ZINEBI 56, Kataluniako Filmotekarekin elkarlanean aritu da Raúl Peña zinegileak zuzendu zuen eta BIHAR, jaialdiaren amaiera ekitaldian, Arriaga Antzokian, arratsaldeko 20:00etan, eskainiko den film labur dokumentala berriztatzeko lanean.
Euskadiko, eta batez ere Bilboko ikus-entzunezko ondarearen lan ez oso ezagunak edo ahaztuak berreskuratzeko eta Bilboko ikus-entzuleen esku jartzeko helburuz, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI), Kataluniako Filmotekaren laguntzarekin, 1961ean Raúl Peña zinegile beteranoak egin zuen “Más allá de Bilbao” film labur dokumentala aurkeztuko du BIHAR.
ZINEBIren ekimenari esker orain berriztatu den film laburra, Itsasadarrari eta garai hartako Bilboko hiriguneei buruz koloretan egindako lehenengo erretratutzat har daiteke. Bilboko ikus-entzuleek BIHAR ikusi ahal izango dute, jaialdiaren amaiera ekitaldian, Arriaga Antzokian, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
“Más allá de Bilbao”, garai hartan egile zine izenez ezagutzen zen moduan egindako saiakera da, hiriaren zenbait alderdi azkartasunez eta estilo poetikoa erabiliz irudikatzeko: industria, portua, zeru itxia, itsasadarra, Abra, kaleak… guztia ere, bertako jendearen lanerako izpirituan oinarrituz. Film hori, egin zen urte berean estreinatu zen, garai hartan Festival Internacional de Cine Documental Iberoamericano y Filipino de Bilbao izena zuen jaialdian, egungo ZINEBIren aurrekari historikoan.
EL CHIMBITO
Hori izan zen Raúl Peña madrildarrak zuzendu zuen lehenengo film profesionala. 19 urte baino ez zituen, eta Instituto de Investigaciones y Experiencias Cinematográficas izenekoan ikasten ari zen. Eta 8mm-ko bi film, “Gitanos” eta “Miedo”, baino eginda ez zituela, 35mm-ra jauzia egiteko aukera ikusi zuen. Berak aurreztutako diruarekin finantzatutako lan horren helburu nagusia etorkizuneko proiektuetarako dirua biltzea zen. Ikus-entzule potentzialentzat gustukoa izango zen hiri bati buruzko dokumentala egitea erabaki zuen. Bilbo aukeratu zuen, ondo ezagutzen zuen lekua, bere gurasoak bertakoak zirelako. Bertan igarotzen zituen udak, eta oporraldi horietan diru pixka bat ateratzen zuen, el Chimbiton lan eginez.
Eastmancolorren errodatutako “Más allá de Bilbao” lana, azkartasunez eta estilo poetikoa erabiliz, jada urrun dagoen Bilbo industrial hura ikusteak egileari eragin zion inpresioa irudikatu nahi duen zine saiakera da. Bilboren funtsak aurkitzeko ahaleginean, film laburrak Bilboko paisaia eta elementu tipikoetan eta bertako jendearengan sakontzen du, siderometalurgia industria, portua bere garabiekin, zeru itxia, itsasadarra, Abra, jendez betetako kaleak… guztiak ere ezaugarri komun batekin: bertako jendearen lanerako izpiritua.
Kritikaren arabera, plano askoren indarra eta argazki kalitatea kaltetuta atera ziren garai hartako ahots ezagunenetakoa zen Teófilo Martínezek irakurritako testu enfatikoegia zela eta. Hala ere, asko izan ziren film horretan zinegile gazte harengan etorkizun oparoa ikusi zutenak. Hurrengo hamarkadatan zuzendari gisa jarraitu zuen lanean publizitate eta zine alorreko lan askotan, lau film luze barne. Horrez gain, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan Bilboko jaialdiarekin harremana izaten jarraitu zuen, eta asko izan ziren lehiaketara aurkeztu zituen filmak. 1978an fikzio saileko bigarren saria irabazi zuen, “A salto de mata” lanarekin.
AMAIERA EKITALDIA
Ohikoa denez, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian ospatuko den jaialdiaren amaiera ekitaldian ZINEBI 56ko irabazleen zerrenda ezagutaraziko da, eta duela denbora gutxi hil den Álex Angulo antzezleari hil ondorengo Ohorezko Mikeldia emango zaio. Aintzatespena Mayda Zabala emazteak eta Dodó alabak jasoko dute.