BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK ZIENTZIARI ETA ARTEARI BURUZKO HITZALDI-SOLASALDIA JASOKO DU ASTEAZKENEAN, ZIENTZIAREN HEDAPENERAKO PROGRAMAZIOAREN BARRUAN, DEBORAH GARCÍA BELLOREKIN, ÓSCAR GONZÁLEZ MENDIAREKIN ETA NURIA MORA ARTISTAREKIN

Topaketa arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea, BIHARTIK aurrera, liburutegian bertan. Hitzaldia streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

Bidebarrieta Kulturguneak, Bilboko udalak eta UPV/EHUko Kultura Zientifiko Katedrak, Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzarekin, antolatzen duten “Zientzia, Artea eta Kaleko Kultura” zikloko bigarren eta azken topaketa jasoko du. Zikloaren helburua, artea eta zientzia elkartu egiten diren ikuspegi alternatiboa eskaintzea da. Bigarren hitzordu honetan Deborah García Bello kimikariak, Óscar González Mendia UPV/EHUko irakasleak eta Nuria Mora artistak hartuko dute parte, eta hiriko artearen tekniken ostean ezkutatzen den zientziari buruz egingo dute berba.

Jarduera 19:00etan hasiko da, doako sarrerarekin. Beharrezkoa izango da aurretik gonbidapena jasotzea liburutegian bertan, bihartik, ekainaren 8tik aurrera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara –udako ordutegian, astelehenetik ostiralera–, gehienez ere lau sarrera pertsona bakoitzarentzat. Leku guztiak bete ondoren ezin izango da inor aretora sartu. Dena den, gaztelaniaz izango den topaketa streaming-ez jarraitu ahal izango da, www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Ekitaldira doazenek solasaldi interesgarria gozatu ahal izango dute. Bertan, gonbidatuek, pop art mugimendu artistikoan, dadaismoan, apainketan, diseinuan eta kitsch-ean materialek duten esanahia hurbilduko diete ikus-entzuleei. Horrez gain, goi eta behe mailako kultura izenekoen artean dagoen gatazkaren funtsak argitzen ahaleginduko dira.

Deborah García Bello Kimika lizentziatua eta zientzia dibulgatzailea da. “Todo es cuestión de química” eta “¡Que se le van las vitaminas!” liburuak idatzi ditu eta, egun, bere Dimetilsulfuro blogean idazten du, Bitacoras 2014 sariaren eta 2016ko Dibulgazio Zientifikoko Tesla sariaren irabazlea. García Bellok hainbat komunikabiderekin egiten du lan, eta Komunikazio Zientifikoko Espainiar Elkartearen kide da, eta baita Komunikazio Zientifiko eta Teknologikoko Elkartearena ere.

Óscar González Mendia Kimika Analitikoko doktorea da eta irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatearen Zientzia eta Teknologia fakultatean (UPV/EHU). Nahiz eta bere ikerketa-lanak sendagaien analisian eta haien metabolomikaren azterketan oinarritzen den, azken hiru urteetan, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Graduan ere irakasle lanetan dihardu. Esperientzia horren ondorioz, zientziaren eta artearen arteko lotura aztertzeko gogoa sortu zitzaion.

Bere hitzaldian, González Mendiak historian egin diren arte-faltsifikazio ezagunenei buruz hitz egingo du, eta baita haiek izan zuten ondorio ekonomiko eta kulturalei buruz ere. UPV/EHUko irakasleak Kimika Analitikoak artearen munduan artelanen egilea nor den argitzen duen garrantzia azpimarratuko du bere hitzaldian.

Nuria Mora PostGraffiti eta Street Art korronteetako artista garaikidea da, eta azken horren aitzindarietako bat da. Bere lana nazioarteko hainbat galeria eta museotan erakutsi da, besteak beste, Johannesburgoko Arte Garaikideko Museoan eta Londreseko Tate Modern-ean.

Hitzaldia, Bidebarrieta Zientifikoaren urteko programazioaren barruan dago. Ekimenak beste programa batzuk ere jasotzen ditu “Darwinen Eguna” –hori ere UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutakoa–, besteak beste, zientzia jende guztiari, era atseginean eta didaktikoan hurbiltzeko eta egunerokotasuna duten zientziari buruzko gaiak ezagutarazteko helburuarekin.

GONBIDAPENAK JASOTZEKO:
Lekua: Bidebarrietako Liburutegia
Egunak: Ekainaren 8tik 13ra. Larunbat eta igandeetan izan ezik.
Ordutegia: 10:00-14:00 // 16:00-19:00 (udako ordutegia)
Gehienez ere 4 gonbidapen pertsona bakoitzeko.

+ INFO: www.bilbao.eus eta www.bilbaokultura.eus