ZINEBIK “NO SOY YO… ERES TÚ” DOKUMENTALAREN ESTREINALDIA AURKEZTUKO DU OSTEGUN HONETAN CAMPOS ANTZOKIAN. “EL CONSORCIO” TALDEKO KIDEEN IBILBIDE PERTSONALARI ETA MUSIKALARI BURUZKO LANA DA.

Aurkezpena arratsaldeko 20:00etan hasiko da, zineak eta zuzeneko musikak eszenatokian bat egingo duten ikuskizunaren barruan.

Aurreko edizioetan egin den bezala, ZINEBI 56k arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi egindako euskal ekoizpen lanei, “Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioaren barruan.

Aurten 10 lan aurkeztuko dira, guztiak ere dokumentalak, eta horien artean aipamen berezia merezi du “No soy yo… eres tú” (Iban Gaztanbide. Euskadi, 2014. 90 min.) film luzearen estreinaldiak. Lan hori, El Consorcio taldeko kideek izan duten ibilbide pertsonal eta profesional luzera egiten den hurbilketa intimoa eta korala da. El Consorcio musika taldea, Mocedades eta Sergio y Estibaliz taldeetatik sortu zen. ZINEBIk Campos Antzokian estreinatuko du dokumentala, AZAROAREN 20an (20:00etan), zineak eta zuzeneko musikak eszenatokian bat egingo duten ikuskizunean.

Hasiera batean Rosa Leoni irratiari eta irratiak gure burura dakartzan melodiei omentzeko proiektua bururatu zitzaionean, argi zeukan Amaia Uranga, Estíbaliz Uranga, Iñaki Uranga, Sergio Blanco eta Carlos Zubiaga (guztiak Mocedades taldekide ohiak izandakoak) izan behar zirela omenaldiaren egileak. El Consorcio jaio zen. Disko bakar batean parte hartzeko hasierako ideia alde batera utzita, hogei urte daramatzate Atlantikoaren bi aldeetatik hiru belaunaldik abestutako ereserkiak zabaltzen.

EEBBetako emigraziotik bueltan, Roberto Urangak eta Edurne Amezaga emazteak, eurak bizi izandako musikarekiko maitasuna luzatu zieten seme-alaba guztiei. Uranga Sisters, Voces y Guitarras, Mocedades, Sergio y Estíbaliz, Iñaki Uranga eta gaur eguneko El Consorcio taldeak 70eko hamarkadatik aurrera abestutako kantek kolorea eman diote gure oroimenari.

“NO SOY YO … ERES TÚ, la película en directo!”, ez da inondik inora agur-omenaldi bat ezta nostalgia lantzen duen egitasmoa ere. El Consorcio taldean eta bere ingurune hurbilean dabiltzan protagonistak zinematografia-begirada berezi batez ezagutzeko aukera paregabea dugu oraingoan. Ikuskizunak zuzeneko musika eta zinea elkartzen ditu eskenatoki eta denbora-lerro berean.

56. Bilboko Dokumentalen eta film laburren Nazioarteko Jaialdirako beren beregi egindako “NO SOY YO… ERES TÚ” filmaren bertsio laburtua eta berezia izango da ikuskizun honen oinarria. Oraindik ere munduko errepideetan atzera eta aurrera aritzen diren El Consorcio taldeko kideak pantailaren bi aldeetatik ikusteko eta euren bizitasuna, naturaltasuna, hurbiltasuna, profesionaltasuna, izaera eta umorea benetakoak direla baieztatzeko aukera paregabea da. Taldeak, filmetik salto egingo du eszenatoki gainera agerpen zaindu eta berezian, zuzeneko filma ikusten ari garela ilusioa sortuz.

Ikuskizuna Bilboko Campos Antzokian izango da, azaroaren 20an arratsaldeko 20:00etan, 56. Bilboko Dokumentalen eta film laburren Nazioarteko Jaialdiko Bertoko Begiradak atalaren barruan. Hiru belaunaldietako entzuleek lagun izan dituzten ahotsen inguruko dokumental bakarra eta agian, guk dakigunera arte, pantailatik protagonistak ateratzen dituen bakarra.

Kartelerari, ordutegiei, prezioei eta beherapen bereziei buruzko informazio guztia zinemaldiaren webgunean dago jada: www.zinebi.com

BIDEOA:

http://nosoyyoerestueldocumental.com

https://vimeo.com/nosoyyoerestu