BIDEBARRIETA KULTURGUNEAREN “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EKIMENAK JULIA OTXOA ETA EDURNE PORTELA IDAZLEAK ELKARTUKO DITU ASTEARTEAN, LITERATURAREN ERABILGARRITASUNARI BURUZ BERBA EGITEKO

Hitzordua José Blanco poetak moderatuko du. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte, eta streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus

 

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, Julia Otxoa eta Edurne Portela idazleak elkartuko ditu datorren asteartean, EKAINAREN 12an. ¿Para qué sirve la literatura? izenburua izango duen topaketa José Blanco poetak moderatuko du, eta literaturak pertsona eta gizarte mailan duen balioan sakonduko du.

Topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte, eta inor ezin izango da sartu ekitaldia hasi eta gero. Dena den, streaming-ez jarraitu ahal izango da kulturguneatb.eus webgunean.

“Eztabaidak literaturarekin” ekimenak, genero desberdinak lantzen dituzten bi euskal emakume idazlerekin topaketa proposatzen du ekainerako. Bat, Edurne Portela, gehiago aritzen da saiakeran, eta bestea, Julia Otxoa, gehiago poesia esperimentalean eta objektualean. Biek, literaturaren balioa edo erabilgarritasuna argitzen ahaleginduko den solasaldian arituko dira, egileen ikuspuntu pertsonalagotik baina baita gizarte mailatik ere, gehiegizko informazioak, abiadurak eta kultur produktu asko Internet bitartez kontsumitzen diren esparru kolektiboak eta publikoak markatutako une honetan.

Edurne Portelak (Santurtzi, 1974) Estatu Batuetan gauzatu du bere ibilbide profesionala, eta bertan Literatura Hispaniarrei buruzko doktoretza egin zuen, Ipar Carolinako Unibertsitatean. 13 urtez, irakaskuntza lana eta Lehigh-eko Unibertsitateko Giza Zientzien Ikerketa Zentroaren (Humanities Center) zuzendaritza lana egin zituen. 2016ko urtarrilean Euskadira itzuli zen, eta bertan idazten ari da buru belarri. “El eco de los disparos: cultura y memoria de la violencia” (2016) saiakera eta “Mejor la ausencia”, eleberria argitaratu ditu, biak ere Galaxia Gutenberg argitaletxearekin.

Julia Otxoa (Donostia, 1953), bere aldetik, poeta, narratzaile eta artista plastikoa da, Estatuan mikro-kontakizun generoa finkatu zuten gazteen belaunaldiko kidea, eta bere lanean zenbait korronte artistiko hautematen dira, surrealismoa, existentzialismoa eta arte plastikoak orokorrean. Poesian, narrazioan eta umeentzako narrazioan argitaratutako 30 liburu baino gehiago biltzen dituen lan zabala hainbat hizkuntzara itzuli da, eta zenbait poesia, ikus-poesia eta mikro-kontakizun antologiatan jaso da. Argitaratu dituen azken liburuak “Jardín de arena” eta “Escena de familia con fantasma” dira.

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira solasaldietara. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiak eginez.

Joan den 2017an hauek izan ziren “Eztabaidak Literaturarekin” programan parte hartu zutenak: Gabriela Ybarra eta Carlos Pardo, Xabier Olarra eta Harkaitz Cano, Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer, Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro, Gabi Martínez eta Patxi Irurzun, Toti Martínez de Lezea eta José Luis Corral, Mikel Martínez eta Patxo Telleria, Lorenzo Silva eta Carme Riera, Elvira Navarro eta Iban Zaldua, eta Fernando eta Luis Marías anaiak.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistikoaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.