BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK “MATEMATIKAK EGUNEROKO BIZITZAN” ZIKLOAREN XIII. EDIZIOA JASOKO DU OSTEGUNETIK AURRERA, LEHEN MAILAKO IKERLARIEK ETA MATEMATIKARIEK EMANGO DITUZTEN LAU HITZALDIREKIN

Bilboko Udalak, UPV/EHU-k eta Real Sociedad Matemática Española izenekoak antolatu duten programa apirileko ostegun guztietan egingo da Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, arratsaldeko 19:30ean, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte

OSTEGUN honetan emango den lehenengo hitzaldia, “Matemáticas en las imágenes: fotografías, huellas dactilares, escáneres y más”, Javier Duoandikoetxea UPV / EHU-ko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak eskainiko du

Hitzaldiak streamingean ere eskainiko dira: www.kulturguneatb.net

Bidebarrieta Kulturguneak, “Matematikak eguneroko bizitzan” programaren hamahirugarren edizioa jasoko du apirileko OSTEGUN guztietan, matematikak eta euren errealitatea gizarte osora hurbildu nahi duten zenbait topaketaren bitartez, era atsegin baina zehatzean. Programatutako lau hitzaldiak, ibilbide luzea eta zirkulu zientifikoetan ospe handia duten matematikariek emango dituzte.

Saioak Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte –ez da baimenduko aretora sartzerik ekitaldia hasi ondoren–. Aurreko edizioetan egon den ikus-entzule kopuru handia dela eta, hitzaldi guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira www.kulturguneatb.net webgunearen bitartez.

Lehenengo hitzaldia “Matemáticas en las imágenes: fotografías, huellas dactilares, escáneres y más” ostegun honetan, apirilaren 16an, eskainiko du Javier Duoandikoetxeak, doktore Madrilgo Unibertsitate Autonomotik eta UPV/EHUko Analisi Matematiko katedradunak. Hogeita hamar ikerketa artikulu baino gehiago idazteaz gain, dibulgazioarekin, historiarekin eta hezkuntzarekin erlazionatutako hainbat lan ere argitaratu ditu. Joan den urtarriletik La Gaceta de la Real Sociedad Matemática Española izenekoaren zuzendarietako bat da.

Lehenengo hitzaldia matematikek teknologia modernoaren hainbat alderditan duten parte hartzean zentratuko da. Irudi digitalak zenbakiek ematen dituzte, eta horiek gordetzeko, transmititzeko, aldatzeko… metodo matematikoak erabiltzen dira. Sartzerik ez dagoen lekuetan irudiak lortzeko teknikek ere, matematikek oso leku garrantzitsua betetzen duten prozedurak erabiltzen dituzte. Leku horien artean gorputz bizien edo objektuen barrualdeak daude.

Bigarren jardunaldiko, APIRILAREN 14ko, protagonista, Marta Casanellas Universitat Politècnica de Catalunyako irakaslea izango da. Bere ikerketa ildo nagusia aljebrako eta geometriako teknikek filogenetikan duten erabileran zentratzen da. 30 artikulu baino gehiago idatzi ditu, eta 2014tik European Mathematical Society izenekoaren Women batzordeko kide da. Bere hitzaldia, matematikek espezieen eboluzioan bete duten lekuan zentratuko da, eta zehatzago esanez, espezieen eboluzio prozesua berreraikitzeko arazoari ekiteko orduan teknika matematikoen erabilera azalduko du.

Programazioak APIRILAREN 21ean jarraituko du, Alan Turing (London, 1912- Wilmslow, Erresuma Batua, 1954) matematikari eta informatikaren genio britainiarraren bizitzari eta lanari buruzko saioarekin. Konputazioaren munduak eman duen pertsonaiarik nagusietakoa da.

Alan Turing XX. mendeko zientzialari bikainetakoa izan zen, inolako zalantzarik gabe, eta bere lanak gaur eguneko informatikaren oinarriak finkatu zituen. Turing oso pertsonaia erabakigarria izan zen Bigarren Mundu Gerran, baita ere, bere lan kriptografikoak gatazkaren amaiera azkartu baitzuen, Alemanen komunikazioak irakurtzea lortu zuelako, Enigma makinen kodeak apurtzean. Bere bizitza oso zaila izan zen, homosexuala zenez jazarpena eta zigorra jasoan zituelako, eta bizitzaren amaiera oso tragikoa, bere buruaz beste egin baitzuen, pozoituta.

Hitzaldia, Consejo Superior de Investigaciones Científicas izenekoaren Matematika saileko Manuel de Leónek emango du. Hizlariaren ikerketa lana Geometria Diferentzialean eta alor horrek Mekanikan dituen aplikazioetan zentratu da. 200 artikulu baino gehiago eta lau monografia argitaratu ditu. Dibulgazio lan garrantzitsua ere egin du, eta bost liburu eta hainbat artikulu idatzi ditu alor horretan.

Aurtengo edizioa APIRILAREN 28an amaituko da, Ikerbasqueko Urtzi Ayesta ikerlariak eskainiko duen “Sareek eta komunikazioek mundua nola eraldatu duten ikuspegi historiko eta zientifiko bat: telegrafotik Internetera” hitzaldiarekin. Euskaraz eskainiko den azken saio horrek, telegrafo elektrikotik edo telefonotik Internetera edo Facebook edo Twitter bezalako sare sozial ezagunetara izan den garapena posible egin duten lorpen matematikoak aztertuko ditu.

“Matematikak eguneroko bizitzan” programa Bilboko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Real Sociedad Matemática Española izenekoak antolatu dute elkarlanean, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) izenekoaren eta Radio Euskadiren laguntzarekin.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA literaturaren eta gizarte eta zientzia ezagutzaren hedapenerako gunea da Bidebarrietako Liburutegiaren barruan.

AGENDA:

APIRILAK 7. 19:30ean
“Matemáticas en las imágenes: fotografías, huellas dactilares, escáneres y más”
Javier Duoandikoetxea (Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea)

APIRILAK 14. 19:30ean
“Las matemáticas de la evolución de las especies”
Marta Casanellas (Universitat Politècnica de Catalunya)

APIRILAK 21. 19:30ean
“Vida y legado de Alan Turing”
Manuel de León (ICMAT-CSIC, Madrid)

APIRILAK 28. 19:30ean
“Sareek eta komunikazioek mundua nola eraldatu duten ikuspegi historiko eta zientifiko bat: telegrafotik Internetera”
Urtzi Ayesta (Ikerbasque/CNRS-LAAS, Toulousse)

Sarrera librea leku guztiak bete arte. Hitzaldiak streamingez eskainiko dira.