BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN – ZINEBIREN 59. EDIZIOAK BILBAO SINFONÍA AURKEZTUKO DU GAUR ARRATSALDEAN, ARÁNZAZU CALLEJAREN ETA ÁLVARO SEGOVIAREN ZUZENEKO MUSIKA IZANGO DUEN IKUS-ENTZUNEZKO POEMA

Performance izaera nabarmena duen ZINEBIko ekoizpen propioaren abiapuntua Juan Ortuostek eta Javier Rebollok 1987an zuzendu zuten triptikoa da, eta hiriak izan dituen hirigintza, kultura eta gizarte arloko eraldaketak erakusten ditu.

Emanaldia gaur arratsaldean izango da Kale Nagusiko BBK Aretoan, 19:30etik aurrera.

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI), Bilbao Sinfonía aurkeztuko du gaur arratsaldean –BBK-Kale Nagusia, 19:30ean–, jaialdiaren ekoizpen propioa, abiapuntu gisa Juan Ortuostek eta Javier Rebollok 1987an zuzendu zuten triptikoa hartzen duena, eta hiriak azken 30 urteetan izan dituen hirigintza, kultura eta gizarte arloko eraldaketak erakutsi nahi dituena.

Ikus-entzunezko poema gisa prestatuta, irudiekin batera zuzeneko musika eskainiko da, Aránzazu Callejak eta Álvaro Segoviak konposatuta eta interpretatuta, Galder Creo perkusio jolearekin lankidetzan, Katixa Agirre idazleak errezitatuko dituen testuekin. Terrritorios y Fronteras. Research on Documentary Filmmaking (UPV/EHU) proiektuaren ekimenez ZINEBI59k ekoiztu duen lana gaur goizean aurkeztu da Bilbon komunikabideen aurrean, Ernesto del Río ZINEBIko zuzendaria, Vanesa Fernández Guerra jaialdiko programatzailea, Aránzazu Calleja eta Álvaro Segovia bertan zeudela.

Izan ere, beste urte batez, proposamen berezienetakoak eta jendearentzat interesgarrienetakoak gure zinearen oroimena berreskuratzera zuzendutako Emanaldi Bereziak izango dira. Hori da Bilbao Sinfonía lanaren kasua: Bilboko Udalaren aginduz, Juan Ortuoste eta Javier Rebollo zinegileek hiriari buruz egin zuten film labur dokumentalen triptikotik (Bilbao en la memoria, Bilbao como un mosaico eta Bilbao, mientras tanto) hiru hamarkada igaro direnean, hiru zine erretratu horiek abiapuntu gisa hartuta, ZINEBI 59k ekoizpen propio hau aurkeztuko du.

Ortuostek eta Rebollok, joan den mendearen 20ko eta 30eko urteetan hainbat zinegilek, Cavalcanti, Ruttman, Vigo, Vertov edo Ivensek Parisi, Berlini edo Nizari buruz egin zituzten sinfonien modukoa egin zuten. Bilboko irudiek, bertako eraikinek, itsasadarrak, zubiek, trenek, kaleek, automobilek, mugimenduak, jendeak, lanak eta hiriko espazioak esanahia hartzen zuten, sinfonia haietan gertatzen zen bezala, Bilboko hiriaren gogortasuna eta hiriko bizitzaren izaera mekanikoa, errepikakorra eta makina itxurakoa azpimarratzen zituen muntaketaren bitartez, elkartzeen, kontrasteen eta gainjartzeen bidez.

Baina ordurako Bilbok jasaten zituen industria gainbeheraren ondorioak, bere fisonomia eta hiri gisa zuen izaera eraiki zituen garapen ekonomiko eta sozial ereduaren amaiera nabaria zen. Eta krisia eta etsipena argi eta garbi islatzen ziren dokumentalen irudien bitartez, hiriaren eta bere etorkizunaren ikuspegi iluna eta ezkorra eskainiz.

Gaur, hogeita hamar urte geroago, Bilbo asko aldatu da. Dagoeneko ez da industrian oinarritutako hiria. Itsasadarrean bizirik diraute oraindik zenbait burdinolak eta ontziolak, baina dagoeneko ez dira bertako ekonomiaren erdigunea, eta ez daude hiriaren erdialdean. Itsasadarrak hiria egituratzen du eta Bilbo, gaur egun, zerbitzuetara eta turismora zuzendutako hiria da, horiek baitira garapenaren motor berriak, Guggenheim Museoaren eta Hiriaren irudi berria osatzen duen arkitektura berritzailearen bitartez.

BILBO BERRIA
Performance izaera nabarmena duen Bilbao Sinfonía lanak, azken 30 urteetan Bilbok izan dituen hirigintza, kultura eta gizarte arloko eraldaketak erakusten ditu. Horretarako, XXI. mendeko hiriaren irudiak, joan den mendeko 80ko hamarkadan filmatutakoen gainean jarriko dira, ikus-atmosfera iradokigarria sortuz. Eszenan jartzean, pantaila gainean mugitzen ari diren irudiak ere ikusiko ditugu, Aránzazu Calleja konposatzaile eta biolin joleak eta Álvaro Segovia gitarra eta piano joleak zuzenean interpretatuko duten sinfoniarekin, Galder Creo perkusio jolearekin lankidetzan, Katixa Agirreren testuekin.

Ekoizpen lan honekin, ZINEBIk Euskadin garrantzia hartzen ari diren artista gazteen aldeko apustu argia erakutsi nahi du beste urte batez eta, halaber, gure hiriko ikus-entzuleak gonbidatu nahi ditu, egungo Bilbori buruzko gogoeta egitera, hiri moderno eta munduaren aurrean irekita dagoena, aldi berean oroimenerako, gure orainaldia eta gure etorkizuna modelatuz joan diren iraganeko gertakarien oroitzapenerako, espazioa ere eraikitzen dakiena, norbanakoen gertakari txikiekin eta guztien gertakari handiekin eraikitako oroimena, oroimenen oroimena, hitzen gainean eraikitako hitzak.

Aránzazu Calleja (Bilbo, 1977) Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean eta biolin irakaslea Bilboko Musika Goi Kontserbatoriotik. Haritz Zubillaga (Las horas muertas, 2007; She’s Lost Control, 2010; El ataúd de cristal, 2016), Sergio Barrejón (El encargado, 2008; La media pena, 2011) eta Javier Rebollo (Anfitrioi berezia, 2012; Alaba zintzoa, 2013; Txarriboda, 2014) zuzendarien ohiko konposatzailea da. Azken aldian egin dituen lanen artean azpimarragrria da Psikonautak. Ume ahaztuak (Alberto Vázquez, Pedro Rivero, 2015) filmaren soinu banda.

Álvaro Segovia konposatzaile bilbotar ezagunari dagokionez, Cavaliereko liderra da –Galder Creorekin batera–, soinu banden sortzailea eta musika prestatzailea. Bonzosen punk rock-etik Atom Rhumbaren garai hoberenera, Álvaro Segoviaren irudia ezinbestekoa da azken hamarkada bietako Bilboko rockaren barruan. Horrez gain, Abraham Bobaren edo Nacho Vegasen indietik Right Onsen edo Rubiaren rockera doazen lankidetzak egin ditu. Duela denbora gutxi zinerako eta dokumentaletarako soinu banden ekoizle eta konposatzaile lanean zentratu da.