“Saio linbikoak”, izenburua duen egitasmoak lau emanaldi jasoko ditu urte amaierara arte, formatu akustikoan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, arratsaldeko 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.
Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, literaturari, musikari eta emozioei buruzko lau topaketetatik lehenengoa jasoko du asteazken honetan, OTSAILAREN 21ean. “Saio linbikoak” izenburua duten topaketen helburua ikus-entzuleak liburutegietara hurbiltzea da, musikaren bitartez. Mikel Gorosabel, ‘Norton’, musikariak emango dio hasiera zikloari, euskaraz izango den topaketa intimistarekin.
Gune horretan ohikoa denez, ekitaldiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira, sarrera librea izango da aretoko leku guztiak bete arte eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.
Formatu akustikoan izango diren emanaldi guztiek antzeko formatua izango dute. Artistak sei kanta eskainiko ditu, izakiaren lehen mailako sei emozio ebokatzeko xedez: poza, tristura, amorrua, beldurra, ezustea eta nazka. Horrez gain, artista bere ibilbide pertsonalean edo/eta profesionalean inspiratu duten idazleak, liburuak, diskoak… ere aipatuko dira, ikus-entzuleak kulturara eta literaturara hurbiltzeko, musikatik.
Horrela, gonbidatu bakoitzak, berak aukeratutako liburuak eta diskoak aipatuko ditu, horrela, ekitaldian zehar, une oro ikus-entzuleekin elkarrekintzan aritu ahal izateko. Izan ere, “Saio linbikoak” egitasmoak literatura, emozioak eta musika uztartu gura ditu, emanaldia eskaintzeaz gain, euren musika eta literatura esperientziari buruz ikus-entzuleekin solasean ere arituko diren artistekin.
Mikel Gorosabel izango da urte amaierara arte luzatuko den ziklo hau irekiko duena, euskaraz izango diren lau topaketarekin. EH Sukarra, Lorelei eta Norton Klub taldeen sortzailea den musikari eibartarrak “Barne Basoan Barna” bakarkako diskoa grabatu du, azken bi urteetan idatzitako abestiekin.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.