BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK VICTOR DEL ÁRBOL BARTZELONAKO IDAZLEAREN “LA VÍSPERA DE CASI TODO” 2016KO NADAL ELEBERRI SARIAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU OSTEGUNEAN

Ekitaldia César Coca kazetariak aurkeztuko du, eta Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, azken Nadal Eleberri Saria lortu duen Víctor del Árbol Bartzelonako idazlearen “La víspera de casi todo” (Ed. Destino) lanaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren ostegunean, OTSAILAREN 18an. Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etan –sarrera librea izango da leku guztiak bete arte– eta kulturan eta literaturan espezializatutako César Coca kazetariak aurkeztuko du.

Aurreko eleberrietan ere etekin handia atera dionez dagoeneko bere marka propioa dirudien horretan, Víctor De Árbolek inolako aurreiritzirik gabe erabiltzen ditu hainbat generotako teknikak eta prozedurak, suspenseko thriller baten erritmoa edo genero beltzaren mekanismoak erakusteaz gain, eleberri psikologikoaren sakontasuna edo epika handiaren hedapena dituen eleberri hibridoa sortzeko.

“La víspera de casi todo” lanean, berezitasuna narratzaileak pertsonaia bakoitzaren eta haien istorioen aurrean duen eskuzabaltasuna da, balantzaka ari den orekan, eleberri korala egiteko. Eta, horrela, zaila da protagonista bakarra eta istorio nagusia identifikatzea. Eleberriak espazio eta denbora kontrapuntu mehean aurrera eta atzera doazen hiru ildo ditu gutxienez, 2010eko udako Galiziako Costa da Mortetik edo hiru urte lehenagoko Malagatik, diktaduraren berunezko urteetako Argentinara edo 60ko hamarkadako Alemaniara.

Víctor del Árbol (Bartzelona, 1968) Mosso d’Esquadra izan zen 1992tik 2012ra, Historia ikasketak egin zituen Bartzelonako Unibertsitatean eta esatari gisa aritu zen Catalunya Sense Barreres (Radio Estel, Once) irratian. Idatzi dituen eleberrien artean “El peso de los muertos” (Editorial Castalia, Tios Eleberri Saria 2006), “El abismo de los sueños” (argitaratu gabea, Fernando Lara XIII. Sariaren finalista 2008an) eta “La tristeza del samurái” (Editorial Alrevés, Prix du Polar Européen 2012) hamar hizkuntzatara itzulia eta best sellerra Frantzian, aipa daitezke.

Bere azken lanak “Respirar por la herida” (Editorial Alrevés, finalista Beauneko Zine Beltzeko Nazioarteko Jaialdian 2014an atzerriko eleberri hoberenaren kategorian) eta “Un millón de gotas” (Ediciones Destino, Grand Prix de Littérature Policière izenekoaren irabazlea 2015ean eta Magazine Lirek atzerriko polizia eleberri hoberen gisa saritua) dira. Duela urtebete, hain zuzen ere, egilea Bidebarrietako Liburutegi honetan bertan egon zen Carlos Zanón idazlearekin, eleberri beltzean ematen diren emozioei buruz hitz eginez, duela hamar urte baino gehiagotik hilean behin egiten den Eztabaidak Literaturarekin programaren barruan.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrietako Liburutegi barruko gunea da, eta bere helburu nagusia liburua eta literatura garatzea eta sustatzea da.