BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK – ZINEBIK “DISTANTZIAK” FILM KOLEKTIBOA AURKEZTUKO DU LARUNBATEAN TABAKALERAN, GUTUN ZURIAK PROGRAMAREN BARRUAN

Jaialdiak ekoiztutako filma Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan ikusi ahal izango da larunbat honetan, arratsaldeko 19:00etan.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk, jaialdiak berak ekoiztu duen “Distantziak” (Distancias) film kolektiboa eskainiko du larunbat honetan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Tabakaleran – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Zinebiren azken edizioan ikusi ahal izan zen, joan den azaroan.

Emanaldia Gutun zuria zikloaren hileko programazioaren barruan dago. Bertan gonbidapena egiten zaie nazioarteko zine jaialdiei, programatzaileei, kritikariei eta artistei, saio bat programa dezaten eta lankidetzarako eta elkarrizketarako harremanak ezar daitezen.

Oraingo honetan, Tabakaleraren Gutun Zuria, Territorios y Fronteras-en ekimenez, Zinebik ekoiztu duen “Distantziak” filmarentzat izango da. Egitasmo hori finkatuz joan da, gaur egungo ikus-entzunezko sorkuntzaren ikerketa, praxi eta hedapen eragile autonomo gisa. Azken bi edizioetan Zinergentziak zikloan aritu izan da Zinebirekin lankidetzan. Vanesa Fernández, egitasmoaren koordinatzailea, izango da, hain zuzen ere, saioaren aurkezlea.

Zinergentziak zikloa zeharkako ekintza gisa egituratu da Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren – ZINEBIren programazioan, eta bertan jaialdia bera, sorkuntza garaikide horren erakusleiho gisa aritzeaz gain, bultzatzaile eta sustatzaile gisa ere jarduten da. Horrela, Zinergentziak zikloak euskal zuzendari eta artista gazteen sorkuntza lanak eta ikus-entzunezko esperimentazioa sustatzen eta bultzatzen ditu, emergentearen eta premiazkoaren artean kokatzen dugun ekoizpenerako lurralde horretan: zine hibridoa, ezustekoa, librea eta subjektiboa, erradikala eta esperimentala.

“Distantziak” da Maddi Barber, Cris Ezquerra, Aitor Gametxo eta Jesus Mª Palacios zinegile gazteek egin duten film kolektiboaren izenburua: ume bat hondartzan galdu da eta beldurrik ez duela konturatuko da. Norbait ermitau baten atzetik dabil eta mundutik isolatuko da mundua ezagutzeko. Gazte batek bere nortasuna bilatuko du ispiluaren beste aldean.

Azken finean, bakoitzak gaur egun zinea egiteko duen modu pertsonala besteekin batera lantzen duten lau zinegile gazte dira; behatuz, espekulatuz, galdetuz eta, ondorioz, film-jardunbide horiek inbrikatzen diren testuingurua aztertuz. Zine erabat pertsonala, jardunbide dokumentaletan lehen pertsonak duen gero eta subjektibizazio eta presentzia handiagoa agerian utziz, ezarritako diskurtso ofizialaren aurreko erresistentzia edo antidoto gisa.

TRAILERRA: