BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK (ZINEBI) HIL ONDORENGO OHOREZKO MIKELDI SARIA EMANGO DIO ÁLEX ANGULO ANTZEZLE PAREGABE ETA GIZON BIKAINARI

Banaketa jaialdiaren amaiera ekitaldian izango da, AZAROAREN 21ean, Arriaga Antzokian.

Bilbon, 2014ko azaroaren 10ean. Azaroaren 14tik 21era bere 56. edizioa ospatuko duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI), hil ondorengo Ohorezko Mikeldia emango dio duela denbora gutxi desagertu den Álex Angulo antzezleari. Saria, ZINEBI 56ren amaiera ekitaldian banatuko da, ohikoa denez, Bilboko Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian. Saria, Mayda Zabala emazteak eta Dodó alabak jasoko dute.

ZINEBI 56k, joan den uztailean hil zen Álex Angulo antzezle bilbotar handiari emango dio bere Ohorezko Mikeldietako bat, Euskal Herriko eta Espainiako zineak azken hamarkadetan izan duen aurpegi ezagunenetako eta maitekorrenetako bati. Sari horrek, bilbotarrek antzezle benetan langileari eta bere lanbideaz maiteminduta zegoenari eskaini nahi dioten omenaldi beroa irudikatzen du. Interpretazio erregistroetan aniztasun eta aberastasun harrigarria zabaltzen jakin zuen, kontaezinezko pertsonaiak antzezteko, guztien ezaugarri komuna humanitate handia eta dramatismo sakona izanik, baina ikus-entzuleen zaletasuna eta maitasuna lortzera eraman zuten antzezpen berezia eta umore bikaina baztertu barik.

1953an Erandion jaio zen Álex Angulo oso gaztetatik ahalegindu zen antzezle izateko zuen borondate irmoa errealitate bilakatzen. 1981ean egin zuen lehenengo lana Imanol Uriberen eskutik, La fuga de Segovia filmean. 80ko hamarkadan ETB-ko hainbat programatan hartu zuen parte, baina hurrengo hamarkadan finkatu zen talde antzezle gisa. Garai hartako arrakasten artean Todo por la pasta, edo Goya sarietarako lehenengo izendapena ekarri zion El Día de la Bestia (1995) aipa daitezke.

Egin dituen lan azpimarragarrien artean, A mi madre le gustan las mujeres (2002), El laberinto del fauno (2006) edo Óscar Aibarrek zuzendu zuen eta Goya sariak irabazteko hirugarren izendapena ekarri zion El gran Vázquez aipa daitezke. Joan den uztailean, Gaizka Urresti zinegilearen esanetara Bendita calamidad film luzea egiten ari zela, auto istripu batean hil zen, lanera zihoala.

Álex Angulok ez zuen inoiz galdu Bilborekin zuen lotura, eta film laburren ikus-entzule leiala izan zen ZINEBIren edizio guztietan. Bertan beti erakutsi zuen bere xumetasuna eta ikus-entzuleekiko hurbiltasuna. 2011n Arriaga Antzokiko eszenatoki gainera igo zen, jaialdiaren 53. edizioak, La mujer del hatillo gris lana dela eta, eman zion Espainiako Zinearen Sari Nagusia, Luis Trapiello zinegilearekin batera jasotzera. Lan horren protagonistak Álex bera eta Aitana Sánchez-Gijón izan ziren. Jaialdiak bere historian ematen duen hil ondorengo lehenengo Ohorezko Mikeldi honekin, ZINEBI 56k bere maitasuna helarazi nahi dio, eta bere oroimena betirako gorde eta zabaldu nahi du.