BI EUSKAL KONPAINIAK, ZIRKU GARAIKIDE IKUSKIZUNAK BULTZATZEKO MUGAZ GAINDIKO “DE MAR A MAR” PROGRAMAREN BARRUAN DEITUTAKO EGOITZETAKO BI LORTU DITUZTE

Cía Barrek (Javier García Pérez) bilaketa modalitatean eta Endika Salazarrek, indarra hartzen ari den konpainia gisa, zirku garaikidearen sustapen profesionalerako aitzindaria den eta Bilboko Udalaren laguntza duen ekimen berritzailearen laguntza jasoko dute.

Joan den maiatzean ireki zen zirkuko proiektu garaikideen garapenerako laguntzen bigarren deialdia, zirkuko arteen mugaz gaindiko lankidetzarako “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimenaren barruan. Bilboko Udala ekimen horren partaide da.

Akitania Berriko, Okzitaniako, Kataluniako, Aragoiko eta Euskadiko 90 proposamen aurkeztu dira bigarren deialdi horretara, eta Europako bazkideetako programatzaileek eta adituek osatutako epaimahaiak 17 aukeratu ditu azkenean: 6 bilaketaren alorrean, 6 indarra hartzen ari diren artisten edo taldeen artean, eta 5 dagoeneko finkatuta dauden artisten edo taldeen proiektuen artean.

Horien artean bertako bi konpainia daude: Javier García Pérez “Mimo” buru den Cía Barre, eta indarra hartzen ari diren artisten modalitateko egoitzetako bat lortu duen Dikothomia konpainiako Endika Salazar. Dikothomia ikuskizun horrekin egongo da Kaleko Antzerki Jaialdiaren – BILBOKO KALEALDIAren 2018ko hurrengo edizioan.

“De Mar a Mar – Pirineos de Circo”, ekimenak Europar Batasunaren diru-laguntza du, artista profesionalen prestakuntzaren eta zirku garaikideko ikuskizunen sorkuntzaren eta hedapenaren alorreko proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Zehatzago esanez, lehenengo deialdi hori, artistek eta konpainiek Pirinioetako bi aldeetako mugikortasuna hobetzeko dituzten baldintzak bultzatzera bideratuta dagoen sorkuntzari laguntzeko funtsaren barruan sartzen da.

Sorkuntzari laguntzeko funts horren bitartez, “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimeneko bazkideek hau bilatzen dute: konpainiei, euren sorkuntza lanak beste lurralde batzuetan lantzeko aukera eskaintzea, hainbat erakusketa sarerekin harremanetan jartzeko; zirku ikuskizunak sustatzeko aukerak handitzea sorkuntzaren fase anitzetan eta zirku konpainien ekintza eremua zabaltzea, euren lanaren neurriak mugaz gaindiko dimentsioa jaso dezan; eta, amaitzeko, hainbat formatutan aurkezteko eta nazioartera heltzeko aukera emango duten ikuskizunak sortzen laguntzea.

“De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimenak hiru egoitza modalitate ezarri ditu bilaketa proiektuei –ez daude zehatz mehatz ikuskizun baten ekoizpenera zuzenduta, ikerketara baizik–, sortzen ari diren artisten edo kolektiboen proiektuei eta dagoeneko finkatuta dauden artisten edo kolektiboen proiektuei laguntzeko. Laguntza hori, sorkuntzarako espazioak lagaz, proiektuaren beharretara egokitutako laguntasuna (artistikoa, teknikoa edo/eta kudeaketakoa) eskainiz eta 2.000 eta 10.000 euro artekoa izango den finantza laguntzaren bitartez bideratuko da.

AUKERAKETA PROZESUAREN BIDEO-LABURPENA: