BILBAOESZENAK – BILBOKO UDALEKO BALIABIDE ESZENIKOEN ZENTROAK, KULTURAREN ARLOKO AUTOKUDEAKETA EKONOMIKOARI ETA LEGEZKOARI BURUZKO BI IKASTARO JASOKO DITU OTSAILAREN 5EAN

Kultur proiektu baterako express kudeaketari eta kulturako autokudeaketa ekonomikoari buruzko ikastaroak Burtsako BilbaoEszena izango dira (Juan Gardeazabal kalea, 3), 10:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 19:00etara, hurrenez hurren, eta Jemina Canok eskainiko ditu.

Izen ematea otsailaren 1era arte egongo da zabalik, ATAEren, Arte Eszenikoen Teknikarien Elkarte Profesionalaren posta elektronikoaren bitartez: [email protected]

 

BILBAOESZENAK – Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen Baliabide Eszenikoen Zentroak, Kultur proiektu baterako express kudeaketari eta autokudeaketa ekonomiko eta legezkoari buruzko bi ikastaro antolatu ditu ATAErekin, Arte Eszenikoen Teknikarien Elkarte Profesionalarekin, batera. Otsailaren 5ean izango dira, BilbaoEszenako instalazioetan, 10:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 19:00etara, eta Jemina Cano ekoizle eta kultur ekintzaileak eskainiko ditu.

Kultur proiektu baterako express kudeaketa ikastaroaren helburua, partaideei ideia bat saltzeko oinarrizko ezagutzak eskaintzea da. Landuko diren gaien artean lehiakortasuna, bezeroaren ezagutza, persuasio teknikak, banaketa kronograma, sustapenerako tresnak edo nazioartera zabaltzeko oinarriak egongo dira, besteak beste.

Egun berean, arratsaldez, eskainiko den ekonomia eta lege auto-kudeaketa ikastaroari dagokionez, helburua partaide bakoitzari proiektuen kudeaketarako oinarrizko ezagutzak ematea da, euren kultur proposamenak aztertzeko, bideragarritasuna zehazteko, ezagutarazteko, proiektua saltzeko eta egunerokotasuna modu eraginkorrean, iraunkorrean eta lege aldetik egokian kudeatzeko. Horrela, pertsona horiek, euren “kultur negozioen” kudeatzaile eraginkor bilakatzea bilatzen da.

Bigarren ikastaro horretako gaien artean gai praktikoagoak jasotzen dira, erakunde juridiko tipologia, fakturazio prozesua, zergak, egoitza elektronikoa, indarrean dagoen oinarrizko legedia eta finantzaketarako aukerak. Kasu bietan, prestakuntza diziplina anitzetako artistei, ekoizleei eta, orokorrean, kultur proiektuen ekintzaileei bideratzen zaie, batez ere.

Jarduerek partaide kopuru mugatua izango dute, eta izen emateak otsailaren 1era arte egin ahal izango dira [email protected] helbidearen bitartez (izena eta abizenak, NAN, posta helbidea, telefonoa, e-maila adieraziz). Ikastaroek 40 euro balioko dute –35 euro Bilbaoeszenako erabiltzaileentzat eta Artekaleko bazkideentzat, eta 30 ATAEko bazkideentzat–.