“BILBAO DISTRITO JAZZ” EKIMENAK OSTIRAL HONETAN JARRIKO DU MARTXAN BERE KONTZERTU EGUTEGIA, ERREFERENTE DIREN MUSIKARIAK AUZOETARA ERAMANGO DITUEN PROGRAMAZIO ANITZ ETA KALITATEZKOAREKIN

Begoñako, Otxarkoagako eta Errekaldeko udaltegiek, Sarrikon dagoen Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioak, Bilboko Club Deportivok eta Bidebarrietako Liburutegiak hauen emanaldiak jasoko dituzte: Voro García Quartet, Albert Sanz & Javier Colina, S.O.S. Travelling Van, Dimitry Baevsky Quartet, Aritza Castro Quartet eta Eva Romero & Ramón Cardo.

“Bilbao Distrito Jazz” Bilboko Udalaren ekimena da, Bilbaína Jazz Club izenekoarekin elkarlanean. Formatu txikiko sei emanaldi jasoko ditu, martxoaren 23 arteko OSTIRAL guztietan, arratsaldeko 19:30ean. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Bilboko Udalak ostiral honetan inauguratuko du “Bilbao Distrito Jazz” egitarauaren hemeretzigarren edizioa, gure hirian denbora gehien daraman musika programetako bat –Bilbaína Jazz Club-arekin elkarlanean antolatutakoa–, auzoetara formatu txikiko doako kontzertuak hurbiltzen dituena, nazio eta nazioarte mailan erreferentziazkoak diren artistekin, eta jazzean etorkizun handia duten bertako artistentzat lekua ere utziz.

Oraingo honetan sei emanaldi eskainiko dira, martxoaren 23 arteko ostiral guztietan, Voro García Quartet, Albert Sanz & Javier Colina, S.O.S. Travelling Van, Dimitry Baevsky Quartet, Eva Romero & Ramón Cardo eta Aritza Castro Quartet taldeekin. Ohikoa denez, kontzertuak udaltegietan eta jende gehiago jasotzeko lekua duten gune batzuetan izango dira, Bidebarrietako Liburutegian edo Sarrikon dagoen Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan, besteak beste. Emanaldiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango dute, leku guztiak bete arte.

Programazioa ostiral honetan, otsailaren 16an, hasiko da, Errekaldeko Udaltegian, Voro García Quartet-ekin. Voro García Valentziako tronpeta joleak goi mailako laukotea aurkeztuko du, Enrique Oliver saxofonista handiarekin, Estatuko eszenako beste izen handienetako batekin. Bi ahots, tronpeta eta saxoa, inprobisazio koruetan txandakatzen direnak, eta base bat –kontrabaxua eta bateria; Bori Albero eta Ramón Prats– denborak eta atmosferak markatuz eta bakarlari rolak ere hartuz.

Otsailaren 23an, Sarrikon dagoen Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioak Albert Sanz & Javier Colinaren emanaldia jasoko du. Bi musikari handi horiek bikotean asmatzen dute, euren musikaltasun bikaina hobeto adierazteko. Hainbat urtez elkarrekin jotzen aritu ondoren Na Carreira proiektua aurkeztuko dute ikus-entzuleen aurrean. Feeling askorekin, swing askorekin eta, batez ere, bien ezaugarria den melodiarekiko gustuarekin.

Martxoko lehenengo ostiralean, 2an, Otxarkoagako Udaltegiak S.O.S Travelling Van taldearen ikuskizuna jasoko du. Bilbaina Jazz Club Kultur Elkarteari laguntzen dion taldea lau musikari garrantzitsuk osatzen dute, jazzaren eszena berrian oso esanguratsuak direnak, Felix Rossy tronpeta jole katalan gaztea, Jaume Llombart (gitarra), Carlos López (bateria) eta Jordi Matas (baxua), alegia. Guztiak ere ezagunak dira Bilboko entzuleentzat, euren egitasmoen lider gisa edo beste proiektu batzuetako partaide moduan, eta oraingo honetan, musikaz, itxaropenez eta ezustez betetako saio bikaina oparituko dute.
Martxoaren 9an egingo den hurrengo kontzertuaren agertokia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoa izango da. New Yorketik Dmitry Baevsky helduko da Bilbora, bere jaioterriko, San Petersburgeko, Kontserbatorioan Gennady Goldstein maisuarekin eta, ondoren, New Yorkeko New School University ospetsuan trebatutako saxofoi jole errusiarra. Azken leku horretan goi mailako musikariekin grabatu eta jo du, Peter Washington, Willie Jones III, Harry Allen edo Peter Bernsteinekin, besteak beste. Oraingo honetan Joan Monné (pianoa), Ignasi González (kontrabaxua) eta Jo Krause (bateria) izango ditu ondoan.

Tokiko ukitua Aritza Castro Quartet taldeak jarriko du edizio honetan, martxoaren 16an, Begoñako Udaltegian. Aritza Castro (Barakaldo, 1983) bateria jotzailea gure harrobian ospea lortzen ari den artista da, eta bere konposizioak eskainiko dituen laukote proiektua aurkeztuko digu. Beste egitasmo askotan aritu ondoren, bere lana osatzeko beharra sentitu zuen, bere esperientzietatik sortutako musika, egitasmoa osatzen duen kide bakoitzaren adierazpen askatasuna agerian uzten duena. Azken emaitza soinu freskoa, egungoa eta oso ezaugarritsua da. Taldea Roberto Nievak (saxo altua), David Ruizek (kontrabaxua) eta teklatuekin aritzen den Juan Sebastián Barratxinak osatzen dute.

“Bilbao Distrito Jazz” ekimenaren hemeretzigarren edizio honen itxiera Eva Romero & Ramón Cardo Trío taldeari dagokio, Billie Holidayri eskainitako omenaldi ekitaldi bereziarekin, martxoaren 23an, Bilboko Club Deportivon. Mundu osoan Billie Holiday ezizenez ezaguna izan zen Eleanora Fagan Gough abeslari estatubatuarraren jaiotzaren mendeurrenarekin bat etorriz, Eva Romerok eta Ramón Cardo maisu historikoaren hirukoteak egitasmo hori sortu dute, artista horren ezagutza zabaltzeko, bere bizitzako gertakarien kontakizunaren bitartez, bere abesti enblematikoenen eta hain entzunak ez diren beste batzuen bilduma bikainaren bidez. Eva Romerok abesteko orduan dituen ezaugarriek saio honetarako interprete paregabe bilakatzen dute.

“Bilbao Distrito Jazz” Bilboko Udaleko Kultura Sailaren ekimena da, eta hainbat helburu ditu, besteak beste, ikus-entzule askorik ez duen musika genero hori hiriko auzoetara zabaltzea, ikus-entzule berriak sortuz; 1991tik astero zuzeneko emanaldiak antolatzen dituen Bilbaína Jazz Club elkartearen lana laguntzea; edo auzoetan eskaintzen den kultur programazioaren kalitatea hobetzea.

Beste alde batetik, Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bilboko Udal Liburutegien Sareak, jazz-liburu eta grabazioen bilduma zabala ere badaukala azpimarratu gura du, maileguan uzteko, musika genero hori sustatzeko xedez. Katalogoa webgune honetan dago eskuragai: www.bilbao.eus/bibliotecas. Gainera, erosketak egiteko edo bilduma eguneratuta edukitzeko iradokizunak ere egiten ditu.

AGENDA

OTSAILAK 16. 19:30
Voro García Quartet (Errekaldeko udaltegia)
Voro García: tronpeta, flugelhorna 
Enrique Oliver: saxo tenorea
Bori Alvero: kontrabaxua
Ramón Prats: bateria

OTSAILAK 23. 19:30
Albert Sanz & Javier Colina (Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioa)
Albert Sanz: pianoa   
Javier Colina: kontrabaxua

MARTXOAK 2. 19:30
S.O.S. Travelling Van (Otxarkoagako udaltegia)
Felix Rossy: tronpeta
Jaume Llombart:  gitarra
Carlos López: bateria
Jordi Matas: baxua

MARTXOAK 9. 19:30
Dimitry Baevsky Quartet (Bidebarrietako liburutegia)
Dimitry Baevsky: saxo altua
Joan Monné: pianoa
Ignasi González: kontrabaxua
Jo Krause: bateria

MARTXOAK 16. 19:30
Aritza Castro Quartet (Begoñako udaltegia)
Aritza Castro: bateria
Roberto Nieva: saxo altua
David Ruiz: kontrabaxua
Juan Sebastian Barratxina: Teklatuak

MARTXOAK 23. 19:30 (Club Deportivo – Alda. Rekalde, 28)
Eva Romero & Ramón Cardo “Omenaldia Billie Holidayri”
Eva Romero: ahotsa
Ramón Cardo: saxo tenorea
Iván Cebrían: gitarra
Cesar Cortés: kontrabaxua

Kontzertu guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira. Sarrera doakoa leku guztiak bete arte. Informazioa 010 telefono zenbakian edo www.bilbao.eus eta www.kulturabarrutik.eus webguneetan.