ZINEBIK BIHAR INAUGURATUKO DU BERE 56. EDIZIOA, LEHIAKETARA AURKEZTEN DIREN EUSKAL FILM LABURRAK PROIEKTATUZ ETA CECILIA ROTH ANTZEZLE ARGENTINARRARI OHOREZKO MIKELDIA EMANEZ

Sekzio Ofizialean lehiatuko diren zazpi film laburren proiekzioa arratsaldeko 20:00etatik aurrera izango da Bilboko Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian. Hiru fikziozkoak izango dira, bi animaziozkoak eta beste biak dokumentalak.

Horrez gain, inaugurazio ekitaldian, José Luis Viloriak 1965ean egin zuen “Vivir un sueño” film laburra eskainiko da. Duela denbora gutxi berriztatu den dokumentalak, Bizkaiko milaka ikasle Villarcayoko (Burgos) kolonietatik igaro izana dokumentatzen du.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) BIHAR ostiralean (20:00etan) zabalduko ditu bere ateak Bilboko Arriaga Antzokian, Sekzio Ofizialean lehiatuko diren euskal film laburrak eskainiz eta Zinemaldiaren Ohorezko Mikeldietako bat jasoko duen Cecilia Roth antzezle argentinarrari eskainiko zaion omenaldiarekin.

65 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, zinemaldiak dituen hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean, euskal zinegileek egindako 7 daude, eta Bilboko ikus-entzuleek bihar ikusi ahal izango dituzte. Hauek dira:

  • Soroa”, Asier Altuna (fikzioa)

  • A serious comedy”, Lander Camarero (fikzioa)

  • Anómalo”, Aitor Gutiérrez (fikzioa)

  • Peter Hollywood”, Ibon Antuñano (dokumentala)

  • Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa”, María Elorza, Maider Fernández eta Aitor Gametxo (dokumentala)

  • Hubert Le Blonen azken hegaldia”, Koldo Almandoz (animazioa)

  • Tempo inverso”, Gregorio Muro eta Mikel Muro (animazioa).

Euskal film laburrak, fikziozko hiru, animaziozko bi eta beste dokumental bi, gaur goizean aurkeztu dira komunikabideen aurrean Bilboko Campos antzokian. Aurkezpen ekitaldian, Aitor Gutiérrez, Gregorio eta Mikel Muro, María Elorza eta Maider Fernández, eta Mikel Almandoz (“Hubert le blonen azken hegaldia” lanaren ekoizlea) zinegileak egon dira.

AZAROAREN 21ean jakinaraziko den ZINEBIren palmaresa sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinearen Sari Nagusiak, Zine Latinoamerikarraren Sari Nagusiak, eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiek, fikzio, animazio eta dokumental kategorietan. Horrez gain, jaialdiak sari ez ofizial hauek ere izango ditu: Azkue Fundazioak Euskaraz egindako Film Hoberenarentzako ematen duen Saria, 1.200 euro dituena eta Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorean euskararen erabilera sustatu nahi duena; SGAEk eta Euskadiko Gidoilarien Elkarteak Euskadiko bi gidoi hoberenei ematen dieten Saria, 1.500 eurorekin; eta Ikus-entzuleen Saria (EITBk emandakoa), hori ere 1.500 eurorekin. Sari ekonomikorik ez duten arren, haurtzaroari buruzko film hoberenaren Unicef Saria eta Sekzio Ofizialeko film labur hoberenaren FAS Zineklub saria ere banatuko dira.

Sekzio Ofizialeko Sariak Nazioarteko Epaimahaiak erabakiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak hauek izango dira: Alberto García Ferrer ekoizle eta kritikari argentinarra, Asociación de Televisiones Educativas y Culturales Iberoamericanas izenekoaren Idazkari Nagusia; Carlos Balagué zinegile, kritikari eta saiakeragile espainiarra, Ingrid Mwangi multimedia artista keniarra, Olga Pärn zinegile bieloerrusiarra eta Jon Sistiaga euskal kazetaria.

VIVIR UN SUEÑO

Beste alde batetik, ZINEBI 56ko inaugurazio ekitaldi honetarako, José Luis Viloriak zuzendutako “Vivir un sueño” (1965) film laburraren proiekzioa programatu da, Euskal Filmotekaren laguntzari esker berreskuratua. Bertan, Bilboko eta Bizkaia osoko milaka umek Villarcayoko (Burgos) kolonietan igarotakoa erakusten da. Filmaren aurretik, garai hartako NO-DO-aren pieza laburra eskainiko da. Bertan, hiru urte lehenago Carmen Polok, Francisco Franco diktadorearen emazteak, udaleku horiek inauguratu zituela jakinarazten da. Jaialdiaren une nostalgiko horretan, José Luis Viloria film laburraren zuzendaria izango dugu gurekin.

Horrez gain, azken urteetan ohikoa denez, Arriaga Antzokian BIHAR egingo den ekitaldian omenaldi bat ere jasoko da, oraingo honetan Cecilia Roth antzezle argentinarrari eskainitakoa. Antzezleak jaialdiko Ohorezko Mikeldietako bat jasoko du, asmatze dramatikoz betetako ibilbidearengatik eta bere pertsonaiak aukeratzeko orduan intuizio, arrisku eta koherentzia pertsonal bikainak erakutsi dituelako.

Bere lan ibilbide bikainean beste sari batzuk ere jaso ditu, Emakume Antzezle Hoberenaren Goya Saria “Todo sobre mi madre” lanari esker 1999an, eta Emakume Antzezle Hoberenaren Zilarrezko Fotogramas eta Zineko Sant Jordi Sariak lan berberarengatik, besteak beste. Horiei beste batzuk ere gehitu behar zaizkie: Europako Zinearen Sarien 12. edizioan lortu zuen Emakume Antzezle Hoberenaren Saria (1999), Huelvako Zine Iberoamerikarraren Jaialdiko Zilarrezko Colón Saria 2000. urtean, “Una noche con Sabrina Love” lanari esker, eta Espainiako Arte Ederren Merituaren Urrezko Domina, 2000. urtean, baita ere. 2001ean Veneziako Nazioarteko Zinemaldiko Epaimahaiko kide izateko aukeratu zuten.

Nazio eta nazioarte mailako kritikak aho batez goratu duen eta ikus-entzuleen artean arrakasta handia lortu duen filmografia du. Cecilia Rothek (Buenos Aires, 1956), hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean debutatu zuen Argentinako zinean. Espainian egin zuen lehenengo filma “De fresa, limón y menta” (Miguel Ángel Díez, 1978) izan zen. 1980an “Arrebato” (Iván Zulueta, 1980) lanaren protagonista izan zen. Gaur egun ere kultuzkotzat hartzen den eta sailkatzeko oso zaila den film horrek, garai hartan Trantsizioko zinea izena jaso zuenaren bi ikono bilakatu zituen zuzendaria eta emakume antzezle protagonista.

Kartelerari, ordutegiei, prezioei eta beherapen bereziei buruzko informazio guztia zinemaldiaren webgunean dago jada: www.zinebi.com