BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN – ZINEBIREN 58. EDIZIOAK OHOREZKO MIKELDIA EMANGO DIO GAUR ARRATSALDEAN JAIME CHÁVARRI ZINEGILEARI, ZINE DOKUMENTALAREN LAN NAGUSIETAKOA IZAN ZEN “EL DESENCANTO” LANA ESTREINATU ZENETIK 40 URTE BETE DIRENEAN

Banaketa ekitaldia gaur izango da, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian, Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Horrez gain, ekitaldi berean, lehiaketara aurkeztu diren euskal film laburrak eskainiko dira, eta Deustuko Unibertsitateko biltegi batean egon diren eta orain arte inoiz ikusi ez diren 1943-1944ko Bilboko zenbait irudi zaharberritu aurkeztuko dira.

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia (ZINEBI) gaur arratsaldean jarriko da martxan, Jaialdiaren Ohorezko Mikeldia jasoko duen Jaime Chávarri zuzendari, gidoilari, antzezle eta zine kritikariari eskainiko zaion omenaldiarekin, erabat pertsonala den zinegilearen obra osoa aintzatetsiz, izan ere, bera barik, gaur egungo ikus-entzuleek ez lituzkete ulertuko Espainiako zine garaikidearen bilakaeraren funtsezko zenbait alderdi. Banaketa ekitaldia jaialdiaren inaugurazio galan izango da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian.

Bere 58. edizioan, ZINEBIK Jaime Chávarrirekin ospatu nahi du bere zinean funtsezkoa den eta Espainiako dokumentalari ordura arte ikusi gabeko ikuspegiak zabaldu eta ibili gabeko bideak eman zizkion “El desencanto” lanaren estreinaldiaren 40. urteurrena. Baina, beste ezer baino lehen, Jaialdiak zinegilearen lan zabala omendu nahi du bere Ohorezko Mikeldiarekin, izan ere, horren bitartez, sorkuntzarako askatasun paregabearekin, ondo eta txarto egindako gauzen aurrean erakutsi duen argitasunarekin eta begirada irribarretsu eta eszeptikoarekin, giza izaeraren eta haren pultsio intimoenen txoko emozional ezkutuenak aztertzen jakin izan du.

1943an Madrilen jaiotako Jaime Chávarri Zuzenbidean lizentziatu zen Madrilen, Iván Zulueta adiskidearekin bi urte egin zituen Escuela Oficial de Cinematografía (EOC) izenekoan eta Film Ideal aldizkarian zine kritikak idazten hasi zen garai hartan. Oso gaztetatik, Super8 kamera batekin, lehen pausoak eman zituen film laburren zuzendari gisa, begirada bereziarekin eta sarritan nahaslearekin. EOC Eskolan egin zuen lehenengo praktiketako bat, protagonista trabesti bat zuen eta Eskolako zuzendaritzak zentsuratu zuen “El asesinato de Sharon Tate” izan zen. Zentsura hark ikasleen greba eragin zuen. 1971n “Estado de sitio” film laburrak Urrezko Mikeldia irabazi zuen garai hartan Certamen Internacional de Cine Documental y Cortometraje de Bilbao izena zeraman jaialdiaren 13. edizioan.

“Los viajes escolares” (1973), lan kontzeptuala eta formaren aldetik konplexua, erreferentzia autobiografikoz betea, izan zen zine komertzialerako egin zuen lehenengo lana. Urte batzuk geroago sekuela bitxia izan zuen “El río de oro” (1985) lanean. Halaber, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Jaime Chávarri zuzendari artistiko gisa aritu zen Carlos Sauraren (“Ana y los lobos”, 1972) eta Víctor Ericeren (“El espíritu de la colmena”, 1973) esanetara. Gainera, hainbat unetan, agerpen laburrak izan ditu antzezle gisa Luis García Berlangaren, Fernando Fernán Gómezen eta Pedro Almodóvarren filmetan, besteak beste.

1976 eta 1980 artean Elías Querejeta ekoizlearekin izan zuen lankidetzak erakusten du, inolako zalantzarik gabe, bere filmografiako une garrantzitsuena. Garai horretakoa da, hain zuzen ere, “El desencanto” (1976) lana. Garai hartan dagoeneko hilda zegoen Leopoldo Panero poetaren familiaren kronika latza da. Poetak lotura ideologikoa zuen frankismoarekin. Felicidad Blanc alarguna eta Juan Luis, Leopoldo eta Michi semeak dira, niaren eta guaren artean, bikoteko eta gurasoen eta seme-alaben arteko harremanen txoko ezkutuenak aztertzen dituen lanaren benetako protagonistak, eta, ikuspegi orokorragotik, Gerra Zibilak traumatizatutako herrialde baten zuntz morala.

Etapa emankor horren ondoren, Jaime Chávarrik aldatu egin zuen bere lanaren norabidea eta lankidetza epealdi luzea hasi zuen Alfredo Matas ekoizlearekin. Urte horietan zinegileak Espainiako idazleen literatur lanen zinerako moldaketak hartu zituen bere ardurapean, Llorenç Villallonga (“Bearn” edo “La casa de muñecas”, 1982) edo Fernando Fernán Gómez (“Las bicicletas son para el verano”, 1983) egileenak, besteak beste.

Garai horren amaiera aldean, Jaime Chávarrik berriro aldatu zuen norabidea, generozko zinearen lurraldeetan murgiltzeko, erreferentzia puntu gisa musikan oinarritzen zen melodrama hartuz. Inspirazio horretan oinarrituta zuzendu zuen, besteak beste, Ángela Molina eta Manuel Bandera protagonista zituen “Las cosas del querer” (1989), bere arrakasta komertzial garrantzitsuenetakoa. Horrez gain, antzerki zuzendari gisa ere lanen bat egin du, nazio eta nazioarte mailako dramaturgo garrantzitsuenen lanak zuzenduz, horien artean Martín Recuerda, Edward Albee eta Oscar Wilde.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) Jaime Chávarriri eskainiko dion omenaldiaren barruan, “El desencanto” (1976) lana eskainiko da bihar, LARUNBATEAN, azaroaren 19an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Guggenheim Museoko auditorioan. Zuzendaria bertan egongo da, eta ikus-entzuleekin konpartituko du dokumental horri buruz duen ikuspegia. Datorren asteazkenean, azaroaren 23an, “Dedicatoria” (1980), egilearen film eder eta berezienetakoa, programatu da.

EUSKAL FILM LABURRAK
Jaialdiaren azken edizioetan ohikoa denez, inaugurazio saio horretan Sekzio Ofizialaren barruan lehiaketara aurkeztuko diren euskal film laburrak eskainiko dira. Hauek dira: Jon Garañoren eta José María Goenagaren Renovable, (fikzioa), Aitor Gutiérrezen Ulises (fikzioa), Kepa Sojoren Hileta (fikzioa), Iván Sokoloven Anónimo (fikzioa), María Elorzaren eta Maider Fernándezen Gure Hormek (dokumentala), eta Begoña Vicarioren Jane, Tarzan ez zen horren guay (animazioa). Gaur arratsaldean aurkeztuko da, baita ere, hamarkada luzez Deustuko Unibertsitateko biltegi batean bertan behera utzita egon diren eta orain arte inoiz ikusi ez diren 1943-1944ko Bilboko zenbait irudi zaharberritu.

Horrez gain, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, eta jaialdiak gure zine ondarea berreskuratzeko eta ezagutarazteko lanean laguntzeko eta hori bultzatzeko duen konpromisoarekin bat etorriz, ZINEBI 58k, 70 urte baino gehiagoz Deustuko Unibertsitateko biltegi batzuetan argia ikusi gabe egon diren zenbait irudi aurkeztuko ditu, zaharberritu eta gero. 16 eta 35 mm-ko zuri-beltzezko film erroiluak dira, 45 minutu inguruko iraupenekoak. 1943 eta 1944 arteko irudiak filmazio gordinak dira –muntaketarik, soinurik eta musikarik gabeak– ziurrenez pertsona batek baino gehiagok filmatutakoak.

Irudi horietan oinarrituta, ZINEBI 58k, Bilboko Basque Films ekoizpen etxeak egindako Universitas Deustensis, 1943-1944 izeneko hamar minutu inguruko iraupeneko muntaketa lana eskainiko du bere inaugurazio ekitaldian. Lan horren aurkezlea Espido Freire idazlea izango da. Filmean, garai hartako goi mailako familietako zenbait gazte ikus daitezke garaiko unibertsitateko bizitzan ohikoak ziren zenbait jardueratan: estropadak itsasadarrean, futbola, ekitaldi akademikoak, karitateko bisitak Misericordiako zaharrei eta baita, bitxia bada ere, bi emakumeren presentzia unibertsitateko campusean. Irudiak berreskuratzeko lan hori Deustuko Unibertsitateko fundazioaren 130. urteurrena dela eta antolatu diren jardueren barruan sartzen da.