Iratxe Fresneda kazetariak aurkeztuko duen hitzordua arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan (ekitaldia euskaraz izango da)
“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko elkarrizketa lasaiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen BIDEBARRIETA KULTURGUNEAREN ekimenak, Jon Arretxe eta Jon Alonso idazleak elkartuko ditu datorren asteartean, APIRILAREN 19an, itxuraz irakurleen artean oso aldi ona bizitzen ari den eleberri beltzaren eta literatur munduko krimenaren, bilakaera aztertzeko. Alonsoren azken liburuari erreferentzia eginez “Beltzaren koloreak” izenburua daraman topaketa euskaraz izango da eta Iratxe Fresneda kazetariak moderatuko du.
Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren.
Jon Alonso Iruñean jaio zen 1958an. Biologian lizentziatua, euskara irakasle izan ondoren, itzultzaile gisa ari da lanean Nafarroako Unibertsitate Publikorako. Literatur tailerrak eta hitzaldiak ere eman ditu, eta hainbat komunikabidetan aritu da. Jon Alonso ia berrogei urterekin hasi zen lanak argitaratzen, eta bere lehenengo lana saiakera izan zen: Mikel Zarate (BBK-Euskaltzaindia, 1995) saria lortu zuen Idiaren eraman handia. Irakurleen artean lortu duen aintzatespena, eleberri beltz dibertigarri eta bitxiek osatutako bildumak ekarri dio.
Izan ere, bere lan berria eleberri beltzari buruzko saiakera laburra da: Beltzaren koloreak. Genero beltzaren bilakaera aztertzen duen testua da, zelan igaro den ezarritako ordena kritikatzetik sistema sozioekonomiko neoliberala onartzera. Alonsok, 25 idazleren 100 eleberri aztertu ondoren atera ditu bere ondorioak. Itzulpengintzan ere ari da, eta berak itzuli ditu José Saramagoren Lisboako Setioaren Historia eta Julio Cortázarren ipuin antologia bat, besteak beste.
Jon Arretxe Perez (Basauri, 1963) euskaraz idatzitako literaturak duen egile garrantzitsuenetakoa da. Euskal Filologian doktore eta Hezkuntza Fisikoan lizentziatua izateaz gain, piano eta kantu ikasketak osatu ditu Bilboko eta Gasteizko kontserbatorioetan. Izan ere, Jon Arretxe pertsona polifazetikoa da, eta sorkuntza lana egiteaz gain, bere liburuei eta bidaiei buruzko hitzaldiak ematen ditu eta opera abesten du. 1991n bere lehenengo lana argitaratu zuenetik, bere lanen artean bidaietako literatura (7 Kolore, Tubabu, El sur de la memoria…) eta eleberri beltza (Xahmaran, La calle de los Ángeles, Tangerko Ametsak…) konbinatzen ditu, batez ere. Horrez gain, haur eta gazte literatura ere argitaratu du.
HAMARGARREN EDIZIOA
2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, literaturaren hedapenerako eta gizartearen eta zientziaren ezagupenerako gunea da.