BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK NAZIOARTEKO LITERATUR TOPAKETA BERRIA JASOKO DU ASTEAZKENEAN LINDA LÊ IDAZLE VIETNAMDARRAREKIN, “EMAKUME IDAZLEEN MUNDUA” PROGRAMAREN BARRUAN

Egitaraua Luisa Etxenikek antolatu du, Bilboko Institutu Frantsesaren, Bidebarrietako Liburutegiaren, Donostiako San Telmo Museoaren, Irungo Udalaren, Baionako Mediatekaren eta “Cultura a mano” babesle taldearen laguntzarekin.

Idazleak “Beste hizkuntza batean bizitzea, idaztea” hitzaldia emango du, Rosa de Diego UPV/EHU-ko Frantses Literaturako katedradunak aurkeztuko duen ekitaldian, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Sarrera librea izango da.

Bidebarrieta Kulturguneak “emakume idazleen mundua” programaren barruko topaketa berria jasoko du ASTEAZKEN honetan, azaroaren 19an, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Frantzian bizi den Linda Lê idazle vietnamdarrarekin. Aurkezpena Rosa de Diego UPV/EHU-ko Frantses Literaturako katedradunak egingo du. “Beste hizkuntza batean bizitzea, idaztea” izenburupean Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Institutu Frantsesaren laguntzarekin antolatu duen jardueraren sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte, eta bat-bateko itzulpena egongo da gaztelaniara.

Bidebarrieta Kulturguneak iaz egin zuen bat “emakume idazleen mundua” literatur jaialdiarekin. Jaialdiak, emakumeek egindako literatur sorkuntzaren aniztasun bikaina erakutsi nahi du, eta zabaltzeko bokazioa du. Horrela, hainbat herrialdetako 120 emakume idazle igaro dira Donostian sortu ziren eta 27 edizioetan beste hiri batzuetara zabalduz joan diren topaketa horietatik. “Emakume idazleen mundua”, Luisa Etxenike idazleak koordinatutako proiektua da, Bilboko Institutu Frantsesaren, Bidebarrietako Liburutegiaren, Donostiako San Telmo Museoaren, Irungo Udalaren, Baionako Mediatekaren eta “Cultura a mano” babesle taldearen laguntzarekin.

1963an Vietnamen jaiotako Linda Lêk onartzen du ez duela bere jaiotzako hizkuntza ezagutzen, txikitatik Saigonen frantsesa ikasi baitzuen. 1977an heldu zen Frantziara, bere herrialdean gerra amaitu eta bi urtera, eta literaturaren bidea hartu zuen. Oso gazte zela hiru liburu argitaratu zituen, eta haien ondoren, “Les Evangiles du crime” heldu zen, zuen originaltasuna zela eta prentsaren aho bateko onespena jaso zuen lana.

1993an, Christian Bourgoisek bere bosgarren liburua argitaratu zion, “Calomnies” eleberria, itzuli ondoren Estatu Batuetan, Herbehereetan eta Portugalen ere argitaratua. Lan horren ostean beste batzuk etorri ziren, “Les dits d’un idito”, 1995ean;  “Les Trois Parques y Voix ”, 1998an; “Lettre norte”, 1999an; “Personne”, 2003an; “Kriss/L’homme de Porlock”, 2004an; eta “In memoriam”, 2007an.  Bere azken eleberria, “Lame de fond”, Goncourt Sariko lau liburu finalisten artean egon zen.

Rosa de Diego, bere aldetik, Frantses Literaturako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere ikerketak XIX eta XX. mendeetako frantses literaturan, Quebec-eko literaturan eta antzerkian zentratzen dira, batez ere.