duen kanibalismoaren esperientziari buruzko azterlana; diziplina anitzeko Ai Weiwei artista ezagunaren Human Flow; Visions du Réel jaialdian (Nyon, Suitza) Opera Prima berritzaileenaren saria lortu duen Niñato (Adrián Orr. Espainia, 2017); edo mundu mailako estreinaldia Cannesen izan duen Visages, villages (Agnès Varda, JR. Frantzia, 2016).

Beste alde batetik, aurreko edizioetan egin den bezala, ZINEBI 59k arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi egindako euskal ekoizpen lanei, “Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioaren barruan. Oraingo honetan zortzi lan aurkeztuko dira, sei dokumental eta fikzio bi. Programazioaren barruan, ZINEBIren laguntza duen eta Álvaro Fierrok eta Ibon Ibarluceak zuzendu duten Atrapados por la serpiente lanaren estreinaldia jasotzen da. Lanak, Cancer Moon Bilboko rock taldearen ibilbide pertsonalean eta taldekoan sakontzen du. Estreinaldia azaroaren 16an izango da, BBK Aretoan, arratsaldeko 20:00etan.

Davide Cabaleirok egindako Sitio distinto dokumentalari dagokionez, ikerketa historiko entsegu interesgarria egiten du 120 urte baino gehiagoz Galiziatik Euskal Herrira etorritako inmigrazioari buruz, eta baita milaka urte dituzten bi kultura horien topaketatik denbora tarte horretan sortu diran harremanei buruz ere. Dokumentalak Kepa Junkera edo Kirmen Uribe artisten testigantza du, besteak beste. Atal horretan beste dokumental bat ere azpimarratu behar da, Franck Dolosorrek zuzendutako Estitxu, euskarazko musikaren abeslari aitzindarietakoa izan zen Estitxuren figurari (Estibaliz Robles Aranguiz, 1944-1993) eskainitako omenaldi hunkigarria.

EMANALDI BEREZIAK

Beste urte batez, proposamen berezienetakoak eta jendearentzat interesgarrienetakoak gure zinearen oroimena berreskuratzera zuzendutako Emanaldi Bereziak izango dira. Hori da Bilbao Sinfonía lanaren kasua: Bilboko Udalaren aginduz, Juan Ortuoste eta Javier Rebollo zinegileek hiriari buruz egin zuten film labur dokumentalen triptikotik  (Bilbao en la memoria, Bilbao como un mosaico eta Bilbao, mientras tanto) hiru hamarkada igaro direnean, hiru zine erretratu horiek abiapuntu gisa hartuta, ZINEBI 59k ekoizpen propio hau aurkeztuko du.

Performance izaera nabarmena duen Bilbao Sinfonía lanak, azken 30 urteetan Bilbok izan dituen hirigintza, kultura eta gizarte arloko eraldaketak erakusten ditu. Horretarako, XXI. mendeko hiriaren irudiak, joan den mendeko 70eko hamarkadan filmatutakoen gainean jarriko dira, ikus-atmosfera iradokigarria sortuz. Eszenan jartzean, pantaila gainean mugitzen ari diren irudiak ere ikusiko ditugu, Aránzazu Calleja konposatzaile eta biolin joleak eta Álvaro Segovia gitarra eta piano joleak zuzenean interpretatuko duten sinfoniarekin. BIlbao Sinfonía azaroaren 11n aurkeztuko da BBK Aretoan, arratsaldeko 19:30ean.

Beste alde batetik, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, eta jaialdiak gure zine ondarea berreskuratzen eta zabaltzen laguntzeko duen konpromisoarekin bat etorriz, ZINEBI 59k Puerto Bilbao aurkeztuko du inaugurazio ekitaldian. Bilboko historiako funtsezko kapitulu bati buruzko dokumentu interesgarria eta ia ezezaguna da. 1925ean egin zen, Portuko Obren Batzarraren aginduz. Zine mutuaren garaiko film labur horren jatorria, orduko Portu Agintaritzak garai hartan Euskal Herriko kostaldea astindu zuen denborale izugarria zeluloidean erregistratzeko izan zen asmoan dago. Filmazioa Pedro González Blanco eta Joaquín Soler zinegileena dela uste da (hori ezin izan da egiaztatu), eta balio dokumental handiko Bilboko irudiak jasotzen ditu.

Emanaldi berezien barruan azpimarragarriak dira, baita ere, nazioarteko epaimahaiko kide diren Iván Argüellori eta Silvano Agostiri, Carlos Pérez Merinero idazle, gidoilari eta zinegileari eskainitakoak edo Eivissako Paco Juan (Francesc Juan Costa, Eivissa 1949-Bilbao, 2013) zinegileari egingo zaion omenaldia. Bilboko Arte Eder Eskola Zaharreko sortzaileetakoa izan zen, eta Pintura saileko irakasle gisa aritu zen bertan 1971tik. Pedro Guashekin batera izaera underground eta esperimental nabarmena izan zuten lau film sinatu zituen, garai hartan nagusi ziren ekoizpen moduekin kontrajarriz.

Aipatzekoa da, baita ere, Pabellón 6 aretoak ZINEBI 59rekin izango duen lankidetza, Aida Argüellesek eta Maite Ojerrek zuzendutako Los Goliardos dokumentalaren aurkezpenarekin, zinea eta antzerkia, eszenako arte diren heinean, betidanik bateratu dituzten lotura intelektual eta artistiko intimoak agerian uzten dituen film ariketa interesgarria. Dokumentalak, antzerki konpainia horren joan etorri artistikoaren, politikoaren eta bizitzakoaren berri ematen du, protagonistei egindako elkarrizketekin eta horien testigantzekin, horien artean Forges, Alberto Corazón, Mario Gas, Carlos Álvarez-Novoa, Pedro Casablanc, Santiago Ramos, Ignacio Iglesias eta Nancho Novo.

ZINEBINDUSTRY

Bilboko eta Euskadiko ikus-entzuneko industriaren garapenari laguntzeko xedez, ZINEBI 59k bi topaketa antolatu ditu, zinegile berrien, enpresen, profesionalen eta ikus-entzunezko sektorea osatzen duten adituen arteko harremana bultzatzeko. Horrela, Zinebindustry izenarekin, eta Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) lankidetzan, Zinema-Networking bat egingo da azaroaren 14an Campos Antzokiko Kupula aretoan. Proiektu irabazleak 6.000 euro eta sektoreko enpresen laguntza izango ditu, aurrera egin ahal izateko.

Beste alde batetik, azaroaren 16an ikus-entzule berriei eta gizarte globalean ikus-entzunezko ekoizpen lan independenteak erakusteko modu berriei buruzko jardunaldi profesionala egingo da. Bertan, ekoizpenaren, banaketaren eta erakusketaren alorretako estatu mailako eragile ezagunak egongo dira.

Aurten ere, ZINEBI 59k goizeko saioak eskainiko ditu Golem-Alhondiga zine aretoetako auditorioan, ZINESKOLA sekzioaren barruan. Bilboko ikastetxeetako umeek, eurei zuzendutako nazio eta nazioarte mailako azken lanez gozatzeko aukera izango dute. Film hauek eskainiko dira: Axel, heroi txikia (Leo Lee. Japonia, 2014. Ani. 80 min.), Zikoinak (Nicholas Stoller, Doug Sweetland. EE.BB.,  2016. Ani. 87 min.), Igelen erresuma (Nelson Shin. Txina, 2013. Ani. 86 min.) eta umeentzako gaiak aurkezten dituzten marrazki bizidun film labur aukeraketa jasotzen duen saio berezia. 

Karteldegiari, ordutegiei, prezioei eta beherapen bereziei buruzko informazio guztia zinemaldiaren webgunean dago jada: www.zinebi.eus