BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK – ZINEBIK, NOSOTRAS, MUJERES DE EUSKALDUNA, BILBOKO ONTZIOLAREN ALDE ARITU ZIREN EMAKUMEEN BORROKARI BURUZKO LARRAITZ ZUAZOREN DOKUMENTALA ESTREINATUKO DU ASTELEHENEAN

ZINEBI 58k –ETBren eta UPV/EHUren laguntzaz– ekoiztutako filmak hiriaren oroimen kolektiboko gertakari bat berreskuratu eta 1984. urtearen amaieran Euskalduna Ontziolen itxieraren kontra indarra hartu zuten mobilizazioetan emakumeek bete zuten lekua azpimarratu nahi du.

Nosotras, mujeres de Euskalduna LARUNBATEAN aurkeztuko da ikus-entzuleen aurrean, arratsaldeko 20:00etan, Kale Nagusiko BBK Aretoan, Vanesa Fernández Guerra eta Patxi Azpillaga komisario diren “Lan egin, borrokatu, eutsi” zikloaren barruan. Ziklo horretan bertan, 80ko hamarkadatik gaur egunera arteko Bilboko langileen borrokari buruzko Iñaki Billelabeitiaren Los de los tiragomas somos todas izeneko performancea eskainiko da AZAROAREN 24an.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – Zinebi 58k, Euskalduna Ontziolen jarraipenaren defentsan emakumeek egin zuten borrokari buruz Larraitz Zuazo zinegile bilbotarrak zuzendu duen Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentala estreinatuko du larunbatean. Jaialdiak ekoiztu duen laugarren lana da, Errautsak, Distantziak eta Bilbao Bizkaia – Exterior Día film kolektiboen ondoren. Horrela, ZINEBIk aurrera jarraitzen du ekoizpen propioaren eta euskal ikus-entzunezko sorkuntzaren aldeko apustuaz. Saioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da Kale Nagusiko BBK Aretoan.

65 minutuz, Territorios y Fronteras proiektuaren ekimenez ZINEBIk ekoiztu duen eta ETBren eta UPV/EHUren laguntza ere baduen dokumentalak, desagertzen ari den Bilbo horren oroimenaren parte bat berreskuratu nahi du, eta oso modu berezian egin nahi du, alor horretan gehienetan zabaldu direnen desberdinak diren ikuspuntua eta narrazio ardatza proposatuz, 80ko hamarkadaren amaieran, lantegiaren eta lanpostuaren defentsan ari ziren langileen borrokarekin bat egin zuten emakumeena.

Araitz Rodríguez filmaren gidoilaria eta Euskaldunako Ontzioletako behargin baten alabak, 1983 eta 1988 bitartean Bilbon gertatu zen borrokaren memoria berreraikitzeko zeregina hartu du bere gain, ontziolak ixtea saihestu ez zuen borrokarena. Horretarako, amaren ikuspegiaz, eta greban zeuden beharginei babesa emateko 1984an sortu zen Euskaldunako Emakumeen Asanblada (EEA) delakoan parte hartu zuten beste emakume batzuen ikuspegiaz baliatuko da. Emakume horietako zazpik euren lekukotza eskaini dute, hiru hamarkada baino gehiago igaro ostean lan hau egiteko: Eva Cerrato, Loli García, Begoña Gutiérrez, Andrea Gutiérrez, Maribí Marañón, Yoli Rodríguez eta Eli Zugaza.

Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalaren helburua, 1983 eta 1988 artean, garai hartan 2.500 langile baino gehiago zituen Euskalduna Ontziolen jarraipenaren defentsan borrokatu ziren emakumeen –bikotekide, emazte eta alaba– mobilizazioaren memoria berreraikitzea da. Memoria desberdina da, izan ere, antzeman daitekeen porrotaz gain, eta eman zitzaizkien emazte eta ama zereginetatik haratago, emakume haiek borrokan zuzenean parte hartzeak euren buruarentzako baieztapena eragin ez ezik, kontzientzia hartzea eta emakume izatearen zailtasunen aurrean ahalmentzea eta nagusiki gizonena zen inguruan era horretan azaltzea ere eragin zuen.

Emakumeen borroka hura 1984ko udazkenean hasi zen gorpuzten, eta abenduaren 1ean iritsi zen gorengo mailara ontzioletan bertan 24 orduz egindako itxialdiarekin. Ekintza hori, letra larriz idazten den Historiaren ikuspuntuaren arabera garrantzirik gabekoa dela eman dezakeen arren, balio sinboliko eta politiko handikoa da, eta lekuaren eta denboraren dimentsioetara hedatzen da.

Larraitz Zuazo zinegile bilbotarrak 10 urte baino gehiago daramatza ikus-entzunezkoen munduan, hasiera batean berak sortu zuen Dirudi enpresan eta une honetan Begira Bideoak-en. 2004an zuzendu zuen POR izeneko lehenengo dokumentala, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Dokumental Sortzailearen Teoria eta Praktika Masterra amaitu ondoren.

Beti egon da zine dokumentalarekin erlazionatuta, eta alor horretan proiektu hauetan hartu du parte, zinegile eta muntatzaile gisa: Órdago a la Pequeña (2016), Itsasoari Begira (2015), Distantziak (2015), Errautsak (2014), Lantanda (2014), Nuptse eta Logtse; gailurretik haratago (2014) eta Encuentros de las mujeres escritoras de Donostia, 25 aniversario (2012). Halaber, sarritan aritu da telebistako programetan lanean. Egile gisa aurrera eraman dituen proiektu azpimarragarrienak Herri People (2015), Ongi Etorri (2013), Kerman Mintzalagun Bila (2008-2010) eta Betizu (2005-2008) izan dira.

LAN EGIN, BORROKATU, EUTSI
Nosotras, mujeres de Euskalduna, Vanesa Fernández Guerra eta Patxi Azpillaga komisario diren “Lan egin, borrokatu, eutsi” zikloaren barruan aurkeztuko da ikus-entzuleen aurrean. Ziklo horretan bertan, Iñaki Billelabeitiaren Los de los tiragomas somos todas izeneko performancea eskainiko da datorren ostegunean, AZAROAREN 24an. Lan hori diziplina anitzeko eszenan jartze gisa planteatzen da, eta musikaren, zenbait film erreferentziaren, ikus-entzunezko proiekzioen eta performance ekintzen bitartez, 80ko hamarkada gatazkatsuan Bilbon bizi izan zen langileen borrokari eta gaur egun duen eraginari buruzko gogoeta egiten du.

Garai hartako Los de los tiragomas somos todos eslogan ezaguna errebindikatuz, kasu honetan ere Euskalduna Ontziolen itxiera abiapuntu gisa hartzen duen lanari buruzko oroimen ariketa proposatzen da. Performancea, azken hiru hamarkadetan gertatu den lanaren eta laneko harremanen erabateko eraldaketan oinarritzen da, eta arteak pentsamendu kritikoa eta politikoa zabaltzen laguntzeko duen moduari buruzko gogoeta proposatzen da.

ARGAZKIAK / PRESS KIT: https://we.tl/DTrFDBXbk4
TRAILERRA: https://vimeo.com/190076921