Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu duen ospakizun egitaraua urte hasieran hasi zen, eta abenduaren 19an amaituko da, Juan Carlos Sánchezek egindako dokumentala eskainiz.
“Unamuno vs Ortega y Gasset” solasaldia ASTEARTEAN izango da, arratsaldeko 19:30etan, eta bertan Javier Zamora Bonilla Ortegaren Ikasketa Zentroko Zuzendariak eta Patxi Lanceros Filosofia eta Antropologia Politiko doktoreak hartuko dute parte.
Urte honetan zehar, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jarduera egitarau zabala jarri du martxan 1864ko irailaren 29an Miguel de Unamuno Bilbon jaio zeneko 150. urteurrena ospatzeko. Kultur egitarauari jarraipena emanez, datorren ASTEARTEAN, azaroaren 25ean (19:30etan), Bidebarrieta Kulturguneak, Miguel de Unamunok eta Ortega y Gassetek, euren planteamendu filosofikoen inguruan izan zituzten desadostasunetan sakonduko duen hitzaldia jasoko du.
Bi egileen arteko desadostasun formalak aztertzearen eta beti oso ona izan ez zen harreman hori jendearen aurrean azaltzearen arduradunak, Javier Zamora Bonilla Ortegaren Ikasketa Zentroko Zuzendaria eta Patxi Lanceros Ezagutzaren Teoria eta Filosofia eta Antropologia Politiko irakaslea izango dira. Izan ere, Unamunok desadostasun sakonak izan baitzituen bera baino hemeretzi urte gazteagoa zen Ortega y Gassetekin, eta bi genioen izaera indartsuaren eta ez isiltzearen ondorioz, lehia horren ondoriozko gertakariak eta anekdotak ugariak izan ziren.
Zuzenbidean Doktore Leongo Unibertsitatetik (2000) eta Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatua Madrilgo Unibertsitate Konplutensean (1993), Javier Zamorak, José Ortega y Gasset – Gregorio Marañón Fundazioko Ortegaren Ikasketa Zentroa zuzentzen du. Bertan, filosofoaren “Obras completas” berrien ikerketa eta argitalpen taldea koordinatu zuen, ia 11.000 orrialde hartzen dituzten 10 liburukiz osatutako argitalpen kritikoa. Halaber, Revista de Estudios Orteguianos aldizkariaren zuzendaria, Tecnos argitaletxeko “Biblioteca de historia y pensamiento político” bildumaren zuzendarietako bat, eta Revista de Occidente aldizkariaren eta El imparcial egunkari elektronikoaren kolaboratzailea da.
Patxi Lanceros (Bilbo, 1962) Ezagutzaren Teoria eta Filosofia eta Antropologia Politiko irakaslea da Deustuko Unibertsitatean. Ohiko kolaboratzailea da hainbat aldizkaritan eta aldizkako argitalpenetan, eta idatzi dituen liburuen artean hauek azpimarra daitezke: “Identidades culturales” (Deustuko Unibertsitatea, 1997), “El destino de los dioses” (Trotta, 2001), “Verdades frágiles, mentiras útiles: éticas, estéticas y políticas de la postmodernidad” (Hiria, 2000) edo “Fuera de la ley. Poder, justicia y exceso” (Abada, 2012).
PROGRAMAREN AMAIERA
Unamunoren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko ekitaldien zikloa ABENDUAREN 19an amaituko da, Juan Carlos Sánchez Gómezek zuzendutako “Enclaves de Unamuno” dokumentalaren emanaldiarekin. Dokumentalak ibilaldia proposatzen digu, idazlearen azken urteak jaso zituzten Salamancako hiriko txokoetatik. Ondoren, José Antonio Ereñok, “Unamunoren harremanak bizi izan zen hiriekin” izeneko solasaldia gidatuko du. Bertan dokumentalaren zuzendariak, Marcial Morera filologoak, La Sorbonneko unibertsitateko Colette eta Jean-Claude Rabaté irakasleek eta Pablo Unamunok, idazlearen bilobak, hartuko dute parte.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena helburu nagusi dituen kulturari eskainitako gunea da.