BILBAOESZENAK – BILBOKO UDALEKO BALIABIDE ESZENIKOEN ZENTROAK, KULTUR KUDEAKETARI BURUZKO BI IKASTARO ESKAINIKO DITU EKAINAREN 18AN ETA 19AN

Kultur proiektu baterako express kudeaketari eta kulturako oinarrizko autokudeaketari buruzko ikastaroak Burtsako eraikinean izango dira (Pilota kalea, 10), 10:00etatik 14:00etara, eta Jemina Canok eskainiko ditu.

Izen ematea ekainaren 14ra arte egongo da zabalik, ATAEren, Arte Eszenikoen Teknikarien Elkarte Profesionalaren posta elektronikoaren bitartez: [email protected].

BILBAOESZENAK – Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen Baliabide Eszenikoen Zentroak, Kultur proiektu baterako express kudeaketari eta kulturako oinarrizko autokudeaketari buruzko bi ikastaro antolatu ditu ATAErekin, Arte Eszenikoen Teknikarien Elkarte Profesionalarekin, batera. Hilabete honetako 18an eta 19an izango dira, hurrenez hurren, Burtsako eraikinean, 10:00etatik 14:00etara, eta Jemina Cano ekoizle eta kultur ekintzaileak eskainiko ditu.

Ekainaren 18an emango den Kultur proiektu baterako express kudeaketa ikastaroaren helburua, partaideei ideia baten salmentarako oinarrizko ezagutzak eskaintzea da. Landuko diren gaien artean lehiakortasuna, bezeroaren ezagutza, persuasio teknikak, banaketa kronograma, sustapenerako tresnak edo nazioartera zabaltzeko oinarriak egongo dira, besteak beste.

Ekainaren 19an emango den kulturako autokudeaketari buruzko ikastaroari dagokionez, helburua partaide bakoitzari proiektuen kudeaketarako oinarrizko ezagutzak ematea da, euren kultur proposamenak aztertzeko, bideragarritasuna zehazteko, ezagutarazteko, proiektua saltzeko eta egunerokotasuna modu eraginkorrean, iraunkorrean eta lege aldetik egokian kudeatzeko. Horrela, pertsona horiek, euren “kultur negozioen” kudeatzaile eraginkor bilakatzea bilatzen da.

Bigarren ikastaro horretako gaien artean gai praktikoagoak jasotzen dira, erakunde juridiko tipologia, fakturazio prozesua, zergak, egoitza elektronikoa, indarrean dagoen oinarrizko legedia eta finantzaketarako aukerak. Kasu bietan, prestakuntza diziplina anitzetako artistei, ekoizleei eta, orokorrean, kultur proiektuen ekintzaileei bideratzen zaie, batez ere.

Jarduerek partaide kopuru mugatua izango dute, –bakoitzak 15 plaza–, eta izen emateak ekainaren 14ra arte egin ahal izango dira [email protected] helbidearen bitartez (izena eta abizenak, NAN, posta helbidea, telefonoa, e-maila adieraziz). Ikastaroek 35 euro balioko dute –30 euro Bilbaoeszenako erabiltzaileentzat eta 25 ATAEko bazkideentzat–.