BIDEBARRIETA KULTURGUNEAN, HILAREN 29AN, ASTEAZKENA, SEXU- ETA GENERO-ANIZTASUNA ZIENTZIA-ARLOAN ARDATZ IZANGO DUEN HITZORDU BAT OSPATUKO DA

  • Lau hitzaldi izango dira: Daniel Ruiz Gabarre, farmazialari eta neurozientifikoa; Gracia Trujillo Barbadillo, Soziologiako doktorea, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea eta aktibista transfeminista; Daniel García Abiétar, Bartzelonako Osasun Publikoko mediku egoiliarra eta UNEDeko Filosofia graduko ikaslea; eta Aitzol Garcia-Etxarri, Zientzia Fisikoetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU)
  • Ekitaldiak 15 minutuko lau hitzaldi ditu, eta bertan sexu- eta genero-aniztasunarekin lotutako hainbat gai azalduko dira, soziologiaren, medikuntzaren edo neurozientzien ikuspegitik, besteak beste.
  • Hitzordua 19: 00etan hasiko da Liburutegiko Areto Nagusian.

(Bilbon, 2022ko ekainaren 24an).- Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunean ASTEAZKENA, EKAINAK 29, izango da “Bidebarrieta Zientifikoa” zikloaren beste hitzordu bat, eta esparru zientifikoko sexu- eta genero-aniztasunean oinarrituko da. 

Jardunaldi honetan lau hitzaldi izango dira: Daniel Ruiz Gabarre, farmazialari eta neurozientifikoa; Gracia Trujillo Barbadillo, Soziologiako doktorea, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea eta aktibista transfeminista; Daniel García Abiétar, Bartzelonako Osasun Publikoko mediku egoiliarra eta UNEDeko Filosofia graduko ikaslea; eta Aitzol Garcia-Etxarri, Zientzia Fisikoetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU).

Harrotasuna zientzian” izenburupean, Bidebarrietako Liburutegiak eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak bultzatutako jardunaldia 19:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian.

Zientzia oso tresna egokia da gizarte osoarentzat, pertsonen ongizatearen aldeko ikerketa hainbat ikuspegitatik bultzatu ahal izateko. Baina zientzia esparruan ere, zenbait kolektibok, LGTBIQA+ kasu, diskriminazioa eta egoera bortitzak jasaten dituzte eguneroko jardunean, eta horien ondorioz, talde horietan, ikasketak behin-betiko uzten dituztenen ehunekoa beste talde batzuetan baino handiagoa izan ohi da.

Ekitaldiak 15 minutuko lau hitzaldi labur ditu, eta horietan sexu- eta genero-aniztasunarekin lotutako hainbat gai azalduko dira, soziologiaren, medikuntzaren edo neurozientzien ikuspegitik, besteak beste.

 

Lehenengo hitzaldia, Diversidad LGTBIQA+ en Ciencia: situación actual y acciones por la igualdad” (LGTBIQA+ aniztasuna Zientzian: egungo egoera eta berdintasunaren aldeko ekintzak), Daniel Ruiz neurozientzialariak emango du LGTBIQA+ pertsonek zientzia esparruan bizi duten egoerari buruzko ikuspegi orokorra zirriborratzeko, noizbehinka jasan behar izaten duten diskriminazioa nabarmenduz, betiere zientzian diharduten pertsona guztien arteko benetako berdintasuna lortzea ahalbidetuko duen aldaketa bultzatzeko asmoz.

Jarraian, Gracia Trujillo soziologoaren txanda izango da, eta Pensando más allá de los binarismos sexo- genéricos en el ámbito educativo” (Binarismo sexo-generikoez harantzago pentsatuz hezkuntza arloan) hitzaldiaren bitartez, argi utziko du queer mugimenduaren eta feminismoaren epistemiologiek edo ezagutzaren oinarri eta metodoek pentsatzeko modu berri bat ireki dutela hezkuntzan, izan ere, arauz eta erregulazioz beterako esparru honetan ere gizarte-aldaketaren aldeko ekimenak sortu ohi dira.

Ondorengo hitzaldia “La asistencia sanitaria a personas trans como producción material e identitaria” (Trans pertsonentzako asistentzia sanitarioa, ekoizpen material eta identitario gisa) izango da, eta bertan, Daniel García medikuak zehatz-mehatz azalduko du nola, haren iritziz, transexualitatearen diagnostikoa sortu zenetik, diskurtso biomedikoa “obsesio paternalistetara” makurtu den, trans pertsonei “laguntza”, “asistentzia” edo “tratamendua” eskaintzeko asmoz.

Azkenik, “El reto de diversificar la ciencia” (Zientzia dibertsifikatzearen erronka) hitzaldian, Aitzol Garcia-Etxarri fisikaria LGTBIQA+ kolektiboko kide bezala duen esperientzia pertsonaletik abiatuko da aniztasuna zientziaren ikuspegitik aztertzearen erronka azaltzeko, benetako rara avis bat baita egungo ikerketa zientifikoaren arloan.

Daniel Ruiz Gabarre farmazialari eta neurozientifikoa da eta Alzheimer gaixotasunaren mekanismo molekularrak ikertzen ditu Madrilgo CBMSO zentroan (Biologia Molekularrari buruzko Severo Ochoa Zentroa). CBMSOko berdintasun-unitateko kidea da eta modu aktiboan parte hartu ohi du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza arloetako aniztasun afektibo-sexualerako eta genero-aniztasunerako PRISMA elkartean

Gracia Trujillo Barbadillo Soziologiako doktore eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea aktibista transfeminista da. Haren ikerketek mugimendu feminista eta lgtbi – queer mugimendua dituzte aztergai. Azkenaldian plazaratu dituen argitalpenen artean, “Queer epistemologies in education. Luso- Hispanic dialogues and shared horizons” (Palgrave) liburuaren koedizioa eta “El feminismo queer es para todo el mundo” (Ed. Catarata) nabarmen daitezke.

Daniel García Abiétar Osasun Publikoko mediku egoiliarra da Bartzelonan eta Filosofiako graduko ikaslea UNEDen. “¿Sólo dos? La medicina ante la ficción política del binarismo sexo-género” (2019, Local Cambalache) izenburuko saiakera idatzi du.

Aitzol Garcia-Etxarri Fisika-Zientzietan doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Haren doktorego-tesiak 2010eko doktorego-sari berezia jaso zuen. Ondoren, doktorego ondoko ikertzailetzat lan egin zuen lau urtez Stanfordeko Unibertsitatean. Egun, DIPCeko nano-fotonika taldeko buru izanik, argiak objektuekin duen eskala nanometrikoko interakzioa ikertzen dihardu.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrietako Liburutegiaren barruan kulturari eskainitako gunea da. Bere helburuen artean kultura, literatura eta zientzia garatu eta sustatzea dago.

  • Hitzordu honetarako sarrera doakoa da eta sarrera librea izango da lekua bete arte. 
  • Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Kulturgunea Telebista webgunean. 

SARE SOZIALAK

www.bilbaokultura.eus