BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, HAYDN, BEETHOVEN ETA J. C. ARRIAGA KONPOSATZAILEEI ESKAINITAKO HIRU KONTAKIZUN BIOGRAFIKO JASOTZEN DITUEN FRANCISCO DELGADOREN “LA CARA OCULTA DE LA BIOGRAFÍA” AZKEN LIBURUAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU OSTIRALEAN

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, arratsaldeko 20:00etan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Francisco Delgado Montero idazlearen “La cara oculta de la biografía” azken liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren ostiralean, AZAROAREN 18an, 20:00etatik aurrera. Colección Maestros de la Novela Histórica (Ed. Altera) bildumaren barruan dagoen lanak hiru konposatzaile handiren bizitzan ezkutatuta dagoenari buruzko hiru kontakizun historiko jasotzen ditu: Joseph Haydn, Ludwig van Beethoven eta Juan Crisóstomo Arriaga. Ekitaldia streamingez eskainiko da www.kulturguneatb.net webgunearen bitartez.

“La cara oculta de la biografía”, hiru konposatzaile handiren biografiek osatutako triptikoa da. Aurretik hitzaurrea du, eta bertan, egileak, hainbeste elementu komun dituzten, eta aldi berean hain desberdinak diren, hiru bizitza horiek liburuki batean jasotzearen zergatiak azaltzen ditu.

Hiru biografia horiek ez dute biografia gehienen ohiko edukia ezta narrazio egitura ere: Joseph Haydnena, jeinuaren eta bere lehenengo biografoa izan zen G. A. Griesingerren arteko elkarrizketa gisa aurkezten da. Elkarrizketa horren bitartez biografoaren eta biografiatuaren arteko topaketa osatzen da, “gizartearen ikuspegitik zuzena” izango den biografia idazteko lanaz haraindi.

Beethovenen biografiari dagokionez, bere bizitzako azken hamarkadan zentratzen da: Karl ilobarekin eta Johanna koinatarekin duen harremanak alderdi mingarria eta patologikoa agerrarazten du jeinu handiaren izaeran. Biografo gehienek ez dute alderdi hori ikertu nahi izan.

Amaitzeko, Juan Crisóstomo Arriagari buruzko biografiak, konposatzaile gazteak Parisen izandako bizimodua dokumentatzen du: bere bizitzako azken urteak, 20 urte baino ez zituela tuberkulosiaren ondorioz hil aurretik. Lehenengo arrakastekin batera, bakardade mingarria ere bizi du eta familia itxaropen guztiak goitik behera erortzen ari direla ikusten du. Hiru jeinu handiren hiru bizitza, berriro ere, sorkuntzaren plazeraren ondoan artistaren mina eta artistak bere ingurunearekin dituen tentsioak erakusten dizkigutenak.

Francisco Delgado Montero (Salamanca, 1948) Psikologian Doktore da Salamancako Unibertsitatetik, Lazarillo de Tormes testuaren azterlan psikoanalitikoari buruzko doktoretza tesiarekin. Psikologo klinikoa Madrilgo Unibertsitate Konplutensetik, hainbat ospitaletan egin du lan, psikologo lanbidearekin batera, idazle eta sorkuntza artistikoaren alorreko ikerlari bokazioa uztartuz.

UAMeko Psikologia Fakultateko ohorezko irakasle, Sociedad Española de Psicodrama izenekoaren kide sortzaile eta hainbat argitalpenen egile da, konposatzaileen eta eleberrigileen biografien azterketara aplikatutako psikopatologia espezialitatean. Aztertu dituen artisten artean Cervantes (“Un manuscrito encontrado en Esquivias”, 2007), D. Scarlatti (“Sonatas para el exilio de una reina”, 2010) edo Juan Crisóstomo Arriagaren azken urteei buruzko biografia-eleberria (“El baúl de Arriaga. Diario de un músico en París”, 2011) daude. Musika zale amorratua, gazte zela hasi zen pianoa ikasten; Bachen lanak sortzen dion mirespena “Yo conocí a Bach, el músico de Dios” eleberrian erakutsi zuen.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.