BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK – ZINEBIK, IGNACIO MICHELENAREN “CARTELES DE CINE DESDE BARCELONA” LIBURUAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU ASTELEHENEAN

Azaroaren 13an, arratsaldeko 20:00etan aurkeztuko da Azkuna Zentroko Bastida Aretoan, eta Raúl Monge eta Andoni Sebastián diseinatzaileak bertan egongo dira.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI), Ignacio Michelena Usatorre historiagile bilbotarraren “Carteles de Cine desde Barcelona” liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du astelehenean, AZAROAREN 13an. Ekitaldia arratsaldeko 20:00etan izango da Azkuna Zentroko Bastida Aretoan, eta Raúl Monge diseinatzailea –Guillermo del Toro zinegilearen El laberinto del Fauno lanaren grafikaren egilea–, eta Andoni Sebastián kazetari eta diseinuan eta publizitate grafikoan aditua ere bertan egongo dira. Ekitaldia zinean espezializatutako Félix Linares kazetariak moderatuko du.
      
Carteles de cine desde Barcelona, argitalpen batean bilduta, Soligóren (Josep Soligó), Mcp-ren (Ramón Martí, Josep Clavé, Hernán Picó) eta Mac-en (Macario Gómez) lana lehen aldiz aurkezten duen liburua da. Diseinatzaile horiek kalitate eta maiztasun maila gorenetara eraman zuten zineko posterra 1927-1972 epealdian. Edizioa Ignacio Michelenak proiektatu eta idatzi du, eta Ramón Freixas eta Joan Bassa idazleen hitzaurrea du.

Izan ere, joan den mendearen hasieran, nazioarteko zine ekoiztetxeek Estatuan ezartzeko plana antolatu zuten, eta gehienek Bartzelona aukeratu zuten egoitza nagusi gisa. Hiri horrek jaso zituen Paramount Pictures, Metro-Goldwyn-Mayer, Warner Bros, 20th Century-Fox edo Universal Pictures enpresen bulegoak, eta bertatik antolatu ziren zine aretoetako emanaldiak bost hamarkada baino gehiagotan. Egoitza nagusiaren egitekoen artean, herrialde osoko zine aretoetara banatu beharreko kartelen, liburuxken, gidaliburuen eta katalogoen argitalpena zegoen.

Carteles de cine desde Barcelona lanean, zine arloko publizitatea inprimatu zuten Bartzelonako arte grafikoetako enpresei eskainitako aintzatespena ere badago, euren lanen aukeraketa baten bitartez. Horrez gain, liburuak zineko 200 poster baino gehiago jasotzen ditu, horien meritu artistikoaren eta iragartzen duten filmaren garrantziaren arabera aukeratutakoak. Argitalpen honek diseinugileen ibilbide profesionalari buruzko informazio garrantzitsua ere jasotzen du, sarri askotan orain arte argitaratu gabe egon diren datuekin.

KARTELAK: https://we.tl/sSokSrFQaW

Prentsa bulegoa
ZINEBI 59
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
www.zinebi.eus