BILBO IZANGO DA EUROPA MAILAKO EMUSIK JAIALDIAREN 59 EGOITZETAKO BAT. ITALIAKO, ALEMANIAKO, FRANTZIAKO ETA BILBOKO MUSIKA ESKOLEK KONTZERTUAK ESKAINIKO DITUZTE MAIATZAREN 6AN ETA 7AN AREATZAN

Donostia 2016k, Europa osoko milaka musika ikasleren partaidetza izango duen Musika Eskolen Europako Jaialdiaren XII. edizioa jasoko du maiatzaren 4tik 7ra.

Maiatzaren 6an eta 7an, Autonomia Erkidegoko, Nafarroako, Iparraldeko eta Errioxako herriek, herritar guztiei zuzendutako musika programazio zabala jasoko dute.

Donostia 2016ren eskutik, 59 udalerri, Europa osoko musika eskoletako 8.500 ikasle baino gehiagok eskainiko dituzten 120 kontzertu baino gehiagoren agertoki bilakatuko dira maiatzaren 4tik 7ra, EMUSIK, Musika Eskolen Europako Elkarteak (EMU) antolatzen duen Musika Eskolen Europako Jaialdia, ospatuko baita.

Bilboko Udalak –BilbaoMusikarekin elkarlanean- bat egin du ekimenarekin eta, ondorioz, gure hiria jaialdiaren egoitzetako bat izango da. Maiatzaren 6ko arratsaldean eta maiatzaren 7ko goizean kontzertu programazio zabala eskainiko da Bilboko Areatzan, musika klasikotik rockera, popera eta jazzera. Kontzertuak ordutegi hauetan izango dira: barikuan 17:30etik 20:30era eta zapatuan 11:30etik 14:00etara.

Bilboren kasuan, Frantziako Ecole de Musique Autrans, Italiako Fondazione Scuola di Musica C. e G. Andreoli eta Poggio a Caiano, eta Alemaniako Musikschule der Stadt Bonn eta Musik der Bundesstadt Bonn taldeek hartuko dute parte. Bertako ordezkaria Bilboko MrJam Centro Moderno de Música izango da.

EMUSIK, Donostia 2016ren, Europako Kultur Hiriburuaren, egitasmoa da, eta egoitzak izango ditu Autonomia Erkidegoko, Nafarroako, Iparraldeko eta Errioxako hainbat herritan. Udalerri horietan, Europako hogei herrialde ingurutik etorritako partaideak arituko dira: Espainia, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Letonia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia, Austria, Polonia, Eslovakia, Suedia, Suitza eta Herbehereak.

EMUSIK jaialdi bat baino gehiago da. Musika elkartzen gaituen hizkuntza komuna dela dioen ideian oinarrituz, ekitaldia, kultura eta lurralde anitzetako ezagutzak eta esperientziak trukatzeko eta Europako herrien arteko hurbilketa eta trukatzea bultzatzeko aukera paregabea izango da.

Gainera, jai eta musika ospakizunaz gain, jaialdiak ikusgaitasun handiagoa eman nahi dio musika eskolek maila guztietan (toki, nazio eta Europa mailan) egiten duten etengabeko lan bikainari.