BILBOK ETA SANTANDERREK EUREN ARTEKO LANKIDETZA BERRITU DUTE 2015. URTEARI BEGIRA

Urtarrilean “Bertatik bertara” deialdiko oinarriak argitaratuko dira, hiri bietako kultur eragileek batera proiektuak egin ditzaten. 40.000 euro jarriko dira horretarako.

Bilbok eta Santanderrek erakundeen arteko lankidetzarekin jarraituko dute 2015ean; kultur proposamen berriak egongo dira, hiri bietako sektore kulturaleko eragileak eta enpresaburuak tarteko direla.

Horiek horrela, “Bilbo-Santander Bertatik bertara” hitzarmenaren jarraipenerako batzordeko kideek erabaki dutenaren arabera, urtarrilean sektore kulturalaren alde egiteko diru-laguntzetarako deialdiko oinarriak argitaratuko dira. 40.000 euro emango dira horretarako, eta hiri biek erdi bana ordainduko dute kopuru hori. Deialdi horretan, lau proiektu aukeratuko dira, 2015ean abian jartzeko; proiektu bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu. Lankidetza ahal denik eta estuena izateko eta ideiak ere elkarrekin errazago trukatu ahal izateko, hiri bietako kultur eragileek proiektuak batera diseinatu eta gauzatuko dituzte, elkarlanean.

Kultur jardueren III. astea

“Bertatik bertara” kultur jardueren III. astea Santanderren egingo da 2015eko udaberri aldera. Horrako horretan, laneko profesionalen topaketak egin eta laborategi sortzaileak abian jarriko dira; hiri bietako artistek eta sortzaileek parte hartuko dute.

Laborategi edo ikertoki horiek arte eszenikoen, arte plastikoen, literaturaren, musikaren eta ikus-entzunezkoen arloetakoak izango dira. Beste proposamen bat da artearen eta teknologiaren Hackaton bat egitea: programatzaileek eta artistek sentsore adimendunek jasotako datuak erabiliko dituzte eta big datako informazioa sorkuntza artistikorako lehengaia izango da. Helburua da laneko topaketa praktikoak izatea profesionalentzat, ideiak eta esperientziak trukatzeko plaza.

Bilboko eta Santaderreko kultur eragileen elkartrukea sustatzeko jardunaldi hauek -ezagutzak aukerak baitakartza- bigarren aldiz egingo dira aurten Santanderren; aurrenekoz 2012an egin ziren han eta 2013an Bilbori tokatu zitzaion. Hiri bietako udalek proiektu komunetan lan egitearen aldeko apustua egin dute, zubiak egin eta hango eta hemengo herritarren arteko harremana estutzeko, truke horretatik lanerako aukerak ere sortuko baitzaizkie profesionalei.

Hitzarmenaren nondik norakoak

“Bertatik bertara” kultur topaketak 2012ko maiatzean mamitu ziren, Santanderreko alkate Iñigo de la Sernak eta orduan Bilboko Alkate zen Iñaki Azkunak erakunde bien arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zutenean. Lankidetza kulturaren eta enpresen arlokoa eta turismoa sustatzekoa zen.

Ordutik, topaketa bi egin dira, astebetekoak, 2013an Santanderren eta 2014an Bilbon. Horietan, guztira, ehun jarduera baino gehiago egin dira: profesionalen arteko topaketak, kontzertuak, antzerkiari buruzko zikloak eta erakusketak, besteak beste. Horrez gain, 2014an “Bertatik bertara”ren lehenengo deialdia egin da, hiri bietako kultur eragileek sustatutako lau proiekturi diru-laguntza emanez. Hauek dira proiektuak: “Sin cocina”, “Métete dentro”, “Stereo Zona 2014” eta “Words Alive”.