BILBOKO UDALTEGIEK BOST ARGAZKI ETA PINTURA ERAKUSKETA JASOKO DITUZTE DATORREN ASTELEHENETIK AURRERA BILBOKO UDALAREN “EXPODISTRITO” PROGRAMAREN BARRUAN

Marrazkia eta pintura izango dira lau erakusketaren protagonistak, Argi Arte izeneko Arte Plastiko eta Diseinu Zentroko ikasleek, Markos Basterretxeak, Valentín de Urrutia Mariscalek, eta La Vaca Pinta tailerreko ikasleen margolanekin eta emakumeari eta Bizkaiko Emakume Unibertsitarioen Elkartearen lanari buruzko argazki aukeraketarekin.

Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Burtsako (Alde Zaharra), Begoñako, San Frantziskoko, Errekaldeko, Otxarkoagako eta Castañoseko Udaltegiek txandaka jasoko dituzte erakusketak EKAINAREN 30era arte.

Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko den aldi baterako erakusketa zikloak, urteko bigarren seihilekorako egitaraua inauguratuko du datorren ASTELEHENEAN, apirilaren 18an. Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Otxarkoagako, Errekaldeko eta Burtsako (Alde Zaharra) udaltegietara hurbiltzen diren bilbotarrek, hainbat pintura teknika erabiliz egindako lau pintura erakusketa ibiltariz eta argazki erakusketa batez gozatu ahal izango dute. Erakusketa apirilaren 29ra arte bisitatu ahal izango da, eta ondoren Otxarkoagako udaltegira joango da.

Begoñako udaltegiak, Argi Arte Arte Plastiko eta Diseinu Zentroan (Bilbo) egindako Ilustrazio Zikloaren ikasturte amaierako lau proiektu erakusten dituen “4 líneas, nada más” talde erakusketa jasoko du. Erakusketak ametsaren bidetik eramango ditu ikusleak, egile bakoitzak diziplina horretara hurbiltzeko eta era plastikoan gauzatzeko mundu berezia eskaintzen baitu. “4 líneas, nada más” erakusketa San Frantziskoko, San Inazio – Ibarrekolandako, Abando – Barrainkuako eta Castañoseko udaltegietan ikusi ahal izango da, ordena horretan.

Castañoseko udaltegia izango da apirilean, La Vaca Pinta tailerrean egindako lanen aukeraketa berezia erakutsiko duena. “El Paso del tiempo” aldi baterako erakusketa da. Bertan dena denbora tarte mugatu batean gauzatu da, eta artistek euren denboraren ideia sortu dute, hainbat teknika erabiliz, pertsona bakoitzaren arabera batzuetan iragankorra eta beste batzuetan erlatiboa dena kontatzeko eta adierazteko.

Apiril honetan udaltegietara helduko den azken proposamena, hori ere margolanez osatua, Markos Basterretxearena izango da. Bertan hainbat formatu, teknika eta gai jasotzen dira, eta lanaren ardatz nagusia errealismoa izango da. Erakusketa Errekaldeko udaltegian ikusi ahal izango da beste inon baino lehen.

Eta maiatzean dagoeneko, beste pintura erakusketa bat inauguratuko da, Valentín de Urrutia Mariscal margolari eta diseinugile bilbotarraren eskutik. Arte plastikoetan autodidakta da, baina diseinu grafikoan duen esperientzia luzea dela eta, koloreen masak era bikainean uztartzen ditu, bere lana ikustea gozamen bilakatuz. Ikusleek maiatzaren 3tik aurrera ezagutu ahal izango dute artista honen lana San Inazio – Ibarrekolandako Udaltegian.

“Expodistrito” programa, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak txandakatuz joango dira. Erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazioa jasotzen duen www.kulturabarrutik.net webgunean eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.

ERANSKINA / APIRILEKO AGENDA

Izenburua: “La mujer y el trabajo” / Bizkaiko Emakume Unibertsitarioen Elkartea – (Argazkia)
Lekua: Abando-Barrainkuako udaltegia
Egunak: apirilaren 18tik 29ra

Izenburua: Argi Arte (Pintura)
Lekua: Begoñako udaltegia
Egunak: apirilaren 18tik 29ra

Izenburua: Markos Basterretxea (Pintura)
Lekua: Errekaldeko udaltegia
Egunak: apirilaren 18tik 29ra

Izenburua: La vaca Pinta tailerra (Pintura)
Lekua: Castañoseko udaltegia
Egunak: apirilaren 18tik 29ra