BILBOKO UDALTEGIEK SEI PINTURA ETA ARGAZKI ERAKUSKETA JASOKO DITUZTE BIHARTIK AURRERA, BILBOKO UDALAREN “EXPODISTRITO” PROGRAMAREN BARRUAN

Marrazkia eta pintura izango dira protagonistak hiru erakusketatan, Pepa Truebaren eta Álvaro Hidalgoren, Pilar eta Mª Carmen González Buenoren eta Bilbon bizi den Abdul Jabbar artista irakiarraren lanekin. Horrez gain, ikusleek, naturari, Saharako kanpalekuetako egoerari eta euskal ontziolen bilakaerari buruzko hiru argazki erakusketa ere ikusi ahal izango dituzte,.

Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Burtsako (Zazpi Kaleak), Begoñako, San Frantziskoko, Errekaldeko, Otxarkoagako eta Castañoseko udaltegiek txandaka jasoko dituzte erakusketak datorren ekainaren 30era arte.

Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko den aldi baterako erakusketa zikloak, urteko bigarren hiruhilekorako egitaraua inauguratuko du bihar, apirilaren 4an. Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Otxarkoagako, Errekaldeko eta Burtsako (Zazpi Kaleak) udaltegietara hurbiltzen diren ikusleek, hainbat pintura teknika erabiliz egin diren hiru erakusketa ibiltariz eta oso gai anitzak lantzen dituzten beste hiru argazki erakusketaz gozatu ahal izango dute.

Bost erakusketa apirilean inauguratuko dira. San Inazio-Ibarrekolandako udaltegiak, Pepa Truebaren eta, estilo abstraktuarekin, kolore bizien eta forma ezinezkoen kontrapuntua jartzen duen Álvaro Hidalgo bere semearen akuarela lanak dituen erakusketa jasoko du. Erakusketa apirilaren 27ra arte bisitatu ahal izango da, eta ondoren Castañoseko udaltegira aldatuko da.

Pinturako teknika hori baztertu barik, Begoñako udaltegiak Pilar eta Mª Carmen González Bueno ahizpen “Emoción por la acuarela” erakusketa jasoko du. Bi ahizpek euren ametsak irudikatu nahi izan dituzte erakusketa horretan. Erakusketa Begoñako, San Inazio-Ibarrekolandako, Burtsako eta Errekaldeko udaltegietan egongo da ikusgai, modu ibiltarian.

Otxarkoagako Udaltegia izango da apiril honetan Bilbon bizi den Abdul Jabbar artista irakiarrak egindako zenbait lanen aukeraketa berezia jasotzeko aukeratu den lekua. Bagdaden jaio zen, eta umetatik marrazkia eta pintura ezinbesteko tresnak izan dira bere bizitzan: adierazteko, ezagutza lortzeko eta gauzen muina jasotzeko modua. Erakusketa San Inazioko udaltegira aldatuko da maiatzeko lehenengo hamabostaldian.

Horrez gain, Expodistritok oso gai anitzak lantzen dituzten hiru argazki erakusketa programatu ditu ekainaren amaierara arte. BBKren laguntza duen “Arima hondartua – El alma varada” erakusketak Jon Rodríguez Bilbaoren argazkiak erakusten ditu. Euskadiko ontzioletan denboran zehar hartutako irudi bilduma da, ontzigintza sektorearen, bertako langileen eguneroko errealitatea erakusteko, gizakia burdinaren eta makinen aurrez-aurre jarriz. Erakusketa Begoñako Udaltegian ikusi ahal izango da beste inon baino lehen datorren asteartetik, apirilaren 4tik, aurrera.

Egun horretan bertan inauguratuko da Zazpi Kaleetako Burtsako Udaltegian Pilar Herrero Hierroren erakusketa. Denbora luzez Antzezaleak izeneko artista tailerrean zeramika lanak egiten aritu ondoren, azken urteetan naturako argazkiak egiten zentratu da, modu erabat autodidaktan. Programatutako azken erakusketa ez da jende aurrean aurkeztuko maiatzeko lehen hamabostaldira arte Abando-Barrainkuako udaltegian. “¿Saharaui? Bai” Munduko Sendagileak erakundeak antolatutako erakusketa da.

Munduko Sendagileak erakundeak bi hamarkada baino gehiago daramatza Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan lanean. Proiektu honen bitartez herritarrak eta eragileak sentsibilizatu nahi dituzte, Saharako biztanleek jasaten duten giza eskubideen urraketaren aurrean. Erakusketa San Frantziskoko Udaltegian ere ikusi ahal izango da maiatzeko bigarren hamabostaldian.

BESTE ERAKUSKETA BATZUK
Expodistrito programaren barruan programatu diren erakusketez gain, Bilboko udaltegiek, beste arte plastiko erakusketa batzuk jasoko dituzte apirilean, maiatzean eta ekainean. Erakusketa horiek irabazi asmorik gabeko zenbait taldek eta elkartek sustatu dituzte, Arte – Terapiak (AMSA), Euskal Akuarelagileen Elkarteko ikasleek, AMIARTE –egoera txarrean dauden pertsonei laguntzeko elkartea, haien gizarteratzea bultzatzeko– edo FEKOORreko –urritasun fisikoa edo/eta organikoa duten Bizkaiko pertsonak– Sancho Azpeitiaren sorkuntza tailerrak. Asteartean “La voz de la naturaleza” erakusketa inauguratuko da Abando–Barrainkuako udaltegian, izen bera duen aldizkariaren 25 urteak ospatzeko.

“Expodistrito” programa, Bilboko Udalaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak txandakatuz joango dira. Erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazioa jasotzen duen www.kulturabarrutik.net webgunean eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.

ERANSKINA / APIRILEKO AGENDA

Apirilak 4-27
San Inazio – Ibarrekolandako Udaltegia
Pepa Trueba eta Álvaro Hidalgo (Pintura)

Apirilak 4-27
Castañoseko Udaltegia
Pilar eta Mª Carmen González Bueno (Pintura)

Apirilak 4-27
Otxarkoagako Udaltegia
Abdul Jabbar Al Ali (Pintura)

Apirilak 4-27
Begoñako Udaltegia
Jon Rodríguez Bilbao (Argazkia)
Erakusketa honek BBKren laguntza du

Apirilak 4-27
Burtsako Udaltegia
Pilar Herrero (Argazkia)