BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN – ZINEBIREN 59. EDIZIOAK DAVIDE CABALEIROREN SITIO DISTINTO DOKUMENTALA ESTREINATUKO DU “BERTOKO BEGIRADAK – MIRADAS DESDE EUSKADI” SEKZIOAREN BARRUAN

Emanaldia BIHAR izango da Kale Nagusiko BBK Aretoan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Gaur arratsaldean, 20:00etan, areto berean, eta “Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadi” sekzioaren barruan, Olivier van der Zeeren Arte al Agua. Los bacaladeros de Terranova dokumentala eskainiko da.

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI), Davide Cabaleiroren Sitio distinto dokumentala estreinatuko du “Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadi” sekzioaren barruan. Euskadira heldutako Galiziako migrazioaren historia eta sortutako lotura kulturalak kontatzen ditu.

Bihar, astelehenean, 20:00etan, Kale Nagusiko BBK Aretoan eskainiko den filma gaur goizean aurkeztu da Bilbon, Davide Cabaleiro zuzendariaren presentziarekin, Ernesto del Río ZINEBIko zuzendariak eta Vanesa Fernández Guerra jaialdiko programatzaileak lagunduta.

Horrela, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, euskal ikus-entzunezkoen industriako ekoizleen, zinegileen, teknikarien eta profesionalen aldeko apustu sendoa egiten jarraitzen du bere programazioan eta aurreko edizioetan egin duen bezala, ZINEBI 59k arreta berezia eskainiko die azken aldiko euskal ekoizpenei, “Bertoko begiradak – Miradas desde Euskadi” sekzioaren barruan.

Oraingo honetan zortzi lan aurkeztuko dira, sei dokumental eta fikziozko bi film. Davide Cabaleirok egindako Sitio distinto dokumentalak, 150 urte baino gehiago luzatu zen Galiziatik Euskal Herrira etorritako inmigrazioari eta milaka urte dituzten bi kultura horien topaketatik denbora tarte horretan sortu diren harremanei buruzko ikerketa saiakera lan interesgarria erakusten du. Dokumentalak Kepa Junkera edo Kirmen Uribe artisten testigantza du, besteak beste.

Duela zazpi urte Davide Cabaleiro A Coruña utzi eta Gipuzkoara etorri zen, bere ikasketekin jarraitzeko. Denbora asko igaro aurretik Euskadira etorritako galiziarren migrazioaren errealitatearen berri jaso zuen, beretzat ia guztiz ezezaguna zena. Horrela, duela bost urte, gaur Sitio Distinto bilakatu den horretan lanean hasi zen, Galiziatik irtendako migrazio olatuak erakusten dituen dokumentala. Bidaia duela 150 urte hasi zen, burdin meategietara, eta ondoren arrantza, industria… etorri ziren, gaur egun Euskadin ugari diren gazte galiziarretara heldu arte. Denboran zehar bi herriak elkartu dituen bidea.

ETBren lankidetza duen dokumentala, XIX. mendearen bukaeratik gaur egun arteko bidaia da, galiziarrak Euskadira etortzeko zergatiak ulertzeko. Eta zergatik geratu ziren ulertzeko, batez ere. Eta erabaki horren ondorioz, bi herriak elkartzea eta musika, literatura, gizarte eta kultura mailan elkarren artean sortu ere egin dutela ikusteko. Etorkin horiek bestelako leku batera heldu ziren, eta bertakoentzat bestelako lekuak bilakatu ziren auzoak sortu zituzten. Azkenean, euskal kulturarekin eta hizkuntzarekin elkartzen diren bestelako hizkuntza, ohiturak, kultura.

BESTE BEGIRADA BATZUK
“Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadi” programazioaren barruan, ZINEBI 59ren laguntza duen eta Álvaro Fierrok eta Ibon Ibarluceak zuzendu duten Atrapados por la serpiente lanaren estreinaldia ere jasotzen da. Lanak, Cancer Moon Bilboko rock taldearen ibilbide pertsonalean eta taldekoan sakontzen du. Estreinaldia azaroaren 16an izango da, BBK Aretoan, arratsaldeko 20:00etan.

Atal horretan, Euskal Telebistarekin batera ekoiztutako beste hiru dokumentalen aurre-estreinaldia ere azpimarratu behar da. Franck Dolosorrek zuzendutako Estitxu, euskarazko musikaren abeslari aitzindarietakoa izan zen Estitxuren figurari (Estibaliz Robles Aranguiz, 1944-1993) eskainitako omenaldi hunkigarria; Alberto Rojoren El latido de Urdaibai; eta Olivier van der Zeeren Arte al agua. Los bacaladeros de Terranova dokumentala, Ternuan aritu ziren azken arrantzaleen une latzen eta sufrimenduen, ametsen eta motibazioen, erretratu intimoa erakusten duena. Arte al agua. Los bacaladeros de Terranova film luze dokumentala gaur arratsaldean eskainiko da Kale Nagusiko BBK Aretoan, 20:00etatik aurrera.

“Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadi” sekzioa Fermín Aioren Margarita Alexandre dokumentalarekin, eta Ander Parodyren Entzungor eta Elbio A. Nielsenek zuzendutako The Plot Point fikzioekin osatuko da.